Zuzenean

Peli Lekuona - Oinatz Aizpuru
Elkarrizketa
Uma Ulazia
Euskal Herriko Mugimendu Feministako kidea

«Ideia erreakzionarioen aurrean kaleak hartuko ditugu»

Martxoaren 8an mobilizazioak deitu ditu Euskal Herriko Mugimendu Feministak Euskal Herri osoan. Diskurtso politikoa momentuko egoerara ekarriko dute, Uma Ulaziak aurreratu duenez: inperialismoa, eskuin muturra, prekarizazioa eta indarkeria matxista.

«Ideia erreakzionarioen aurrean kaleak hartuko ditugu»

Loading player...
Uma Ulazia, Euskal Herriko Mugimendu Feminstako kidea
Uma Ulazia, Euskal Herriko Mugimendu Feminstako kidea (NAIZ Irratia)

Martxoaren 8an zein aldarri aterako du kalera Euskal Herriko Mugimendu Feminista?

Testuinguru konkretura lur hartuko du diskurtsoak. Testuinguru inperialistan gaude, eskuin muturraren gorakadarekin eta oldarraldi betean. Gorputzen eta lurraldeen gaineko kontrola areagotzen ari da. Hizpide izango ditugu inperialismoa, eskuin muturra, prekarizazioa... eta indarkeria matxista. Martxoaren 8an kaleak hartzeko deia egin dugu, eta oro har martxoan dauden gainontzeko greba eta nazioarteko egunetan.

Martxoaren 17ko grebarekin ere bat egin duzue.

Feminismotik ere ekingo diogu greba orokorrari. Greba femnista orokorretik gatozen honetan, aldarri eta antolaketa moduak landu ditugu. Gainera, gutxieneko soldataren azpitik dauden gehienak lan feminizatu eta prekarizatuak dira. Pikete feministak egingo ditugu eta gure aletxoa jarri. 

Borroka ezberdinak piztu dituzue azken urteetan. Nolako talkak jaso dituzue bueltan?

Talkak geroz eta handiagoak dira. Testuinguru globala eta lokala geroz eta bortitzagoa da. Prekaritatea areagotzen ari da, eskuin muturra goraka doa.... alderdietatik haratago ideia erreakzionarioak areagoten ari dira kalean. Feminismoaren kontrako erreakzio bat ere badugu. Talka horien aurrean kaleak hartuko ditugu martxoaren 8an.

Talka hori bera sistema heteropatriarkala da. Gizonei ardurak hartzeko deia egin diezue.

Eskuin muturraren gorakadak errelato jakin bat zabaltzen du eta feminismoa eta mugimendu eraldatzaileak fokuan jartzen ditu. Kosmobisio horretan feminismoaren kontrako mezua dago eta erabiltzen ari dira gizon zuriekin diskurtso antifeministak zabaltzeko. Bestetik, feminismoaren boteretzean euren pribilegioak kolokan ikusita erreakzio bat ari da ematen eta nahasi egin dira biak. Testuinguru honetan zein aldetan egon behar duten erabaki behar dute: ideia feministen eroale eta indarkeria matxista geldiarazteko agente, edota erreakzionarioaren alboan egon.

Zein dinamika lantzen dituzue horri aurre egiteko?

Seinalatu egiten ditugu pribilegio egoerak eta horretan mantendu nahi dutenak. Ez da gure ardura etengabe zer egin behar duen esatea bakoitzak. Bai, ordea, kolokan jartzearen ondorioz gotortze horiek mugimendua sor lezakete. Aldaketak leku askotik datoz eta ardurak bakoitzak hartu behar du. Eraldaketaren ardura ez soilik mugimendu feministarena.

Zaintza grebaren ondoren erakundeen partetik zein erantzun jaso duzue?

Entzungor egin zuten Hego Euskal Herriko bi Gobernu nagusiek. Lehenengo greba feminista egin ondoren auzi soziala pil-pilean dago eta ez da erakundeen erantzunik izan. Interpelazioekin jarraituko dugu egoera hau betikotzen duten patronal, erakunde eta gizonezkoekin. Hurrengo inflexio puntuak antolatzen jarraituko dugu. 

Feminista zuriak ere interpelatu dira. Gatazka al dago feminismoaren izenpean zabaltzen diren diskurtsoekin?

Gertatzen ari dena da emakumeen babesle gisa ikusi ditugula eta eskuin muturraren diskurtsoetatik datozela sektore batzuk. Salatzen dugu sostengatzen dutelako errelato patriarlakal eta salbatzaileak behar ditugula. Soilik emakumeen babesa axola zaiela dirudi bestelako zapalkuntzak betikotzeko balio dietenean, kasu honetan arrazakeria. Modu argian diskurtso hauen kontra aritzea dagokigu. 

Mugimendu feministak ere gaitzetsi du EHMF izena erabiltzea beste koordinazio espazio bat sortzeko. Zer gertatu da?

Hasteko, badago diskurtso interesatua gertatu denarekin. Mugimendu feminista zatituta dagoela diote hedabide batzuek, eta ez da hala. Oso anitza da mugimendua eta kontsentsuak ditugu, eztabaida eta jardunaldietan lortu dira. Marra gorriak jarri dira, trans pertsonak subjektu direla mugimendu feministaren barruan eta sexu lana, lana dela. Puten kasuan lan prekarizatu eta feminizatuetan bezala euren eskubideak aldarrikatuko ditugu. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren izena argi eta tentuz erabili behar da. 

Jaurlaritza Logoa