Zuzenean

Iraia Cambra | Iker Gurrutxaga

Skabidean taldearen “Herri Kutuna”: gizakiaren eta erbestearen kontraesnak

Antonio Iriarte, Skabidean taldeko kidea Musikharian izan da, taldearen disko berria, ‘Herri Kutuna’, aurkezten. Reggae, rocksteady eta ska doinuez jantzitako lan kontzeptuala da, herria, erbestea, gorrotoa eta sexualitatea ardatz dituena.

Skabidean taldearen “Herri Kutuna”: gizakiaren eta erbestearen kontraesnak

Loading player...
Skabidean taldearen 'Herri kuttuna' diskaren azala.
Skabidean taldearen 'Herri kuttuna' diskaren azala. (Skabidean)

Skabidean taldeak ‘Herri Kutuna’ izeneko lana plazaratu du, herriari, erbeste esperientziei eta gaur egungo gizarteari begirako disko kontzeptuala. Antonio Iriarte, taldeko kideak azaldu duenez, «herriari kantatzen diozunean, modu batean edo bestean, beste herri guztiei ari zara kantatzen».

Herria eta erbestea ardatz
Diskoaren hari nagusietako bat etxetik urruntzea da. «Gure familietan bizi izan dugu derrigorrezko exodoa; ez borondatezkoa», adierazi du. Gaur egungo errealitatearekin lotuta, gaineratu du: «Askotan migrante edo errefuxiatu esaten dugu, baina gizakiak dira, gu bezalakoak».

Lanaren sarreran bertsoa hautatu dute, eta horretan lagun izan dituzte June Diaz eta Unai Mendiburu bertsolariak. «Gure rap propioa bertsolaritza da», azaldu du Iriartek, tradizioa eta gaur egungo doinu jamaikarrak uztartuz.

70eko hamarkadako kutsua eta erreferenteak
Diskoak badu 70eko hamarkadako iruditeria eta kantagintzarekiko lotura argia. Taldeak Mikel Laboa-ren “Izarren hautsa” hautatu du erreferentzia gisa, eta Xabier Lete-ren hitzetatik edan dute. «Garai hartako kantarien kutsu hori eman nahi genion diskoari», nabarmendu du.

Sexualitateari buruzko kantu esplizitu batean, Letek 90eko hamarkadan egindako gogoetak ekarri dituzte gaur egunera. «Iruditzen zait atzerakada bat egon dela; nola bizi ditugun sexu-harremanak eta nola hitz egiten dugun horretaz», azaldu du.

Gorrotoa eta kolektibotasuna
“Gorroto” kantuan, 90eko hamarkadako zinema erreferentzia bat baliatu dute: ‘La Haine’ filmeko pasarte bat. «Ukabilkada moduko abestia da», dio Iriartek, baina mezua argia da: «Indibidualismoa utzi eta kolektibotasunean pentsatzen hasi behar dugu».

Diskoko beste pieza batek Jose Manuel Ostolazaren figura ekartzen du gogora, Deban hezkuntza eta kulturaren alde egindako ekarpenagatik. «Bere testamentuak eta utzitako ondare kulturalak inspiratu gaitu», azaldu du.

Soinu askeagoa eta grabaketa
Garaten grabatu dute diskoa, Kaki Arkarazorekin. Aurreko lanarekin alderatuta, soinu «askatuagoa» bilatu dute. «Ez dugu nahi dena konpaktuegi egotea; instrumentuen artean askatasun handiagoa dago», azaldu du.

Azken kantua, “Ikusten duzu goizean”, zuzenean grabatu dute bazkaloste giroan, akordeoia eta ahots kolektiboak tartean. «Nire aitatxiri askotan entzun diot kanta hau; modu ederra iruditu zitzaigun diskoa ixteko», aitortu du.

Kontzertuak eta bira
Skabidean taldeak diskoa aurkezteko bira hasi du: Iruñeko Totemen eta Bilboko Kafe Antzokian aritu dira, eta martxoan Japoniara joko dute bost kontzertuko biran. «Aurten kontzertu gutxiago egin nahi ditugu, baina ilusio handiz», dio.

‘Herri Kutuna’ lanak tradizioa eta gaurkotasuna uztartzen ditu, herritik eta herriarentzat egindako disko gisa. «Errespetutik eta gure bizipenetatik abestu dugu», laburbildu du Antonio Iriartek.

Jaurlaritza Logoa