Zuzenean

Peli Lekuona | Iraia Cambra

«Etxebizitza eskubidea da, ez negozio bat»

Lorea Ureta etxebizitzaren aldeko ekimen bateratuko sustatzaileetako bat NAIZ Irratian izan da. Hainbat eragile sozial, sindikatu eta alderdi politikok indarrak batu dituztela azaldu du, etxebizitza eskubidea lehenesteko eta merkatu logikatik ateratzeko helburuarekin.

«Etxebizitza eskubidea da, ez negozio bat»

Loading player...
Lorea Ureta, etxebizitzaren aldeko ekimen bateratuko sustatzailea.
Lorea Ureta, etxebizitzaren aldeko ekimen bateratuko sustatzailea. (Marisol Ramirez | FOKU)

Hainbat kolektibo sozial, sindikatu eta alderdi politikok plataforma bateratua jarri dute martxan, etxebizitza eskubide gisa ulertu eta negozio logikatik kanpo kokatzeko. Lorea Ureta, etxebizitzaren aldeko sustatzailearen hitzetan, «orain arte eragile bakoitza bere aldetik aritu da lanean, baina beharrezkoa zen indarrak metatzea eta diskurtso bateratua plazaratzea».

Egoeraren larritasuna datuetan oinarritu du. «Etxebizitza eskubide bat da, eta argi esan behar dugu merkatu logikatik atera behar dela», adierazi du. 

Azken urteetan nabarmen handitu da kalean lo egin behar duten pertsonen kopurua, eta, aldi berean, milaka etxebizitza huts daude Euskal Herrian. Uretak salatu du kontraesan hori ezin dela onartu. «Bilbon 600 pertsona inguru daude kalean, eta Euskadin 1.500. Aldi berean, 70.000 etxebizitza huts daude. Hori oso larria da», nabarmendu du.

Etxebizitza hutsen aurrean, neurri zorrotzagoak eskatu ditu plataformak: kontrola, penalizazioa eta, beharrezkoa balitz, desjabetzea ere bai, etxebizitzen erabilera soziala bermatzeko. Halaber, salatu du Etxebiden izena emanda dauden «milaka pertsonek ez dutela etxebizitzarik lortzen». «103.000 pertsona baino gehiago daude Etxebiden izena emanda, eta ez dute etxebizitzarik eskuratzen. Gizarte moduan pentsamoldea aldatu behar dugu», esan du.

Administrazioei eskaera zehatzak ere egin dizkiete: alokairu publiko nahikoa eta eskuragarria bermatzea, diru-sarreren %20 baino gehiago ez hartzea eta etxebizitza hutsak mobilizatzea. Uretaren arabera, gaur egungo testuinguruan etxebizitza hutsak «luxu» bat dira.

Lehen mobilizazioa larunbat honetan egingo dute Bilbon, Arriaga plazan, eguerdiko 12:00etan. Plataformak aurreratu du asmoa dela hilero elkarretaratzeak egitea eta dinamikari jarraipena ematea, etxebizitza eskubidearen aldeko mugimendu iraunkorra osatzeko.

Jaurlaritza Logoa