Zuzenean

Iraia Cambra | Iker Gurrutxaga

Haranaren ‘Hurbil’: zaurietatik barkamenera, itsasotik mendira

Mirari Harana MusikHarian izan da ‘Hurbil’ diskoa aurkezten. Country eta folk sustraietatik abiatuta, zauri, harreman eta barkamen prozesuei buruzko lana ondu du, soinu intimo eta garaikide batean. 

Haranaren ‘Hurbil’: zaurietatik barkamenera, itsasotik mendira

Loading player...
Mirari Haranaren 'Hurbil' EP-aren azala.
Mirari Haranaren 'Hurbil' EP-aren azala. (Harana)

Mirari Harana-k, Harana artistak, ‘Hurbil’ izeneko diskoa aurkeztu du, bere izen-abizenetik sortutako proiektu pertsonal eta sendoaren lehen lan luzea. Country eta folk sustraietatik abiatu, eta pop kutsu garaikideetara zabaldu du soinua, zauri, harreman eta barkamen prozesuei buruzko kantu bilduma intimo batean.

Urak bere bidea aurkitzen duen bezala, Haranak ere bere ibilbidea hartu du. Betidanik musikarekin lotuta, duela urtebete erabaki zuen proiektuari forma osoa ematea. Horrela sendotu du Harana izeneko etapa: abizenari erreferentzia eginez, abestiak «txukun grabatu» eta aurkezpen sendo bat egitea.

Folk-etik pop-era, nortasun bila
Diskoko lehen singleak, ‘Hurbil’ kantuak, argi uzten du nondik datorren artista: country eta folk doinuetatik. Nerabezaroan entzundako erreferenteek –Taylor Swift edo The Lumineers bezalakoek– arrastoa utzi dute haren sorkuntzan. Hala ere, denborarekin beste eragin batzuk gehitu zaizkio, eta horiek uztartzea izan da diskoaren bilaketa nagusietako bat.

‘Hurbil’abestian Kantauri itsasoa ageri da, gertuko paisaia eta bizipen askoren lekuko. Kantuak harreman baten eraldaketa du hizpide: apurketa ez da beti dramatikoa izan behar; maitasunetik eta ternuratik ere eraldatu daiteke lotura bat. Minetik harago, heldutasunerako pausoa proposatzen du.

‘Venezia’: ezegonkortasunaren elkarrizketa
‘Venezia’ kantuak aldaketa nabarmena dakar. Hasieran piano giro lasaian sortua, ekoizpen prozesuan eraldatu eta soinu dinamikoago eta poperoago batera eraman zuten. Country-tik urrundu, eta erritmo biziagoekin jantzi zuten pieza.

Veneziara egindako bakarkako bidaia batean idatzia, hiriaren eta artistaren arteko elkarrizketa modura planteatzen da. Lau urtaroen irudia – Vivaldiren ‘Lau Urtaroak’ entzun ondoren– metafora bilakatzen da: egonkortasuna lortzeko behar den «bosgarren urtaroa» bilatzen du Haranak. «Ezegonkortasun pertsonal» batetik sortutako kantua da, baina «itxaropen keinu» batekin.

‘Ziztadak’: zaurien oihartzuna
Diskorako lehenengo sortutako abestia izan zen ‘Ziztadak’, eta eraldaketa ugari bizi izan ditu. Hasiera akustikotik abiatuta, ekoizpenean iluntasun eta desegonkortasun puntu bat bilatu dute: akorde «zintzilikatuak», lo-fi giro ukituak eta tentsio harmoniko sotilak.

Ziztadak ez dira harreman konkretu bati lotutakoak soilik; «barneko zauriek ustekabean» eragiten duten min zorrotz hori dira. Sendatze prozesuan zaudenean, batzuetan jakin arren min egingo dizun lekuetara itzultzen zarela dio kantak: «isiltasunetik eta intimitatetik eraikitako pieza da».

‘Abuztuak 13’: hondotik barkamenera
‘Abuztuak 13’ da diskoaren une dramatikoenetakoa. Nostalgia, piano tonaltasun minorra eta hari-instrumentuen presentzia nabarmena uztartzen dira, ia pieza sinfoniko bihurtzeraino. Haranak berak aitortu du «orkestrarekin jotzea amets» lukeela, dramatismo hori areagotzeko.

Abuztuaren 13tik urriko 13ra doan barne-bidaia kontatzen du: hondoa jo, eta barkamenera iristeko prozesua. «Besteak barkatzea bezain garrantzitsua da norbera barkatzea» eta kantuak prozesu horren amaiera markatzen du.

‘Gorbeia’: sustraiak eta transmisioa
Diskoari amaiera ematen dion ‘Gorbeia’ kantuak mendira eramaten du entzulea. Piano organiko eta gordina, txorien hotsak eta testura naturalak erabiliz, egunsentiko mendiko giroa irudikatu dute. Pop-rock egitura klasiko bati ñabardura atmosferikoak gehitu dizkiote.

Oholtzaratzea
‘Hurbil’ diskoak edizio fisikoa izango du. Zuzeneko aurkezpena apirilaren 16an egingo du, Bilboko Bira kultur elkartean, talde formatuan; «gaur egungo panorama» zaila dela aitortu arren, oholtzara igotzeko prest dago.

Jaurlaritza Logoa