Zuzenean

Lander Martinez
Elkarrizketa
Lander Martinez
Sumarreko diputatua

«Gure lana da esparrua bateratzea, egonkortzea eta akatsak berriro ez egitea»

Eskuin muturraren mehatxupean egingo diren Estatuko hauteskundeei begira, ezkerrak «eraginkorra izan behar duela» defendatu du Lander Martinez Sumarreko diputatuak. Podemosekin akordioetara heltzeko aukera ikusten du eta zailago EH Bildurekin, EAJrekin aurkezteko asmoa mantentzen duen bitartean. 

«Gure lana da esparrua bateratzea, egonkortzea eta akatsak berriro ez egitea»

Loading player...
Sumarreko diputatu Lander Martinez, NAIZ Irratiaren Bilboko estudioan.
Sumarreko diputatu Lander Martinez, NAIZ Irratiaren Bilboko estudioan. (NAIZ Irratia)

Ortzimugan datarik agertzen ez bada ere, alderdiak jada hasi dira espainiar Estatuko hauteskundeetarako antolatzen eta PPk eta Voxek partekatutako Exekutibo baten aukerak, formula berriak aztertzera mugitu ditu Euskal Herria, Katalunia edota Galiziako ezker nazionalak. Baina aurrekaririk gabeko formulak proposatzen ari dena, azken hauteskundeetan indarra galduz joan den ezker konfederala da. Barne liskar eta banaketen aurrean, une historikoari lotutako estrategiak garatzera deitu du NAIZ Irratian Lander Martinez Sumarreko diputatu bizkaitarrak: «Gure lana da esparrua bateratzea, egonkortzea eta akatsak berriro ez egitea». 

Autokritikari izkin egin gabe, Martinezen esanetan ezkerraren banaketak «ezkerreko bozkatzaileari behartzen dio aukeratzera» eta horren emaitza da, ezkerreko sektoreari emandako babesaren zati handi bat hainbat zerrendetan banatzea, kasu askotan erakundeetatik kanpo gelditzeraino. «Jendeak eskatzen diguna da betikoa berriro ez egitea, baizik eta formula berriak bilatzea», ondorioztatu du diputatu bizkaitarrak. 

Hori dela-eta, umiltasunez jokatzearen alde egin du, «antolakuntza eta koordinazioa» negoziazioen oinarrian ipiniz, «hauteskunde guztietan boto-orri bakar bat» egotearen helburua bete ahal izateko. Zentzu honetan, Sumar koalizioaren barruan daudenen alderdi guztien arteko elkarrizketa eta eredu «konfederala» beste sektore batzuekin elkarrizketei ekiteko oinarri baliagarria izan daitekeela uste du. 

Zubiak berreraikitzeaz

Oinarria nondik zabaldu galdetuta eta bi alderdien arteko harremanak gaur gaurkoz, zeharo mikaztuta dauden arren, baikor da Martinez, «epe luzeko lanak posizioak gerturatuko dituela» Podemosekin, iradokiz nolabait, Madrilen zuzendaritzak dionaren eta eskualdeetako oinarriek sentitzen dutenaren arteko harremanak uste baino ezberdinagoak direla. «Nik ezberdinduko nuke zein den estatuan dagoen Podemosen borondatea eta bai Euskadin eta beste leku batzuetan dituzten estrategia politikoak. Uste dut beti lortu dezakegula bateratzea gure hautagaitzak. Hori da esertzea lasai-lasai eta hitz egitea proiektuaz», azaldu du Martinezek. 

EH Bildurekin, zailago

Gaur gaurkoz, zailago ikusten dute Sumarren EH Bildurekin adostasun batera heltzea Kongresura begira, subiranistek EAJrekin zerrenda nazionala osatzeko proposamenari eusten badiote. Martinez argia izan da zentzu honetan, «gure plana ez da euskal eskuinarekin inora joatea».

ERCko Gabriel Rufianek ezkerra batzeko egin duen proposamen ospetsuak dio, lurralde bakoitzean indar gehien duen ezkerreko zerrendari uztea aurkezten boto aurrerakoiaren eraginkortasuna handitzeko. Baina Martinezen aburuz, «alderdiak batzea ez du zergatik esan nahi bozkatzaileak batu egingo direnik». Errealitatea da ordea, EH Bildu dela Euskal Herrian ezkerreko indar politiko boteretsuena eta baita azken urteetan hazkunderik handiena izan duena ere. Zentzu honetan beraz, eta soilik «bermeak badaude batura horrek lortuko duela botoak maximizatzea», Lander Martinezek aurreratu du, unea heltzean, «aukera guztiak» aztertuko dituztela. 

Jaurlaritza Logoa