Zuzenean

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria
Elkarrizketa
Jose Javier ‘Jotas’ OSES CARRASCO
Rojavara joan den militanteetako bat

«Konfederalismo demokratikoa defendatzen duten eremuetan argi dute ez dutela amore emango»

Mendebaldeko Kurdistan jasaten ari den azken mehatxu inperialistaren aurrean, elkartasun internazionalista. Hainbat euskal herritarrek osatutako ordezkaritzaren parte da 'Jotas' Oses, eta Rojavan ikusi duen egoeraren eta bere burua defendatzeko prest dagoen herri baten berri eman du.  

«Konfederalismo demokratikoa defendatzen duten eremuetan argi dute ez dutela amore emango»

Loading player...
Tentsio giroaren ondorioz, gauero ibiltzen dira herritarrak euren auzoak zaintzen.
Tentsio giroaren ondorioz, gauero ibiltzen dira herritarrak euren auzoak zaintzen. (Lander Arbelaitz | ARGIA CC-BY-SA)

Euskal Herriko ordezkaritza bat heldu zen asteburuan Mendebaldeko Kurdistanera, Rojavara, alegia, Siriaren menpeko Kurdistanera. Gerraren ondorioen lekuko izan dira, Damaskorekin adostutako su-eten hauskorrak utzitako tentsio egoera ezagutu dute, baina 10 urtez aurrera eraman duten iraultza eta gobernu eredu konfederalari eusteko prest daudela ere ikusi dute. Jose Javier ‘Jotas’ Oses Carrasco, Burujabetzaren Aldeko Mugimenduko, Irakasleok Palestinarekin eta GMG EH mugimenduetako kidea eta irakaslea, da Rojavara joan den militanteetako bat. 

Azaldu, mesedez, nola osatu zenuten ordezkaritza hau, norekin koordinatu zareten eta zein den bidaiaren helburua.

Rojavatik nazioartera bidalitako mezua Euskal Herrira ere heldu zen eta eskatzen zuten bertara etortzea hemen gertatzen ari dena lehen eskutik ahalik eta gehien zabaltzeko gure herrietan. Euskal Herriko herri mugimenduan gabiltzan kide batzuek izan genuen aukera bertaratzeko eta hori da egiten ari garen lana, edo saiatzen behintzat.

Non zaudete eta norekin? 

Egunero mugitzen gara leku batetik bestera hemengo eragileen egunerokoa ezagutzeko. Eragileak oso ezberdinak dira: sozialak, politikoak eta herria eta emakumeen defentsa indarrak ere bai.

Zein da herri kurduaren egoera une honetan?

Egoera latza da, baina miresgarria da ikustea nola tematzen diren jarraitzen, eraikitzen alternatiba bat ez bakarrik Ekialde Hurbilerako, baizik eta mundu osorako, non oinarriak diren demokrazia erradikala, feminismoa eta kooperatibismoan oinarritutako antikapitalismoa. Kolpe latza izan da azken urtean Sirian emandako indar korrelazioen aldaketa. Hori agerikoa da.

Aipatu beharra dago ere eseri direla negoziatzera sarraski bat bilatzen duen gobernu batekin, oso hauskorra den prozesu baten baitan, bai. Baina haien indarrak eta determinazioak lortu du hori. Ez da deuseztatu beharreko lorpen bat, kontrakoa baizik. Balorean jarri behar da oraindik mantendu ahal izatea itxaropen hori, martxan jarri duten prozesu iraultzailea ez gelditzeko. 

Su-etena egon zen Damaskorekin baina denok ikusi dugu nola inposatu zen... Kezkaz bizi dute bertakoek ahultasun une hau? Estatu federal batekiko aukera errealista ikusten jarraitzen dute?

Konfederalismo demokratikoa defendatzen duten eremuetan argi dute ez dutela amore emango, haien antolaketa eredua aurrera eramango dutela eta ez diotela uko egingo inondik inora. Ez dute Siriako Estatuarekiko eskakizunik, baizik eta iraultza eta konfederalismo demokratikoa garatzeko determinazio osoa. 

Zein egoeratan daude YPG/YPJ gerrillak AEBren babesa galdu ostean?

Kontziente ziren eta kontziente dira estatu guztien traizioa jasoko dutela. Proiektu antikapitalista bat daukate. Orduan, zer espero behar dute? Egoeraren arabera egokitu behar izan dute. Baina herriaren babesa izaten jarraitzen dute eta horregatik haien autodefentsarako taldeak ere indartuta daude. Hala ere, kontziente dira zer-nolako indarra duen etsaiak, gure etsaiak, bereziki kanpotik jasotzen ari den laguntza guztiagatik.

 

Sarraski bat bilatzen duen gobernu batekin negoziatzera eseri dira, oso hauskorra den prozesu batean. Ez da deuseztatu beharreko lorpen bat, kontrakoa baizik

 

Lurraldetasuna baino, herri kurduaren biziraupena da orain lehentasuna?

Batuta daude biak. Hemen oso argi ikusten da ez direla bereizten.

Kurduen ekarpena erabakigarria izan zen DAESHen aurkako borrokan. Sentitzen dute traizionatu dituztela?

Nola ez. Garaian erabili zituzten, eta orain botata utzi. Argi dute estatu inperialista harengatik ezin dutela ezer espero. 

Aukerarik ba al dago beste eskualdeetako kurduen aldetik laguntza jasotzeko?

Jadanik gertatu da eta gertatzen ari da. Bakurretik (Iparraldeko Kurdistan), Basurretik (Hegoaldeko Kurdistan), edota Rojhilatetik (Ekialdeko Kurdistan), leku guztietatik etorri dira erkideak haien laguntza eskaintzera. 

Euskal Herriak nola erantzun beharko luke Siriako Kurdistanek bizi duen egoeraren aurrean? 

Gure erara, Kurdistandik eskaintzen diguten alternatiba antikapitalista eta antiinperialistarekin bat eginez, hau da, gure herriaren burujabetasuna eraikiz egunez egun eta, horrekin batera, herri boterean oinarritutako alternatibak gauzatzen. Herri zapalduen arteko elkartasuna nonahi praktikan jarriz ere bai. Hori da eskaini ahal diegun laguntzarik onena. 

Jaurlaritza Logoa