Zuzenean

Mugimendu handia izaten da Hernanin sagardo denboraldian. Horrek oreka ezberdinak bilatzea bultzatzen ditu bai herritarrak eta bai udala bera ere. Xabier Lertxundi Asteasuinzarra alkatearen aburuz sagardo denboraldia herriarentzat dakarren inpaktu ekonomikoa «garrantzitsua da». Aitzitik, «hori babestu eta elkarbizitzarekin orekan jarri behar da». Hala, lanketa ezberdinak ari dira egiten erantzun integrala emateko asmotan.
Hernani eta inguruko herrientzat kultur eta izaeraren parte da sagardoarena. Alabaina, larunbatetan milaka lagun elkartzen dira Hernani erdialdeko ostatuetan. Horren aurrean neurri ezberdinak hartu ditu udalak. Esaterako, autobus erreserbatuaren zerbitzua jarri da eta 60ko autobuseko aparkaleku muga dago industriagunean. Neurri hau «ongi» baloratu dutela herritarrek zein autobus gidariek adierazi du Lertxundik. Aitzitik, pixa kalean eginez gero, 200 euroko isuna azkar ordainduta 100 eurotara igo dute.
Sagardoaren kultura erdigunean
Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearekin elkarlana bultzatu eta sagardo berriaren dastaketa erdigunean eta balorean jartzen saiatzen ari dira. Olatz Mitxelena bertako ordezkariaren esanetan, «jende pilaketek hartu dute protagonismoa azken urteotan», eta eurek «txotxa sortu zen motibora itzultzea nahi dute, sagardo berriaren dastaketari protagonismoa eman».
Sagardotegira doazenak, «ekoizle baten etxera doa herritarra». Orain, talde handiek geroz eta gehiago dastatze gida eskatzen dute, probaketa. «Identitatearen berreskuratzeari eman behar zaio garrantzia», Mitxelenak nabarmendu duenez. «Bisitariak ikusi behar du ez doala fabrika batera eta jokabidea modu horretakoa izan behar du», azpimarratu du.
Hernanin horretarako sagardoaren mahaia dute. Eragile ezberdinak daude bertan, ostalari, herritar, sagardogile edota udala. Adostasunez markatu dituzte helburuak, «lanketa oso baten barruan sagardoaren kultura eredu bat sortu nahi dugu», gehitu du Lertxundik.
Espazio publikoaren antolaketa eta kudeaketa jasangarria
Horrenbeste bisitari izateak bertakoak desplazaturik sentitzea ekar lezake. Horretarako, lanketa ezberdinekin herritarrak erdigunean jarri eta kanpotik datozenak horri gehitzea da gakoetako bat; eta ez, alderantziz.
Esaterako, 2018az geldirik zeuden Gazte Olinpiadak berreskuratu dituzte. Horrek bertakoentzat aukera eta espazioa bera berrartzea dakar.


