Zuzenean
Elizen lilura, Errumaniatik Arabako lautadara
Errumaniako Maramures eskualdeko zortzi elizetatik abiatu eta Arabako Lautadan amaituko dugu aste honetako Bidaiari.
Elizen lilura, Errumaniatik Arabako lautadara
Ez da oso ohikoa bidaietan egunak ematea elizak bisitatzen, baina oraingo honetan merezi duela ziurtatzen dizugu. Hiruzpalau egunetako bidaia proposatzen dizugu Errumaniako Maramures eskualdean Gizateriaren Ondare izendapena duten 8 elizak deskubritzeko. Euskal Herrira itzuliko gara ondoren, Arabako Lautada eskualdeko erdi Aroko eliza misteriotsuak bisitatzeko: Gazeo eta Alaitza.
Udaberria inauterien burrunbaz esnatzen jarraitzen duen bitartean, Errumaniatik Euskal Herrira bidaia mistiko eta bitxia egitera gonbidatzen zaitugu. Ausartzen al zara?
Maramures, Errumaniatik gordetako altxorra
2018an, Poloniako zurezko elizetan barrena egindako ibilbide baten esperientziatik abiatuta, Errumaniara bidaiatu genuenean, Maramures eskualdeko zurezko elizei bisita egitea ezinbestekoa zen. Zortzi eliza horiek balio arkitektoniko eta antropologiko handiko eliza bilduma dira, Errumaniako eskualde liluragarrienean kokaturik: Maramures.
Artikulu honetan, elizak nolakoak diren azalduko dugu: margolanak eta apainketak, bai eta eraikinak bisitatzeko garaian, barrutik ikusi ahal izateko zer hartu behar den kontuan ere: Ez gara Errumaniako azken muturreraino joango eliza itxita topatzeko, ezta? Bukatzeko, ibilbide ordenatu bat azalduko dugu kilometroak aurrezteko eta gure denbora preziatua ez galtzeko.
Errumania turismo gutxi jasotzen duen herrialdea da, bisitatzera animatzen diren turista apurrak hegazkinez iristen dira Bukarest hiriburura eta handik gehienak Transilvaniara. Baina herrialdeak aukera asko ematen ditu, orografia menditsua dauka, Karpatoetan mendi-txango ederrak egin daitezke; hori bai, kasu hartzarekin, 9.000 inguru daude herrialdean. Bestetik, Danubio ibai-ahoaren natur erreserbak txundituta geratzeko pasaia ederrak ditu; han, beste espezie hegazti askoren artean, pelikano zuria behatu daiteke.
Arkitektura ere herrialdeko interesgune garrantzitsua da, ondare interesgarri eta zabala du; besteak beste, Maramures eskualde historikoan egurrezko arkitektura tipikoa ezagutzeko aukera dago. Maramures Errumaniako iparraldean dago, Ukrainarekin muga eginez. Landa-giroko eskualdea da eta tradizio sakonak ditu; horregatik, igandetan bertako biztanleak elizara joateko jantzi tipikoekin jantzita ikustea ohikoa da. Gainera, Maramures eskualdea artisautzan ere erreferentea da, bertako biztanleak zura zizelkatzen maisuak direlako eta nazioartean ospe handia dutelako.
Jarraian, arreta berezia eskainiko diogu egurrez, goitik behera, eraikitako eliza ortodoxoei. Eskualde honetan eta Errumanian zehar barreiaturik dauden guztien artean zortzi dira ikusi beharrekoak Gizateriaren Ondarearen izendapena jaso dutelako: Rogoz, Poplis, Surdesti, Budesti, Barsana, Poienile Izei, Leud eta Desesti.
Elizez gain, egurrez landutako ateak ere eskualdeko sinboloak dira. Gogoan izan gure hitzak zurezko ate handi baten azpitik igarotzen zarenean eta poztu zaitez, ate horiek herri-sinesmenetan babesteko zeregina dutelako.
