Zuzenean
«Zinez erakutsi nahi izan dugu edozein pertsona izaiten ahal zela zerrendakide»
Astelehen honetan hasi da Ipar Euskal Herrian udal hauteskundeetarako kanpaina, eta Baiona Mugimenduan zerrenda abertzalearen auzapezgaia elkarrizketatu du NAIZ Irratiak. Etxebizitza krisiari aurre egiteko egoitza sozialaren proportzioa azkarki emendatzeko konpromisoa agertu du, bertzeren artean.
«Zinez erakutsi nahi izan dugu edozein pertsona izaiten ahal zela zerrendakide»

Baiona Mugimenduan zerrenda abertzalearen auzapezgaia da Jean-Claude Iriart (EH Bai). Ezkerraren batasuna, 200 kideko elkarte bat osatzeko prozesua, horrekin demokraziari eman nahi izan dioten hatsa, etxebizitza eta garraioa, lurraldearen desoreka konpondu beharra, besta eredua eta haurtzaroari begira hartu duten konpromisoa izan ditu hizpide NAIZ Irratiarekin elkarrizketan.
Konplexua izan da Baiona Mugimenduan zerrenda eratzea?
Ez genezake hori erran. Desmartxa luze baten emaitza da gehiago. Jakinez azken hauteskundeetan, 2020an, ezkerra zatiturik aurkitu zela, hortik eraman dugu lan bat ezkerreko ezberdinen artean, eta emeki-emeki lortu dugu ikuspegi berdintsua erraiteko behar ginuela eginahala egin lehen itzulitik zerrenda bakar bat aurkezteko. Lan luzea izan da, bai, zenta beti sinpleago da bakotxa bere banderarekin abiatzea, eta sentsibilitate desberdinen artean loturak eraiki behar direlarik denbora gehiago hartzen du, baina ez nezake erran hori nekez egin dugula. Aski erraz egin dugu behar den denbora hartuz.
Akaso helburu horretan egon den arazoa edo behintzat gerturatu ezin izan duzuena Baiona Mugimenduan izan da Henri Etcheto. Berak ere zerrenda aurkeztu du, Sinpleki Baiona izenekoa. Banaketa honek kezka eragiten dizu?
Bai, bistan dena, zenta kontatu dizudan desmartxa hori aspalditik eraman dugu, aurkeztua izan da ezkerreko sentsibilitate guziei. Batzuek nahiago izan dute aparte egon eta beste zerrenda bat egin. Lehen itzulian ez gara bakarrik izanen ezkerrean, baina iduritzen zaigu hautesleek hori untsa ulertu dutela, guk indar hori egin ginuela eta espero dugu hori gero haien bozetan ere sentiaraziko dutela.
Jean Rene Etchegaray auzapezaren zerrendak ere badauzka kide ezberdinak, bere ideologiaz harago dauden pertsonak. Esan du ez duela etiketarik. Ematen du ezberdinen arteko batasuna sarituko dutela baionarrek botoa emateko unean...
Etchegarayren hitzak ez dut uste behar direla ontzat hartu, zenta indar egiten du bere dimentsio politikaren ezabatzeko, gordetzeko, baina bere zerrenda eskuin-zentro eta eskuinaren arteko lotura bat, nahiz eta gero pertsonalki beste jende batzu lotzen diren sentsibilitate horiei. Etchegaray Renaissance alderdiaren kidea da eta alderdi hori Macron presidentearena da.
Bestalde, balioan jarri duzue 200 kideren atxikimendua lortu duzuela. Nolakoa izan da prozesua?
Elkarte gisa antolatu gira. Hastapeneko eztabaidak eramanak izan dira alderdi ezberdinen artean, baina ondotik nahi izan dugu hori herritar gisa aurkeztu. Elkarte bat antolatu dugu, non batzuk eta besteak kidetu diren indibidualki, beren izenean. Hor lortu dugu elkarte bat non 215 kide gauden. Elkarte horrek du kanpaina guzia eraman.
Deigarria izan den elementuetako bat da kide batzuk zerrendan zozketa bidez hautatu direla.
Bai, zenta nahi izan dugu, nahiz eta baginuen ainitz boluntario zerrendan parte hartzeko, keinu bat egin herritarrei, baionarrei, hiru leku atxikiz zozketan. Zozketa hori antolatu dugu azkeneko hauteskundeetan abstentzio gehien izan ziren bulegoetan eta lau lekutan egin dugu zozketa. Gure desmartxa proposatu diegu. Bada mesfidantza ekintza publikoaren eta herritarren artean. Erran nezake populismoak ere hortik hazten direla. Nahi izan dugu zinez erakutsi edozein pertsona izaiten ahal zela zerrendakide, denei irekia zela. Hiru leku atxiki genituen eta kontent gira zenta azkenean bi atzeman ditugu zinez. Bi emazte gazte dira eta horiek sekulan ez zuten pentsatuko zerrenda batean parte hartzea ez baginen haiengana hurbildu.
Beraiengana joaterakoan zer erantzun zuten?
Harrera biziki ona izan da. Ainitz jende ikusi behar izan dugu konbentzitzeko. Ez da berez joaiten den desmartxa bat. Baina oro har jendeek berehala ulertzen zuten zer egin nahi ginuen eta hori biziki aberasgarria izan da. Interes ainitz piztu du, nahiz eta gero gehienek azken mementuan ez zuten gehiago nahi, beldur zirelako edo ez zutelako denbora izanen. Baina kontent gira bik onartu baitute eta horrek erran nahi du desmartxa hori egingarria dela eta emaiten diola demokraziari hats hartze berri bat ere.
