Zuzenean

Euskoak Ipar Euskal Herrian egindako ibilbidean oinarrituta, tokiko moneta osagarri bat sortzeko urratsak egiten ari da Gure Moneta ekimena. Tokiko txanponaren baliokide izatea da helburua, baina lehenik eta behin, herritarren artean pedagogia egin eta antolaketa sustatu behar dutela azaldu du Gure Moneta proiektuko koordinatzaile Luis Intxauspek, «behar dugu masa kritikoa sortu moneta bera martxan jarri ahal izateko». Eragile ekonomiko eta sozialek osatutako lan taldeak eratuta, «gure aurreikuspena da», Intxauspek aurreratu duenez, «udazkenean nahikoa masa kritiko bagenu, moneta bi eskualde hauetan martxan jartzea».
Egitasmoa gizarteratzeko behar horretan, otsailaren 25ean aurkeztu zuten proiektua Errenterian, hain zuzen ere, Oarsoaldea delako, Baztanekin batera, Gure Moneta garatzeko aukeratutako eskualdeetako bat. Bi hauek aukeratzea, «ez dela kasualitatea» zehaztu du proiektuko koordinatzaileak, beraien ezaugarri sozioekonomikoengatik aukeratu baitituzte, Euskal Herrian egon daitezkeen hartzaileen irudi osoago bat edukitzeko. «Baztan bada landa eremu bat, herri txikiz osatutakoa. Populazioa eta bertan bizi diren herritarrak sakabanatuak daude. Jarduera ekonomikoa oso lotuta dago lurrarekin», azaldu du Intxauspek, «Oarsoaldeak aldiz, kontrakoa esango genuke. Bada eskualde bat jende asko bizi dena, dentsitate handia duena, ekonomia jarduera zabala; merkataritza sektorea, zerbitzuak, industria handia eta txikia, portu bat dago... aniztasun ekonomikoa izugarria da», gaineratu du.
Hortaz euren helburua da, bi eskualde hauek suposatzen duten laginetik hazten hasi, «tokian tokiko egoeretara egokitu» eta «ikasitakoarekin Hego Euskal Herriko edozein lurraldetara» zabaltzea, Intxauspek dionez. Frantziar eta espainiar estatuen legedi eta administrazio propioek zailago egiten badute ere, epe luzera begira bete nahiko luketen xedea zein den argitu du Gure Moneta proiektuko koordinatzaile Luis Intxauspek, «Euskal Herri osorako moneta bakarra sortzea».