Maramures, beraz, ibilbide turistikoetatik kanpo geratzen den eskualdea da, enigmatikoa eta agian iraganean ainguratua, baina horrexek egiten du hain erakargarri. Drakula kondearen zirkuituetatik urrun eta Errumaniaren benetako nortasuna ezagutu nahi baduzu, murgil zaitez elizen ibilbidean Maramures eskualdean zehar.
Maramures eskualdeko gizateriaren ondarea diren egurrezko zortzi elizak
Gaur egun, egurrezko 42 eliza inguru daude Maramuresko lurralde osoan banatuta, baina aipatutako 8 eliza horiek miresgarriak dira. Guztiek herri-arkitekturaren estiloa partekatzen dute eta, aldi berean, bakanak dira, historia propioa eta xehetasun original asko dituztelako.
UNESCOren Gizateriaren Ondarea osatzen duten egurrezko zortzi elizak Errumaniako herri-arkitekturaren bitxiak dira. Nagusiki XVII. eta XVIII. mendeen artean eraiki ziren, haritz-egurra edota izeia erabiliz, garai haietan gobernari austrohungariarrek harrizko eliza ortodoxoak eraikitzea debekatuta zutelako, denboran iraun ez zezaten. Gainera, zurgintzako teknika tradizionalen bidez mihiztatu edo muntatu diren zurezko egiturak dira, belaunaldiz belaunaldi transmititu direnak eta iltzerik erabili gabe eraikiak.
Eliza hauek egurrezko eraikin lirainak dira eta urrunetik atentzioa ematen dute kanpandorre altuak dituztelako. Barnealdeak, gainera, oso apainduta daude: koadroak, oihalak, aldareak, egurrezko eserlekuak... Beraz, xehetasun bakoitzak eraikin txiki hauek berezi eta bakarrak egiten ditu.
Nola bisitatu Maramures eskualdeko elizak
Kontu, Maramures eskualdea turismo zirkuituetatik urrun geratzen da, Ukrainiarekin muga egiten du eta iraganean ainguratuta geratu den nekazal giroko landa da, beraz, litekeena da elizak barrutik bisitatu nahi izatea eta itxita topatzea. Baina ez larritu, horretan ere eskarmentua dugulako eta konponbidea ezagutzen dugu: Elizetako atean itsatsita eskuz idatzitako ohar bat egoten da telefono zenbaki bat argi azalduz. Normalean, arduraduna hurbil bizi da, eta minutu gutxitan bertan azalduko da, eliza irekitzeko deitzen badiozu. Biserica hitza erabiltzea gomendagarria da ulertarazteko, errumanieraz eliza esan nahi duelako.
Rogoz: Aingeru Santuen eliza
Egurrezko eliza bitxi hau 1663an eraiki zen eta Lapus haranean dago, Iza haraneko zirkuitu nagusitik urrutixeago. Eraikuntza oso berezia da, alboko sarrera eta sabaia asimetrikoak dituelako, mezetan kanpoan zutik zeuden fededunak babesteko. Era berean, hiriko familia aberatsak esertzen ziren «zaharren mahaia» izenekoa sabaiaren alde horrek estaltzen du. Erreparatzen bazaio elizaren barruko hormei, bertan aipatutako familia aberats horien izenak daude idatzita. Bereziki deigarria da kanpoko dekorazioa, naturarekin lotutako sinbolo asko ageri direlako: zaldi buruak eta kristautasunaren aurreko eguzki-sinboloak, besteak beste.
Plopis: Migel eta Gabriel Santuen eliza
Surdesti herritik gertu, 2 km-ra gutxi gorabehera, eta ingurune lasaian kokatzen da. 1798an hasi ziren eliza eraikitzen, baina 13 urte behar izan zituzten lanak amaitzeko. Eliza txikia da, baina sendoa eta neurrikoa. Badago bere historia markatzen duen gertaera bitxia da. Aldareko mahaiaren oinean kutxa bat aurkitu zen, non elizaren eraikuntzan parte hartu zuten familiek utzitako 49 txanpon topatu baitzituzten.
