Zuzenean
«Jokoan dago instituzioek duten sinesgarritasuna eta herritarrek beraiengan duten konfiantza»
EH Bilduk IV. Konferentzia Munizipalista egingo du otsailaren 21ean Burlatan. ‘Konfiantzarekin bat egin’ izango du lelo. Onintze Oleagak, EH Bilduko udalgintza arduradunak, azaldu du horixe bera dagoela ezker soberanistarentzat, «ezinbestean, politikagintzaren erdigunean».
«Jokoan dago instituzioek duten sinesgarritasuna eta herritarrek beraiengan duten konfiantza»

EH Bilduko ehunka alkate, zinegotzi eta tokiko kargu instituzional bilduko dira Burlatan heldu den otsailaren 21ean IV. Konferentzia Munizipalisten baitan. Ez dute leloa ausaz aukeratu. Onintze Oleaga, EH Bilduko udalgintza arduradunaren hitzetan, «instituzioen erabilgarritasuna» bera zalantzan dagoen honetan, «horretan egin behar dugu indarra». «Eta konfiantza hori egiten dugun lanean oinarritzen da, herriz herri herritarren bizitzak hobetzeko lanean».
«Ezinegona eta interesak» aipatu ditu Oleagak, adibide zehatz, baina argigarri bat jarriz. EUDELen, EAEko udalen elkartearen, asanblada orokorra dute aurki. Lau indar politikok dute ordezkaritza (EAJk, EH Bilduk, PSEk eta independenteek), baina «gobernantza ireki eta komunitarioa sustatzeko eta indar ezberdinen arteko adostasunerako gune» izan beharrean «EAJ eta PSEren akordio gune» bihurtu dela nabarmendu du.
«Noraezean» omen dago erakundea udalgintza arduradunaren ustez, «alderdien interes eta horien adosteko gaitasun eza» tarteko. Legegintzaldi honetako eta hurrengoetarako erabaki «garrantzitsuena» hartu behar dute: zuzendari nagusiaren hautaketa. Aholkularitza enpresa baten bitartez egiteko beharra ikusi du EAJk. EH Bilduk ez du hori «inondik inora» partekatzen: «Diru publikoz finantzatutako erakundea bada gardentasun osoz egin behar dira kontratazio zein hautaketa prozesuak». Kontratazioetarako zenbait arau ezarrita daude dagoeneko eta EH Bilduk ez du ulertzen zergatik «tematu» den EAJ aholkularitza enpresa hori kontratatzearekin, funtsean, «funtzio publiko bat izango litzatekeena enpresa pribatu baten gain uztea».
Etxebizitza larrialdia
Ariketa kolektiboa izango da IV. Konferentzia munizipalista eta gaur egun euskal jendartea gogor kolpatzen duen gaietako bat izango dute hizpide: etxebizitza larrialdia. Udalgintzak, baina, arazo honi aurre egiteko dauzkan gaitasunak «mugatuak eta konpartituak» direla azpimarratu du Oleagak, horregatik iruditzen zaio ezinbestekoa «maila instituzional ezberdinen arteko elkarlan aktiboa». Eredu kontrajarriak daude alderdi politikoen artean. Hala ere, ba omen dago «eztabaidatzeko eremu handi bat eta baita elkarlanerako eremu oso handi bat» ere.
Bidea badagoela egiteko nabarmendu du EH Bilduko kideak, izan «etxebizitza hutsen mobilizazio handi bat eginez, babes maila publikoa duten etxebizitzak eraiki eta birgatuz», edo kostaldeko zenbait herritan egin duten bezala, «erregularizatuz». «Azken hamarkadetako erregularizazio ezak eta merkatu librearen legeak ekarri gaitu etxebizitza larrialdi egoera honetara eta horri heldu behar diogu guztion artean».


