Zuzenean
1995ean sortua, Txernobil Elkarteak helburu argi bat zuen hasiera batetik: Txernobilgo istripu nuklearrari erantzuna eman eta inguru horretan bizi diren haurrei erradiaziotik ihesbide bat ematea, hilabete gutxirako bazen ere. Ordutik, milaka haurrek izan dute elkarteak antolatutako harrera-programetan parte hartzeko aukera.
Harrera-programa horiek dira elkartearen proiektu nagusia, bai udako programa (bi hilabete) baita Gabonetakoa (hilabete bat) ere. Helburua haurrek kutsatutako eremutik urrun ahalik eta denbora gehien igarotzea da. Ion Larrañaga, elkarteko kideak azaldu duenez, nahiago dute harrera programak udan egitea, bere esanetan, erradiazioaren eragina handiago baita udan tenperatura altuengatik.
Larrañagak nabarmendu du, gaur egun kutsadura nuklearrari beste arazo bat gehitzen zaiola: Errusia eta Ukrainiaren arteko gatazka armatua. «Azken aldian umeak gurera iristean, nabaritzen dugu geroz eta urduriago datozela. Kontuan izan behar da zonalde batzuetan gatazka eremuetatik oso gertu bizi direla, eta gauero droneak eta bonbardaketak entzuten dituztela».
Neguko harrera-programak azken urteetan garrantzi handiago hartu duela azaldu du ere Larrañagak, bere hitzetan, Errusiaren erasoek askotan energia eta elektrizitate azpiegiturak dituztelako helburu, eta horrek munduko zati horretako neguak direnak baina are gogorragoak egiten dituelako.
Elkarteari eta haurrei laguntzeko modu nagusia harrera-familia bezala parte hartzea da, baina elkarteko kideak azaldu duenez badira laguntzeko beste modu batzuk ere. «Interesa duen oro elkarteko bazkide egin daiteke, emandako diruarekin haurrak ona iristea ahalbidetu dezakegu, harrera-familiei karga ekonomikoarekin lagunduz». Bestalde, diruaren zati bat Ukrainiara bertara bidaltzen dutela azaldu du, umeek egonaldia amaitzean beharrezko baliabideak izaten jarraitzeko beren etxeetan.