Apaingarriei dagokienean, eliz barruko pinturak 1811.urtekoak dira eta oso ondo kontserbatuta daudela ikusten da, nabearen sabaikoak bereziki.
Surdesti: Arkanjelu Santuen eliza Miguel eta Gabriel Aingeru Santuei eskainitako Surdesti eliza Cavnic ibaiaren haranean dago, Baia Maretik hogei bat kilometrora. 1721ean eraiki zuten haritz-egurrez eta zerbaitegatik harritzen badu bidaiaria, berrogeita hamalau metroko dorre zorrotz handi batek markatutako altueragatik da. Urteetan zehar eskualdeko elizarik garaiena zela esaten zen, izan ere, oinarritik 72 metro neurtzen baitu. Horrela izan da, antzina, Maramuresko fededunek uste zutelako eliza zenbat eta garaiagoa izan, orduan eta azkarrago iritsiko zitzaizkiola euren otoitzak Jainkoari.
Barne apainketan. XVIII. mende amaierako Esteban de Siseque margolariaren pinturak nabarmentzen dira, Bibliako gaiak eta lore-motiboak landuz. Portxetik paseo labur bat ematea merezi du arku-ilara bikoitza ikusteko, irekidura desberdinekin, baina forma eta dekorazio berdinekoak.
Budeşti: San Nikolas eliza
Budesti herriko eliza, San Nikolasi eskainia, zortzi elizetatik handiena da eta herriko behealdean kokatzen da, Cosău ibaiaren haranean. 1643an eraiki zuten, egurrezko habe lodiak ibai-harrizko idulki baten gainean jarriz.
Barne apainketan, 1762ko Alexandru Ponehalschiren margolanak nabarmentzen dira, kolore argiak, beroak eta ondo harmonizatuak erakutsiz. Barrualdean, gainera, erlikia bitxi bat dago: Pintea ausarta herriko bidelapurraren sare-kota eta kaskoa gordetzen dira. Eliza honen berezitasuna,ordea, kanpandorrean ikus daiteke. Kanpandorrearen Maramures eskualdeko egurrezko elizen artean oso berezia eta ezohikoa den zerbait ikusten da: Oinarrian lau dorre txikik dorre nagusia zaintzen dute.
Bârsana: Tenpluko Ama Birjinaren Aurkezpenaren eliza
Egurrezko eliza Bârsana herrian bertan dago, Jbâr muinoaren gainean. Argi ibili behar du bidaiariak, Bârsanako monasterio berriaren handitasunak apur bat eklipsatuta dagoelako eta ez da horrekin nahastu behar. Bârsanako antzinako eliza 1720. urtean eraikitako monumentu historiko garrantzitsua da. Eliza bi aldiz lekualdatu delako ezaguna da eta Maramures eskualdeko beste eliza batzuetatik bereizten da eragin barroko eta rococoko estiloetako margo, dekorazio eta altzariengatik. Esan dugun bezala, garrantzitsua da Bârsanako monasterio moderno eta handiarekin ez nahastea. Barsanako Monastegia oso gertu dauka, baina ez du UNESCOren izendapenik, oso turistikoa da eta bisitari ugari topatuko ditugu haren inguruetan.
Barsanako egurrezko eliza txikia 1806an Radu Munteanuk apaindua izan zen eta Barroko eta Rococo estiloko freskoengatik eta zuri, gorri eta urdin kolore argien erabilpenagatik nabarmentzen da. Horretaz gain, eraikinaren inguruan misterio kutsu bat dago, leku batetik bestera aldatzearekin zerikusia duena. Bertakoek diotenez, iraganean, 1710eko izurritean, Jbâr muinoa hilerri bat zen, non izurritearen ondorioz hiltzen ziren pertsonak presaka lurperatzen zituzten, zerbitzu erlijiosorik gabe. Horrela, eliza hemen eraikitzea pentsatu zen, horrela hildakoek betirako atseden hartu ahal izango zuten. Kontua da eliza, ondoren, behin baino gehiagotan aldatu zutela lekuz, 1800. urtean berriro itzultzeko hilerri zaharrera. Herritar askok uste dute, gaur egun ere, elizarekin batera, haren itzalpean, hildakoak ere mugitzen zirela atseden hartzen jarraitzeko.
