Zuzenean

Eusko Jaurlaritzak abiatutako haur, nerabe eta gazteen behatoki berriak belaunaldi berrien errealitatea hobeto ulertzea du helburu, datuak ezagutzan bihurtu eta politika publikoetan txertatzeko. Lehen txostenaren arabera, gaur egungo nerabeek euren bizitza 7,7ko batez bestekoarekin baloratzen dute eta, oro har, pozik daude euren egoerarekin.
Gazteriaren eta Erronka Demografikorako sailburuorde Xabier Legarretak azaldu duenez, gazteak askotan arazo gisa irudikatzen badira ere, datuek bestelako errealitatea erakusten dute. «Orokorrean ondo daude, belaunaldi kontziente bat, berdinzale bat eta konprometitua dugu», adierazi du.
Balioen arloan, eskubide zibilen aldeko jarrera sendoa erakusten dute nerabeek. Berdintasunezko ezkontzaren eta abortuaren aldeko babesa zabala da, eta klima aldaketarekiko kontzientzia handia dute. Legarretaren hitzetan, «askotan gazteei buruz aurreiritziekin hitz egiten dugu, baina datuek kontrakoa diote».
Hala ere, ikerketak zenbait joera kezkagarri ere azaleratu ditu. Besteak beste, gero eta gutxiago dira gurasoek baino hobeto bizi direla uste duten nerabeak. «Seinale batzuk hor daude, eta gazteak entzun behar ditugu», ohartarazi du sailburuordeak.
Osasun mentalak ere presentzia handia du gazteen kezkatan. «Osasun mentala eta ongizate emozionala beti agertzen dira lehentasunen artean», azaldu du Legarretak. Gainera, neskek oro har presio emozional handiagoa sentitzen dutela nabarmendu du.
Sare sozialen inguruan, nerabeek jarrera kritikoa erakusten dutela azpimarratu du. «Kontzienteak dira sare sozialek bai ikasketetan eta bai osasun mentalean eragina dutela», esan du. Halaber, harremanak azalekoago bihurtzeko arriskua ere identifikatzen dute.
Behatokiaren bidez bildutako informazioa funtsezkoa izango dela azpimarratu du Jaurlaritzak, gazteen beharrei erantzuteko politika publiko eraginkorragoak diseinatzeko. Legarretaren esanetan, «entzutea eta datuak ezagutzan bihurtzea da gakoa, ondoren politika publikoetan aplikatzeko».
Azkenik, etorkizunera begira, joerak aztertzen jarraitzeko asmoa berretsi du, gazteen errealitatea etengabe aldatzen ari baita. «Tendentziak ikustea oso lagungarria da programak egokitzeko eta estrategia berriak diseinatzeko», amaitu du.


