Zuzenean

25 urte. 25 urte igaro dira 2001etik. 25 urte hauetan gauza asko pasatu dira, pandemia bat tarteko. Baina 25 urte hauetan bada irrati bat bere bidea jarraitu duena: Irrati hori, Antxeta Irratia da, aurtengoan 25 urte dituena edo beteko dituena. Behe Bidasoako informazioa euskara hutsean ematen duen komunikabide bakarra da. Eta urteurrenaren harira, ZEBRABIDEAN izan da, saioko kolaboratzailea den, eta Antxetako kazetaria den Aitziber Zapirain.
25 urte hauek «ia oharkabean» igaro direla aitortu du Aitziberrek. Bera duela 20 urte batu zen Antxetara, uholde eta guzti, eta ordutik honaino, Antxeta Irratiak urratu duen bidean buru belarri aritu da lanean.
Antxeta Irratiak 2001ean piztu zituen mikrofonoak, tokiko informazioa euskaraz eskainiko zuen komunikabide bat sortu asmoz. Antxeta Irratiak historikoki Txingudiko bailaran abiatu zuen bere bidea, gerora 2016ko urteaz geroztik aukera izan dute Bortzirietan eta Donostialde zabalean frekuentziak eskatzeko, eta esleituak izan zaizkie. «Esan daiteke gaur egun Antxeta Irratia dela, naturalki eskualdeari forma ematen dion hedabidea, udalerrien arteko oreka mantenduz»
Egun 7 edo «zazpi eta erdi» dira Antxetako lan taldea osatzen dutenak. Sorreratik honaino, horretan aldaketa nabarmena eman da, baita Antxetak produzitzen duen horretan ere, egun, irratiko emisioaz gain, web orrialdean eta sare sozialetan ere isladatzen dutelako haien eguneroko lana.
25 urtetako ibilbidea ospatzeko gertukoekin eta komunitatearekin festa antolatu dute ostegun honetarako, orain arteko ibilbidea ospatu, eta aurrera begira jartzeko.


