Zuzenean

Eskuin muturraren aurreko «batasuna» eta herritarren beharrak lehen lerroan ipintzea; Fronte Popular Berria hauteskundeak irabaztera eraman zuen formulako ardatzak errepikatzera deitu du EH Baiko diputatu Peio Dufauk, «gure lehentasuna ez da bakoitzaren burura begiratzea, baizik eta elkarlan zintzoa eta jendarteari aukera bat eskaintzea denon artean. Uste dut hori dela lehentasuna».
Ikusteke dago zer punturaino duen eragina Pariseko giro politikoak martxoa eta apirilean egingo diren udal hauteskundeetan. Galdera hori erantzuteko zain, bi gauza ondorioztatu daitezke momentuz: lehena da, EH Bai dela Euskal Herria oinarri duen proiektu nazional bat eskaintzen duen alderdi nagusia. Bigarrena da, tokian toki aliantza zabalagoak eratu beharko direla, eskuin muturrari zein Pariseko zentralismoari aurre egiteko. Bi helburu horiek betetzeko, ezkerraren zatiketa ekidin behar dela aurreratu du Dufauk, «erakutsi behar dugu zein den gure papera, ezkerraren rola eta zer eraikin nahi dugun etorkizunean».
Gaur egun Asanblea Nazionalean diputatu abertzale bat egoteak, lotura zuzena du herri mailan ezker abertzaleak egindako hamarkadetako lanarekin eta ondorioz baita EH Bairekin ere. Ezker abertzaleari ez erreparatzetik, mesfidantzaz ikustera pasa direlako hainbat sektore politiko, horren eredu Max Brisson senatari kontserbadoreak berriki egindako kritika. Baina EH Baiko diputatuak argi du Brissonen arazoa ez dela ezker abertzalearen ideologia, baizik eta, euren hazkundeak «mehatxu bat» suposatzen duela politikari eskuindarrak eduki ditzakeen helburu politikoetarako; «senatari batentzat herriko etxe gehiegi ezker abertzalera pasatzen badira, boto gutxiago izango ditu ondoko hauteskundeetan, hautetsiek dutelako senatarientzako bozkatzen».
Hortaz, Euskal Herria eta bertan direnen interesak beti oinarri edukita, «jendartearen egunerokoa hobetzen» jarraitzera deitu du Dufauk, Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberoatik, Pariseraino.


