Zuzenean
Gaztelania eta gainerako hizkuntzak inposatzen ari diren mundu honetan, oraindik ere badaude egunero euskararen alde egitea erabakitzen duen jendea. Horietako bat da Kike Amonarriz Gorria, besteak beste Euskal Filologian lizentziatua, Tolosaldea Berreuskalduntzeko Elkartearen kide, Galtzaundi Euskara taldearen sortzaile eta lehendakari izandakoa.
Urrezko Kalabazaren sari banaketa abiapuntu hartuta, Bigarren Kafea irratsaioan izan dugu Amonarriz. Saria jaso zuen eguna «urrezko egun bat» izan zela azpimarratu du Amonarrizek, eta berarentzat «oso deigarria izan zela ikustea: txiste kontalariak, ipuin kontalariak, bakarrizketalariak… ia puntu berdinera heltzen zirela» ere gehitu nahi izan du euskal filologoak.
Noizbehinka euskararen erabilera okerraren ondorioz biral egiten diren kartel, iragarki eta itzulpen okerrak ere landu ditu Kike Amonarrizek. Ia kasu gehienak umore tonu batekin hartzen ditugula azpimarratu nahi izan du, baina oinarrian euskararen erabilera oker nabaria dagoela nabarmendu du, baita «askotan itzulpena azken momentuan egiten den lana» izaten dela. Horrelakoak gertatzen direnean arazoa azaleratzen duela esan digu, baina akats edota itzulpen oker hori merkatari txiki batek egina bada edota ez baldin badu enpresa handiren batek egin «saiatzen dela izena ez ematen, ez esaten nork edo non egin den akats hori, iruditzen zaiolako kasu askotan jendeak borondate hoberenarekin egiten duela, orduan gauzak goxo-goxo esaten» azaldu du.


