Zuzenean
«Urte asko izan dira horren inguruan hitz egin gabe eta lan honek, arantza asko zituen gaiari buruz hitz egiteko espazio seguru bat sortu du». Hala adierazi diete sortzaileei dokumentala ikustera hurbildu diren hainbat pertsonek. «Galdera asko zeuden baina erantzunak falta ziren. Dokumentala egiterakoan ikusi dugu kutxa ireki eta min horiek askatzeko guk uste baino behar handiagoa zegoela».
Elkarrizketa ugari egin dituzte eta ate batzuk zabalik eta beste batzuk itxita ere topatu dituztela aitortu dute. «Familietan gai hori isilpean eduki izan da kasu askotan. Orain, dokumentalaren aitzakian gaiaz hitz egiten hasi da jendea eta ikusi dugu bazegoela behar moduko bat, garai hura bizi izan zutenei errua kentzeko».
Testigantza gordinak jasotzen dira dokumentalean eta horrez gain, protagonisten aurpegiek ere asko esaten dute. «Gauza asko ezin dira hitzez esan eta kasu horietan, aurpegien lehen planoek ordezkatzen dituzte hitzak».
Martxoaren 12an estreinatu ondotik, beste hainbat saiotarako aretoa beteta dute Zumarragan eta aurrera begira, dokumentalarekin bidea egitea da sortzaileen asmoa.


