Zuzenean

Patriarkatuaren lengoaiak erraz jartzen du “diva” hitzaren inguruan topatu nahi den informazio guztia biltzerako orduan; aldiz, “genia” hitzarekin identifikazio-arazoak ditu oraindik orain. Izan ere, artearen historia genioz betea dugu, hau da, gizonez; emakumeentzako, aldiz, ez da ia tokirik artearen abangoardian. Guk, ordea, argi dugu musikaren historian hainbat genia izan ditugula, eta horiei omenaldia egin nahi izan diegu Ad Libitumeko atal honetan.
Badira kantu onak egiten dituzten artistak, eta jendea entretenitzeko beharrari erantzuten diotenak… eta badira jokoaren arauak aldatzeko ausardia dutenak. Atal honetan ez dugu soilik talentuaz hitz egingo (hori soberan duten arren); baizik eta hausturaz eta izaeraz. Eurengandik espero zenaren aurka egin zuten emakumeez, gizartea deseroso sentiarazi zuten horiez, eta horregatik zigorrak ordaindu behar izan zituztenez. Euren ostean etorritakoei bide malkartsua urratu ziotenen inguruan hitz egingo dugu gaur.
60ko hamarkadatik gaur egunera arte izandako bederatzi genia dakarzkigu gaurko atalean, bakoitzak ertz eta garai ezberdinetatik, inork baimena emateko zai egon gabe, musikari aurrerapauso itzela eman dioten bederatzi izen propio.



