Zuzenean

Astearte honetako goizeko 11:30etan EHNE Nafarroak ezti dastaketa bat antolatu du Iruñeako Gaztelu Plazan. Jardunaldiaren helburuetako bat kontsumitzaileei eztiaren kalitatea ezagutzeko tresnak eta informazioa ematea izan da. Felipe Etxetxikia Nafarroako EHNE-ko koordinatzailea NAIZ Irratian izan dugu honen berri gehiago jakiteko.
Etxetxikiak nabarmendu du Nafarroan badagoela tokiko ekoizleek eginiko eztia kontsumitzeko kultura sendo bat, baina azaldu duenez, bertako ekoizleek eskariaren «ia erdia» bete dezakete, eta askotan kontsumitzaileek beste marka batzuetara jotzen dute. Eztabaidaren erdigunean jarri du Etxetxikiak ezti marka askok duten kalitatea.
Kalitatearen berri jakiteko estrategia ona prezioari erreparatzea dela azaldu du, «ezti merke batek atzean zerbait dagoela esan nahi du». Bestetik produktua ikusita bakarrik kalitatea antzemateko aukera dagoela azaldu du, «erabat urtuta badago ezti bat, sospetxatzekoa da. Azkenean, eztiaren kristalizazio edo solidifikazio hori prozesu naturala da, eta hori ez bada horrela esan nahi du ezti horrek tratamendu bat izan duela». Askotan enbasadora handiek eztia siropearekin nahasten dutela salatu du.
Etxetxikiak egun Nafarroako ezti ekoizleen egoera ona dela esan du, nahi eta baikorrak izateko faktore asko kontuan hartu behar diren. «Nafarroan 20 eta 23 pertsona artean bizi dira eztia egitetik. Gurean bertoko ekoizpenarekin ez dugu eskaintza osoa betetzen, baina Espainia hegoaldean enpresa handiek erabilitako estrategiek kalteak eragiten dituzte salmentetan».
Nafarroako EHNE-ko koordinatzaileak tokiko eztiaren kontsumoaren aldeko aldarria egin du, baina ez bakarri eztiarena, baizik eta aukera ematen duten produktu ororena. Gertuko produktuak kontsumitzeak lekuko ehuna sendotzen baitu Etxetxikiaren esanetan, bertako ekonomiarentzako sostengu handi bat izateaz gain.


