Zuzenean

Izaki Gardenak taldeak ezustean kaleratu du ‘Sitsak’, bederatzi kantuz osatutako biniloa. Lau abesti berri udan grabatu dituzte, eta gainontzekoek azken urteetako ibilbidea jasotzen dute. Jon Basagurenek azaldu duenez, «momentua aprobetxatu nahi genuen; taldean giro ederra daukagu eta zor batzuk nituen neure buruarekin».
Diskoaren izenak badu karga sinbolikoa. «Nonbait irakurri nuen sitsak direla gauez ateratzen diren tximeletak, kolorerik behar ez dutenak argirik ez dagoelako. Irudi hori asko gustatu zitzaidan», azaldu du Basagurenek. Argira doan intsektuaren metaforak, ordea, beste irakurketa bat ere badu: «Askotan distira handienera bideratzen dugu arreta, eta agian garrantzitsuagoak diren gauzei ez diegu denborarik eskaintzen».
Lan berriko lehen aldeak lau kanta berriak biltzen ditu; «alde bat epe berri bat da», dio. Bigarren aldean, berriz, aurreko urteetan argitaratutako piezak bildu dituzte, ibilbidearen arrasto gisa.
Estudioa, laborategi
Azken bi diskoak Raul Perezekin grabatu ondoren, oraingoan etxetik gertu aritu dira, Gasteiztik gertu, Joseba taldekidearekin. «Oso etxeko giroan aritu gara, esperimentatzeko denbora hartuta. Ahotsaren distortsio batekin orduak pasa ditzakezu, irrati zahar batetik pasatu eta probatu», dio.
Basagurenek onartu du oraingoan kantak ez dituela guztiz itxita eraman: «Akorde batzuk eta hitzak neramatzan, baina estudioan gerta zitekeen edozer. Askeago lan egin dugu, eta emaitzarekin oso pozik nago».
Ahotsaren bilakaera da nabarmenena bere ustez: «Ahotsarekin egin dut bidaia handiena. Batzuetan kostatzen zait duela hamar urteko nire burua entzutea, baina bakea eginda nago».
‘Hamahiru’: zortea eta injustizia
Diskoko une berezietako bat ‘Hamahiru’ da, Johnny Cashen bertsio zaharren oihartzunak eta rock gotikoaren arrastoak uztartzen dituen kanta. «Kantu horrek bi mundu dauzka, eta bien arteko zerbait egin nahi nuen euskaraz», azaldu du.
Zenbakiari buruz, hausnarketa soziala egin du: «Badago jende bat zenbakia gustuko ez duena zorte txarra izan duelako jaio den lekuan edo gertatu zaizkion gauzengatik. Lau gauza gertatu eta putzura joan zaitezke ia egun batetik bestera».
‘Herio’: zuzen eta gordina
‘Herio’ kantua gitarra eta ahots hutsean grabatu dute, ia toma bakarrean. Blues tradiziotik abiatuta, gaur egungo injustiziak ditu hizpide. «Blues-ak gauzak aho bilorik gabe esaten ditu; hortik jo nahi nuen», dio. Gasteizko Zaramagako gertakariei ere egin die erreferentzia, «kontatu eta ezagutarazi behar direnak direlako».
Oasiak eta adar mamuak
Pandemia garaian sortutako ‘Oasia’ eta ‘Gorputz adar mamua’ kantek barne begirada eta testuinguru soziala uztartzen dituzte. «Alfonbra pixka bat altxatuta, berehala ikusten ditugu gure gauza ez hain politak», dio Basagurenek, «euskal oasia» kontzeptuaz ari dela.
‘Gorputz – Adar mamua’ abestian askatasunaren ideia lantzen du: «Batzuetan aske sentitzen zara, baina gero beldurra duzu hori galtzeko. Noizbait sentitu duzun askatasun hori falta zaizun gorputz-adar baten moduan mina ematen dizu».
Gaztetxeak eta oinak lurrean
‘Oinak lurrean’ kantuak gaztetxeen garrantzia aldarrikatzen du. «Gu hor hezi gara. Talde hasiberriek nonbait hasi behar dute; sare hori gabe ez dago lekurik», nabarmendu du.
Etorkizunari begira, anbizioa orekan kokatzen du: «Niretzat apustu nagusia da musikara dedikatzea gustatzen zaidan moduan. Erlazio sano bat eduki nahi dut sorkuntzarekin eta industriarekin. Oreka bilatzen dugu».
Zuzenekoak martxan
‘Sitsak’-ekin batera hainbat kontzertu lotu dituzte, eta aurrerago ere etorriko dira gehiago. «2026an Galiziara goaz, eta guretzat pauso handia da», dio Basagurenek, irribarrez.
Ilunetik argira doan sitsaren moduan, Izaki Gardenak-ek ere bere bidea egiten jarraitzen du: esperimentaziotik, barne begiradatik eta konpromiso sotiletik. «Kantak egiten jarraitzea da helburu nagusia», laburbildu du.


