Zuzenean

Trap musikaren sorrera ulertzeko, hip hoparen bilakaera ulertzea ezinbestekoa da. 80ko hamarkadatik gorakada etengabean zegoen estilo hau, Ameriketako Estatu Batuetan behintzat, mendebalde-ekialde ardatz ezagunaren mugetan garatu zen. Hala ere, bazen beste rap eszena bat ardatz horretatik kanpo gelditu zena: hegoaldeko rapa. Honek, zirkuitu undergroundagoan mugitzera kondenatuta, bilakaera interesgarria izan zuen: tenpoa moteldu zuen eta, gai politikoak baztertuz, periferiako auzoetako bizimoduaren kronika gordina egitera pasa zen.
Testuinguru horretan jaio zen trap musika: Atlantako trap house izeneko etxe abandonatuetatik izena hartuz. Hip hoparen soul eta funk oinarridun samplerrak alde batera utzi eta estilo horren hezur biluzienarekin gelditu zen; soinu sintetikoek organikoak hartu zituzten, eta autotunedun ahotsarekin batera, artifizialtasunaren aldarria egin zen.
Gustatu ala ez, trap musikak oso bilakaera interesgarria izan du, bai Estatu Batuetan, baita espainiar estatuan ere; bertan, gainera, AEB-etatik aldentzen zen beste testuinguru politiko eta musikal bat baitzegoen. Hori guztia sakon azalduko dugu Ad Libitumeko atal honetan, genero honen baitako artistarik ezagunenen musikaz lagunduta, noski!



