Zuzenean

Iraia Cambra | Iker Gurrutxaga

Galbahe, iragazki baten beharra: memoria, zaintza eta ametsen aldeko diskoa

Gotzon Barandiaranek 'Galbahe' proiektuaren baitan kaleratu du disko berria, ‘Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko’ izenekoa. Poema liburutik abiatuta sortu diren kantuak dira, memoria historikoa, zaintza, feminismoa eta herri baten etorkizun politikoa ardatz dituztenak.

Galbahe, iragazki baten beharra: memoria, zaintza eta ametsen aldeko diskoa

Loading player...
Galbahe, ‘Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko’ lanaren azala.
Galbahe, ‘Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko’ lanaren azala. (Galbahe)

‘Galbahe’ ez da soilik disko bat. 2020an Susa-rekin argitaratutako poema liburutik dator proiektua, eta errezitaldi eta audio-liburu formatuan ere garatu izan da. Hasieran ez zegoen diskoa grabatzeko asmorik; zuzeneko emanaldietan poemetan oinarritutako doinuek izan zuten harrerak bultzatu zuen taldea estudioan sartzera.

Barandiaranek berak azaldu duenez, “entseguetan oso gustura geunden; kantu hauek nonbait jasota geratu behar zutela esan ziguten, eta horrek animatu gintuen”. Diskoa Durangon aurkeztu zuten, eta 2026an zuzeneko gehiago eskaintzeko asmoa dute, aukerak sortzen badira.

Perkusiorik gabe, taupadaren bila
Taldean Lander Bilbao, Mariana Blanco, Uxue Garcia, Rafa Rueda eta beste hainbat kolaboratzaile aritu dira. Deigarria da diskoak ez duela bateria edo perkusio tradizionalik. Hasieran proposamena mahai gainean egon arren, azkenean Rafa Ruedaren baxuak bete du espazio hori. Gitarrista izaeratik jotako baxuak kadentzia perkusiboa hartu du, eta horrek markatzen du lan osoaren erritmoa.

'Txoritxo ibiltaria/Belatzarekin' piezan, ordea, Gaizka Sarasolaren ttunttunak bihotzaren taupada iradokitzen du. Diskoaren tonua laburbiltzen duen hasiera da: tragikotasunetik alaitasunera doan kadentzia.
Ekialdea eta Mendebaldea, sustraiak eta zubiak

Diskoak bi doinu tradizional uztartzen ditu: Xiberuko “Belatxa” eta Larrabetzuko “Txoritxo txilibitua”. Lehenengoa Benito Lertxundi-ren eta Jean Mixel Bedaxagar-ren bidez ezaguna egin zen; bigarrena, berriz, herri memoriatik berreskuratu dute, Gaizka Sarasolaren bitartez.

Barandiaranek aitortu du doinu horiek «oso barrura» eramaten dutela, «haurtzarora eta euskaldun izateko modu jakin batera». Sustrai horiek feminismoarekin eta ikuspegi kritikoarekin gurutzatzen dira: proiektuaren hasieratik emakume musikariak bilatu zituzten, eta taldearen osaeran erabaki kontzientea izan da hori.

Isildutakoak, autokritika eta gatazkaren arrastoa
“Isildutakoak errepikatzen” kontzeptua lan osoan zehar ageri da. Norberari egindako autokritikatik abiatu da Barandiaran: garaian esan ez ziren hitzak, barruan urteetan oihartzun gisa geratzen direnak. Herri baten gatazka armatuaren testuinguruan ere kokatzen du gogoeta, baina inposatutako hiztegiak baztertuz: «Nik nire hitzez kontatu nahi dut nola bizi izan nuen».

Diskoari izena ematen dion esaldiak —Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko— memoria ariketa baten aldarrikapena dakar. Ez da ahanzturaren aldeko lana, baizik eta oroimen kritikoarena.

Zaintza, dolua eta belaunaldien arteko transmisioa
‘Ez zaitut behar beste zaindu’ kantuan, amari egindako keinu zuzena dago. Zaintza lanaren gordintasuna eta belaunaldi arteko loturak ageri dira, erruduntasunetik ihesi eta hausnarketarako gonbidapenarekin. Dolua ez da prozesu lineala; «bi urte igaro arren, oraindik osorik itxi gabeko zauria da».

Bestalde, ‘Ni ez naiz ezerren inorren akats’ piezak sistemari egindako kritika dakarkigu, gaztaroari esleitutako protagonismo esklusiboaren aurrean. «Belaunaldi bakoitzak bere garaia bizitzeko eta iritzia emateko eskubidea» duela aldarrikatzen du.

Aylan, Palestina eta gizatasunaren galdera
‘Aylan’ kantuan 2015eko irudi gordin hura ageri da, gaur egungo Palestinako egoerarekin gurutzatuta. Sirena hotsak Ipar Euskal Herriko doinuetan eraiki dituzte, keinu sinboliko gisa. «Gizakiaren krudeltasunaz eta deshumanizazioaz» hitz egitea zaila dela aitortu du egileak, manikeismorik gabe.

Diskoa ‘Wafa’ abestiarekin ixten da, Wafa Idris-i eskainitako omenaldi xume batekin. Jatorrizko kanta Tapia eta Leturia-k grabatu zuten; bertsio berri honek borrokarako oihuaren ordez oroimen keinu intimoagoa proposatzen du.

Ametsak berreskuratzeko gonbidapena
Diskoan zehar galtzaile sentimendu kolektiboari aurre egiteko deia egiten da. Belaunaldi oso batek bizi izan duen porrot pertzepzioaren aurrean, ametsak «beratzen uzteko eta berriz loratzeko gonbita» luzatzen du Barandiaranek. «Independentzia eta komunitatearen biziraupena ez dira iraganeko lelo hutsak, baizik eta etorkizunari begirako galderak».

‘Galbahe’ iragazki bat da: informazio, diskurtso eta emozio artean alea eta lastoa bereizteko tresna. Diskoa entzungai dago Badok atarian, eta formatu fisikoan Durangoko Hitz liburu-dendan eskuratu daiteke. Egileek diotenez, hasi eta amaiera arte entzuteko pentsatutako lana da.

Memoriatik, zaintzatik eta amets berrituen beharretik egindako diskoa da. Ez ahazteko, eta ez etsitzeko.

Jaurlaritza Logoa