Poienile Izei: Santa Paraskeva eliza
Poienile Izeiko eliza Izako haranean dago, oraindik belar-metak belazeetan era askotara eraikiak ikus daitezke landa-ingurune ikusgarrian. Gainera, Poienile Izei norabidean, 171D errepidetik gidatuz, Maramureseko paisaia natural ederrenaz gozatuko dugu.
Eliza benetako harribitxia da,Maramuresko arotzen maila artistikoaren erakusgai bikaina. Gainera, Maramures eskualdean barrena egiten ari garen ibilbide honetan hobekien kontserbatutako elizetako bat da.
Paraskeva Santari eskainitako eliza honek badu inguruko elizetan ohikoa ez den zerbait eta atentzioa ematen duena: kanpandorreak begiratokia dauka.
Barruko apainketari begira, nartexean infernuari buruzko pintura txundigarriak ditu, non hainbat bekaturen zigor zehatzak agertzen diren... Eta kontuz, han mihitik zintzilik dagoen gezurti bat agertzen delako.
Leud: Ama Birjinaren Jaiotzaren eliza
Ama Birjinaren Jaiotzaren egurrezko eliza Leud herriko muino batean kokatuta dago. Nahiz eta historialariak elizaren altxamendu-datari buruz ados ez jarri, dokumentu batzuek Maramures eskualdeko zurezko elizarik zaharrena bezala aurkezten dute, 1364an eraikia. Barruko pinturak Maramures eskualdeko garaiko margolari aktiboenetako batek, Alexandru Ponehalschirek, eginak dira. Margolari horren pinturak estilo «inozo» edo primitiboagokoak dira, zurari aplikatutako oihalaren gainean eginak. Nartexeko hormetan azken judizioa irudikatua agertzen da bekatariak suzko infernuan erretzen ari direla.
Bitxikeria gisa kontatzen da Eliza hau 1364an eraiki izana defendatzen duen gertakari bat badagoela. Elizaren teilatupean Ieuden Kodexa aurkitu izana da. 1391ko Eskuizkribua da, ziriloz idatzia eta errumanieraz dagoen testurik zaharrena.
Deseşti: Santa Paraskeva eliza
Desesti herrian ibilbide honetako azken eliza topatuko dugu, Santa Paraskeva eliza, Baia Mare eta Sighetu Marmației arteko errepide nagusian. 1717. urtea eta gero, tatariarren inbasioekin, leku honetan altxatzen zen eliza suntsitua eta errea izan zen, eta 53 urte beranduago, 1770ean, gaur bisitatzen dena eraiki zuten.
Barne apainketari dagokionean, ondoen kontserbatutako freskoak dituen elizatzat hartzen da. Nartexean deigarria da Azken Judizioaren irudikapen zehatza, non kultura desberdinetako pertsonaiak identifikatzen diren, hala nola juduak edota turkiarrak, beren jantzi tradizionalekin.
Elezahar baten arabera, elizaren kokapena aldareko harriak berak aukeratu omen zuen; izan ere, herritarrak harria hainbat lekutan jartzen saiatu ziren, baina harria beti erortzen zen. Azkenean, harria zutik geratu zen, eta hantxe eraiki zen eliza.
Begi bistan da Maramures eskualdeak eta bere elizak ongi gordetako altxorrak direla, baina horiek harritu bazaituzte, gera zaitez oraindik gurekin Euskal Herrira itzuliko garelako Arabako Lautadako kuadrillan dauden eliza misteriotsuaz aritzeko: Gazeo eta Alaitzaz ari gara.
