Zuzenean

19. Korrika Berlinen
19. Korrika Berlinen (euskalkultura.eus)
Bigarren Kafea

Korrika Euskal Herritik kanpo

Aurten bost kontinenteetan banatuta, Korrikaren bueltako 50 ekimen pasatxo egingo dira mundu osoan barrena. Saharan, Ipar Amerika, Ertamerika eta Hego Amerika, Europako puntu asko, Mumbain, Seulen, Tokion, Melbournen eta Sydneyn eta Zeelanda Berriko Wanakan eta Mastertonen, besteren artean. 

Korrika Euskal Herritik kanpo

Loading player...

Datorren ostegunean garai honetan urduritasuna, ilusioa, zirrara eta iritsi ezina izango dira nagusi Atarratzen. Martxoaren 19an arratsaldeko 15:30ean abiatuko da Korrikaren 24. ekitaldia. AEKak antolatzen duen euskararen aldeko lasterketak Zuberoan izango du hasiera eta 10 egunez eta 9 gauez etenik gabe ibiliko da eskuz esku lekukoa, 2175 kilometro osatu, 3436 lekuko hartze gauzatu eta martxoaren 29an, igandez, Bilbora iritsi eta lekuko horrek barruan daraman mezua lau haizeetara zabaldu arte.

Egun horietan guztietan, gure eguneroko zereginak egiten ari garenean edo gauean lo gaudenean, Euskal Herriko txokoren batean zoro zoragarri batzuk korrika ariko dira euskararen alde. Hori ere islatzen baitu Korrikak. Euskararen aldeko jarrera aktiboak etenik gabea izan behar du eta AEKko arduradunei zenbaitetan entzun izan diegun moduan, Korrikak irauten duen 10 eguneko epeaz haratago, egunero mantendu behar da jarrera hori.

Aurtengo ekitaldia nondik nora ibiliko den? Lehen orduetan Zuberoa eta Behe Nafarroa igaroko ditu Mauletik eta Donibane Garazitik igaroz eta Arnegitik barrena Nafarroa Garaira igaroko da martxoaren 20ko goizaldean. Erriberan barrena ibili ostean, Iruñera martxoaren 22an eguerdia aurretik iritsiko da. Lizarra eta Viana pasata, martxoaren 23ko goizaldean Araban sartuko da Oiondik barrena eta lurraldearen ekialdetik bidea eginez, Ziordiatik barrena berriz ere Nafarroa Garaian sartuko da Sakanan zehar, Irurtzun eta Lekunberri zeharkatuz, Araitz Betelu bailaratik Tolosaldera iristeko.

Martxoaren 23tik 24rako gaua Gipuzkoan eman ostean, Irundik Nafarroara egingo du berriz ere. Bortzirietan eta Baztanen ibili ostean, Zugarramurditik Lapurdira igaroko da eta martxoaren 24an, asteartez, Baionara iritsiko da gaueko 21:30ak pasatxoan. Bertatik, kostari itsatsita Donostia aldera egingo dute, hilaren 25ean goizeko 9:00ak aldera iristeko. Kostaldetik jarraituz Bizkaira lehen aldiz sartuko da Korrikak eta herrialdea kanpoaldetik igaroz, Bizkaia hego mendebaldetik Arabara sartu eta Gasteiza iritsiko da martxoaren 27an, ostirala, gaueko 23:00etan. 

Behin Arabako hiriburua atzean utzita, azken txanpa izango du aurretik. Leintz Gatzagatik barrena Gipuzkoan sartuko da berriz ere eta Debagoiena, Urola Garaia, Goierri eta Tolosaldeko zati bat igarota, Azpeiti aldera egingo du, Elgoibar aldetik Bizkaira sartu eta azken kilometroak lurralde horretan egiteko. Hilaren 29an, igandez, goizeko 7:22an Bilbora iritsi eta hamar egunez eskuz esku ibili den lekukoaren barruan dagoen mezuaren edukia ezagutuko dugu, eguerdiko 12:00ak buelta horretan Areatzan.

Hori Euskal Herrian bizi ahal izango dena. Baina hemendik kanpo zer? Gauza jakina da mundu osoan daudela euskaldunak. Hemendik kanpora joandakoak eta baita toki ezberdinetan euskaraz ikasi duen jendea ere. Korrikaren zuzeneko streaminga ikusita konformatu behar izaten dute? Ez horixe, 'Korrika Munduan' antolatzen dute. Euskal Herritik kanpo antolatzen diren Korrika herrikoiak dira, bertako euskal etxeek, euskara ikasleek, irakasleek eta laguntzaileek sustatuak. Formatu txikiagoan izan arren, esanahi handiko ekimenak dira: euskararen aldeko mezua mundura zabaltzen dute, eta diasporako euskaldunak saretu.

Herrialde bakoitzean bere modura antolatzen da: ibilbide sinbolikoak, lekukoa eskuz esku eramatea, ekitaldi kulturalak, musika, mintzaldiak eta topaketak… Baina guztiek partekatzen dute oinarri bera: euskara erdigunean jartzea.

Munduan zehar milaka pertsona ari dira euskara ikasten eta erabiltzen. Korrika Munduan ekimenek indartu egiten dute komunitate hori, ikusgarritasuna emanez eta elkartzeko aitzakia paregabea eskainiz. Askotan, Korrika Munduan urteko hitzordu garrantzitsuena bihurtzen da bertako euskaltzaleentzat.

Gainera, ekimen hauek zubi lana egiten dute: Euskal Herria eta munduko euskal komunitateak lotzen dituzte, sentimendu partekatua elikatuz. Lekukoa eramateak sinbolikoki adierazten du hori: hizkuntza bat herriz herri ez ezik, herrialdez herrialde ere pasatzen dela.

Azaltzen ari garen hori guztia zenbakitan jartze aldera, aurten bost kontinenteetan banatuta, Korrikaren bueltako 50 ekimen pasatxo egingo dira mundu osoan barrena. Saharan, Ipar Amerika, Ertamerika eta Hego Amerika, Europako puntu asko, Mumbain, Seulen, Tokion, Australiako Melbournen eta Sydneyn eta Zeelanda Berriko Wanakan eta Mastertonen, besteren artean. 

Modu eta formatu ezberdinetan egiten da Korrika Euskal Herritik kanpo eta Bigarren Kafean Berlin eta Bartzelonakoak ezagutzeko aukera izan dugu.

 

Jaurlaritza Logoa