«Barnealdean ekonomia politiketan aktibitatea aberastu behar da jendeak bizi diren lekuetan eta hor izanen dute aukera gutiago kostaldera joan behar izaiteko»
Baieztatuko zenuke Baionako bizilagunek une honetan duten kezka nagusia etxebizitza dela?
Bai, biztanleek hori erraiten digute atez atekoa egin dugularik kanpainan. Etxebizitza eta mugikortasuna, garraioak, ateratzen dira erronka gisa. Etxebizitzaren kasuan desberdintasun handia dugu Etchegarayren zerrendarekin, zenta Etchegarayk azken hamabi urteetan nahi izan du egoitza soziala duen proportzioan atxiki, nahiz eta krisia gorria den etxebizitzari buruz eta kasik badira 4.000 jende Baionan galdegiten dutenak egoitza sozial bat. Kasik behar dute bi urte baino gehiago igurikatu leku baten izaiteko eta hori ez da jasangarria guretzat. Argiki erraiten dugu egoitza sozialaren proportzioa azkarki emendatu behar dela, ez baita beste molderik krisian den egoera honetan zerbait egiteko.
Hori nola lortuko duzue, etxebizitza berriak eraikiz?
Badugu tresna bat, PLU deitzen da, nola antolatzen duzun hiriaren eremua. Horren bitartez, herriko etxe batek sektoreka finkatzen ahal du promotore batek etxebizitza bat egin nahi badu hainbat egoitza sozial beharko duela errespetatu. Orain dugun hirigintzako tresna horretan libre da. Horrek erran nahi du promozio librean eraikitzen direla gauzak, merkatuko prezioetan, eta guk argiki ezarriko dugu hirigintzako tresna horretan promotore batek behar baditu hiru etxebizitza eraiki bederen batek egoitza soziala izan beharko duela. Hori da bertze ainitz herrietan gertatzen dena. Ez dugu deus asmatzen. Legeak emaiten duen tresna bat da eta oraingo gehiengoak aplikatzen ez duena.
«Autoak hartzen du biziki leku inportantea jendearen ibilmoldeetan. Autoari uzten diogun lekua ttipitu behar dugu»
Baiona Ipar Euskal Herriko hiririk handiena da, askorentzat lan-lekua. Arazo bat da bertako karriketan aparkalekua bilatzea?
Bi problematika mota daude. Alde batetik, Iparraldeko antolakuntza orokorra ez da ongi orekatua. Horrek erran nahi du enplegu eta etxebizitza gehienak kostaldean kokatzen direla. Argiki iruditzen zaigu hori behar dugula orekatu. Barnealdean ekonomia politiketan aktibitatea aberastu behar da jendeak bizi diren lekuetan eta hor izanen dute aukera gutiago kostaldera joan behar izaiteko. Bestalde, kostaldean, Baionan berean, autoak hartzen du biziki leku inportantea jendearen ibilmoldeetan, beste ainitz lekuetan baino gehiago. Hor ez da aterabiderik. Autoari uzten diogun lekua ttipitu behar dugu. Oinez, bizikletaz edo garraio publikoz ibiltzeko aukerak gehiago azkartu behar dira, eta bereziki auzoen arteko garraio publikoetan.
Baduzue besta eredurako proposamenik?
Masifikazioa hor dugu eta argiki zerbait egin behar dugu horren kontra. Gauzak antolatzeko moduan oraingo sisteman Herriko Etxeak bakarrik erabakitzen du. Bada komisio bat non gauza batzuk partekatzen diren herriko aktoreekilan, baina oro har Herriko Etxeak bakarrik erabakitzen du dena. Guri iruditzen zaigu besta eredua berriz osoki gogoetatu behar dugula, elkarlanean aktoreekilan, biztanleekilan, ostatuekilan, komertzioekilan eta peñekilan behar dugu eredu bat eraiki bospasei urteri buruz. Hori finkatuta galdera guziak onartzen ditugu. Behar badira bestako egunak aldatu lehenesten dugun modeloa eraikitzeko, alda ditzagun egunak. Behar badira bestak laburtu gauzak jasangarriak izan daitezen, laburtu ditzagun.
«Herriko etxe batek baditu eskumenak, eskolak, zentroak eta abar, haurrak ukitzen dituztenak. Horiek zinez behar ditugu baliatu haurrari egiazko kasua emaiten dion hiri bat eraikitzeko»
Parke natural bat sortu nahi duzue hiriaren barnean.
Bai. Lehen etxebizitza aipatu dugu eta hauek jadanik hirian finkatuak diren lekuetan eraiki behar dira. Urbanizatuak diren lekuetan. Hor badute auzo batean programa bat. Leku natural bat da non eraiki nahi dituzten 300 etxebizitza, eta hori ez dugu ontzat hartzen. Leku naturalak diren bezala kontserbatu behar dira, zenta auzoetan biztanleek ere behar dituzte airea hartzeko eta haurrekilan egoteko leku goxoak. Natura dugun leku guzietan natura atxiki dezagun.
Haurtzaroari dagokio bertze proposamen bat. Honi buruz ez da asko hitz egiten hauteskunde kanpainetan.
Ez. Eta hor bada paradoxa bat, zenta herriko etxe batek baditu eskumenak, eskolak, zentroak eta abar, haurrak ukitzen dituztenak. Horiek zinez behar ditugu baliatu haurrari egiazko kasua emaiten dion hiri bat eraikitzeko. Hari bat izan behar da mandatu guzian segitzen duguna, haurrak eta haurtzaroa beti lehentasun atxikiz.



