Zuzenean
4.073 egun pasa dira Izarok hau idatzi zuenetik: «Dirdira berezi batekin jaikitzen naiz goizero 'Paradise' hezur-haragizko bihurtu zenetik. Pentsatu dut hemen argitaratzea nire kantuen letraK. Pluralean diot espero dudalako gehiago hezur-haragiztatzea. Ez dut beste ezer desio»
Espero zuen, eta esperotakoa bete. Hipotetikoki hitz egiten zuen letretaz, pluralean, eta egi bihurtu ziren. 10 abesti 'OM' diskoan, 10 'Eason'-en, 11 'Limones en Invierno' lanean, 16 'Limones de Oro'-n, 12 'cerodenero'-n… eta gehiago 'Hankapuntetan', 'Perlak', 'Izaro Gabonetan' eta kolaborazioak kontuan hartzen baditugu…
«Erreinu bat daukat eraikita» abesten zuen 'X eta Besteak' kantan, eta erreinu horren eraikuntzaz hitz egin nahi digu orain. Emaitzekin obsesionatuta dagoen gizarte batean, prozesua bera delako garrantzitsuena. Eta prozesua izango da, Irunen emango duen kontzertuko protagonista. «Eraikuntza denean hain oinarrizkoa, ernamuinekoa, garrantzitsua iruditzen zait eraikuntza hori komunitatean egitea» esan digu abeslariak.
Kontzertu bat baino askoz gehiago izango da Ficobakoa. «Sentitzen dut oso gertuki eraiki dugula dena publikoak eta guk, eta hori materializatu nahi nuen». Arkitektura tailerra, arte tailerra eta joskintza tailerra antolatu dituzte kontzertuaren aurreko orduetarako, «elkarren artean eraiki dezakegun biran eramango dudana». Hori bai, ez da beharrezkoa izango tailerretan parte hartzea kontzertuaz gozatu ahal izateko, norberak erabaki dezala ikastaroetan parte hartu nahi duen ala ez.
Kontzertuaren aurretik iritsiko da 'Arkitektura' diskoa, abenduan. «'OM' duela hamar urte jaio zen eta berarekin Izaro kantugilea, eta orain beste jaiotza batekin nabil; 'OM'-ekin lotura handia dauka disko berriak, eta ez gara konturatu orain arte» aitortu digu.


