Zuzenean

Hondarribiko Udalak II berdintasun plana onartu du ohiko osoko bilkuran, Abotsanitz eta EH Bilduren babesarekin. EAJk eta PSEk kontra bozkatu dute, batez ere plana osatzeko prozedurarekin desadostasuna agertuz.
Estitxu Urtizberea Hondarribiko alkateordeak NAIZ Irratian azaldu duenez, plan berriak «hastapenetatik» ekingo dio berdintasun politiken garapenari, azken bi hamarkadetan ez baitira modu egituratuan landu. «Oinarrizko egiturak, protokoloak eta baliabideak sortzea da helburu nagusia», nabarmendu du.
Plana lau ardatz nagusitan banatzen da: gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, gizarte antolaketa eta indarkeria matxistaren kontrako neurriak. Urtizberearen arabera, «lehen bi ardatzetan pilatzen dira ekintza gehienak», udal barruko egiturak eta oinarriak sendotzea funtsezkoa delako.
Ekintzen artean, udal jardun osoan genero ikuspegia txertatzea azpimarratu du alkateordeak. «Edozein plan edo ekintzak begirada hori txertatuta eduki behar du», azaldu du.
Bestalde, zaintzaren arloan dagoen desoreka ere jarri du mahai gainean. «Zaintza lanak, oro har, emakumeen gain erortzen dira, eta askotan emakume migratuen gain», adierazi du, sektore horren feminizazioa eta lan baldintza kaskarrak salatuz.
Indarkeria matxistaren aurkako neurriak indartzea ere planaren ardatzetako bat da. «Oraindik ere diskurtso nahasiak entzuten dira eta asko dago egiteko», ohartarazi du.
Planaren balorazioa positiboa dela adierazi du udal gobernuak, izan ere, 2029ra arteko bide orri bat ezartzen du. «Badaukagu norabide bat eta honek politika koherenteak garatzeko aukera emango digu», gaineratu du.
Hala ere, oposizioak kritikatu egin du plana osatzeko prozesua. EAJk eta PSEk salatu dute emakumeen elkarte batzuk baztertuta sentitu direla. Urtizbereak, ordea, kritikak ukatu ditu: «Parte hartze momentu ezberdinak egon dira eta eragileek ekarpenak egiteko aukera izan dute».
Bi urteko lanketaren emaitza da onartutako plana. Diagnostiko fasearekin hasi zen prozesua, eta ondoren ekintza plana osatu da hainbat zirriborro eta ekarpenen bidez.
Alkateordeak gogorarazi du legeak berak ezartzen duela nola egin behar diren berdintasun planak. «Feminismoan eta berdintasunean adituak diren eragileek parte hartu behar dute», amaitu du.


