Zuzenean
«Memoria zentroa eraikitzeko ez da aurrerapenik izan ez edukietan eta ez eraikinean»
Martxoaren 3aren bueltan hitz politak bai, baina hurrengo egunean erabat lausotzen dela aldarrikatutako memoria gunearen sorrera ohartarazi du Julen Diaz de Argote Memoria Garako ordezkariak.
«Memoria zentroa eraikitzeko ez da aurrerapenik izan ez edukietan eta ez eraikinean»

Historiala eta Memoria Gara elkarteko kidea da Julen Diaz de Argote. Ohartarazi duenez, 50 urtemuga honetan «ez da aurrerapausorik eman» sarraskia izan zen San Frantzisko Asiskoaren eliza Martxoaren 3ko memoria gune bilakatzeko. Are gehiago, salatu du momentu honetan «igerileku publiko bat izatetik gertuago dagoela, memoria leku integrala bilakatu baino». Naiz Irratiak saio berezia egin du Zaramagatik.
Elkartetik aspaldi eman zizkien oinarriak memoria zentrua eta proiektu museografikoa osatzeko. Beste aldeak, ordea, ez dutela urratsik eman salatu du Diaz de Argotek. Objetu eta testigantza ezberdinak bildu dituzte azken hilabeteotan, 200 elkarrizketa baino gehiago. Garai horretako Gasteizko langile klasearen bizimodua erakusten duten objetuak dituzte, batetik (zenbat kobratzen zuten, emakumeen nominen prekaritatea...); eta bestetik, sarraskiarekin lotutako objetuak: ke poteak... Memoria zentroan errelatoa eraikitzeko objetu eta testigantzak dituzte, iadanik..
Fundazio bat dago martxan memoriala sortzeko. «Espero dugu benetan gehiago behar ez itxarotea, behin martxoaren 3aren ostean berriz ere erakundeen promesak ezerezean geratu eta erabat geldotzen baita prozesu osoa», ohartarazi du.