Arabako Lautadako elizak
Arabako Lautada lurraldeko bihotz geografikoa eta aletegi handia da. Mendilerro ikaragarriaz inguratutako lautada zabal batean kokatuta, eskualde hau Iberiar Penintsula Europako gainerako lurraldeekin historikoki lotu duen pasabide naturala da. Horien adibide ditugu galtzada erromatar zahar bat, Astorgaraino iristen zena; eta Erdi Aroan, Done Jakue bidearen bigarren mailako adar bat. Ez da kasualitatea, beraz, Arabako Lautadako eliza erromaniko nagusietako batzuk XIII. mendean nolabaiteko indarra izan zuen bide alternatibo horietako herrietan egotea, ez eta Arabako Lautada kilometro karratuko eliza erromanikoen dentsitate handiena duen Europako eremuetako bat izatea. Benetako paradisua Erdi Aroko artea maite dutenentzat.
Gazeo eta Alaitza elizak, Margotutako elizen ibilbideko parte diren Añua eta Arbulu elizekin batera, Arabako Lautan bisitatu beharreko bitxiak dira. Bi tenpluek, Alaitzako Jasokundeko Andre Mariaren elizak eta Gazeoko Tourseko San Martin elizak, Erdi Aroko horma-pintura multzo baliotsuak dituzte.
Alaitzako Jasokundeko Andra Mariren Eliza
Alaitza herriko Erdi Aroko eliza.
Alaitza herri txikian dago Euskadiko eliza harrigarrienetako bat, Jasokundeko Andre Mariaren eliza, Erdi Aroko pintura-programa aberatsa izateagatik ezaguna. Kanpoaldeak tenplu erromaniko xume bat erakusten badigu ere, burualde erdizirkularra, bi nabe eta arkupeak; barrualdeak benetako altxorra gordetzen du: garaiko «horma-komiki» moduko bat. Gai erlijioso zein laikoak jorratzen ditu, non, gainera, protagonismo handia hartzen duten gaztelu baten setioaren eszenek eta garai hartako eguneroko bizitzako beste eszena batzuek, hala nola ehizako eszenak, jaiotzak edo tenplu baterako ezohikoak direnak, esaterako, erditzeko jarreran dagoen emakume bat. Eliza honen margoak, 80. hamarkadan deskubritu zirenetik, benetako misterioa izatera iritsi dira. Hau dena gutxi balitz, eliza historiako bi une desberdinetan margotu zen; pinturarik zaharrenak XII. eta XIII. mendeetakoak dira, baina badira XIV. eta XV. mendeen artean margotutakoak ere.

Tours Gazeoko San Martin eliza
Gazeo herrian, XIV. mendeko Tourseko San Martin elizak, bestalde, Arabako pintura gotiko linealen multzorik onena du. Alaitzarena ez bezala, Gazeoren programa ikonografikoa erlijiosoagoa da, baina era berean aberatsa. Heriotzaren ondorengo bizitzari buruz fidelak hezteko erabiltzen da eta margoen gai nagusiak arimak harago egindako bidaia eta Azken Judizioa dira. Arreta gehien pizten duten eszena piktorikoak, zalantzarik gabe, Infernukoak dira, Leviatanen Ahoak bekatariak irensten eta galdarak irakiten kondenatuak erretzen dituelarik.

Alaitza eta Gazeo elizak bisitatzeko, onena Arabako Lautadako Turismo bulegoarekin harremanetan jartzea da, erreserbatzeko eta gidaren azalpenekin elizaz gozatzeko. Margoak berandu aurkitu ziren, 1967. urtean, kare-geruzek estali eta erretaulen atzean ezkutaturik zeudelako. aurkitu zituen herriko parroko zenak Juan Jose Lekuonak, absidea estaltzen zuen kare geruza zuriak urratzeari ekin eta bat-batean zaldi baten irudia agertu zenean.
Arabako Lautadara etorrita ez dugu Agurain ezagutzeko aukera pasatzen utziko.
Agurain, Kuadrilla honetako herri-burua ezagutzea ezinbestekoa da. Ba al zenekien Aguraingo udaletxeak bere barnean XVI. mendeko baseliza bat gordetzen duela? Kanpotik igartzen ez den arren, Udaleko eraikinak, matriuska baten antzera, Bere barruan San Martin ermita gordetzen du, baseliza eraikin-lekukotasunik zaharrena izanik Aguraingo hiribilduan. Udaletxea sortu zutenean, 1606an, errespetatzea erabaki zuten. 2000. urtean eraikina zaharberritzeko prozesu konplexu bat abiatu zuten, tenplu hori argitara ateratzeko asmoz eta udalaren diseinu berrian txertatuz». Horrela, gaur egun, baselizaren eraikina udal artxibategi nagusi gisa eta baita ezkontza zibilak ospatzeko ere erabiltzen da.
Aguraingo XVI. mendeko sutea eta gero, jauregi ugari eraiki ziren, gehienak kale nagusian. Bertara jo beharko dugu Agurainek gordetzen duen jauregi bilduma ikusgarriaz gozatzeko. Ederrenetan ederrenak Azkarraga jauregia eta alargunen etxea deiturikoa, azken hori Aguraingo etxe zibil zaharrena.
San Juan plazatik igarotzean obleak protagonistak direla ikusiko dugu. Erdi Aroan, merkatariei aterpe emateko eraiki ziren, berezitasun batekin: Zaldun bat zaldiz igarotzeko neurrikoak izatea.
Bidaia honetan eliza ugari pasatu arren, Aguraingo hiribilduan topatuko ditugunak zeharo ezberdinak dira: eliza-gotorlekuak.
Santa Maria Eliza
Aguraingo iparraldeko sarreraren ondoan, Santa Maria eliza gotortua dago. XVI. mendearen hasieran eraiki zuten, aurreko eliza baten gainean eta harresiaren zati zelarik. Bisita gidatuetan, erronda bidetik paseatzeaz eta bertako ikusmiraz goza daiteke. Eliz barruak, Plateresko estiloko koroa ikusgarria eta Carlos V.aren armarria gordetzen ditu: Aguraingo biztanleek komuneroen aurka Carlos Bosgarrenaren alde lortutako garaipena ospatzen duen obra.
San Joan bataiatzailea
San Joan Bataiatzaile eliza-gotortua XV. mendearen bigarren erdialdean eta XVI.aren hasieran Euskal Herrian eraikitzen zen eliza gotikoen eredua da. Eliza, beraz, estetika gotikoa eta elizpe barrokoa izateagatik nabarmentzen da. Eliza ederra da, handia eta harri zuri gogorrez egina. Bere leiho estuetan arkulari-postuak irudika ditzakegu.
Barrualdean, apaingarri gutxi ditu, deigarriena erretaula nagusia. Barrokoa da baina arkitektura gotikoaren espazioari egokituta dago, garaiko arkitekto barrokoek espazio jakin baterako diseinatzen zituzten eta. Eliza honen kasuan, erretaula barroko klasikozale da, eta 1646tik aurrera egin zuen Mateo de Zabalia arkitekto gipuzkoarrak, Juan Ladron de Guevara y San Roman erudituak lagundua.
Agurain utzi aurretik Klarisen komentura hurbiltzea gomendatuko dugu, bertako mojek egiten dituzten gozoak eta txokolateak behatzak miazkatzeko modukoak dira eta.
Amaitzeko, otsaileko Bidaiari aldizkaria jorratuko dugu. Hilabete honetako azalean islatuta agertzen den gaia gaurkotasun handikoa da. Bertan Xabier Bañuelosen artikuluak protagonismoa hartzen du azalduz nola faxismoaren ankerkeriak herri oso baten arnasa ito zuen 1944ko ekainaren 10ean. Oradour sur Glane, Frantziako hego-mendebaldean, Alemaniako naziek hartu eta bertako biztanleak sarraskitu zituzten gupidarik gabe. Geroztik zutik diraute herriaren hondarrek, biktimen oroimena gordetzeko, faxismoa arbuiatzeko eta bisitarien kontzientziak astintzeko.


