Zuzenean

Iraia Cambra | Iker Gurrutxaga

Maialen Ibarraren ‘16 segundu’: denboraren kontra eta kontraesanen alde

Maialen Ibarra (Basauri, 2001) Musikharian izan da bere bigarren lana, ‘16 segundu’, aurkezten. 12 kantuz osatutako diskoan denboraren presaz, kontraesanez eta barne-elkarrizketez aritu da, sormen prozesua eta erreferentzia musikalak xehetuz.

Maialen Ibarraren ‘16 segundu’: denboraren kontra eta kontraesanen alde

Loading player...
Maialen Ibarraren '16 segundu' diskaren azala.
Maialen Ibarraren '16 segundu' diskaren azala. (Maialen Ibarra)

Maialen Ibarrak bigarren diskoa aurkeztu du, ‘16 segundu’, 12 kantuz osatutako lan luzea eta kontzeptuala. Izenburuak berak ematen du abiapuntua: batez beste 17 segundu ematen omen ditugu artelan bati begira. Denbora murriztu horren aurrean, Ibarrak segundo bat lapurtu eta bere egin du ideia, arreta, kontraesan eta barne-elkarrizketen disko batean bihurtuz.

Lanaren sarreran, Kirmen Uribe idazlearen ahotsa entzuten da, ‘17 segundu’ (2019) liburuko pasarte batekin. Ibarrrak azaldu du testu horrek “klik” bat eragin ziola sormen-prozesuan: «Pentsatzen jarri nintzen ea nork jarriko duen arreta lan honetan, nork eskainiko dien denbora abesti hauei». Idazlearekin harremanetan jarri, eta berehala jaso zuen baiezkoa. Horrela, introa disko osoaren giltza bilakatu da.

Kontraesanak ardatz
‘16 segundu’ diskak kontraesanak ditu oinarri. Maialen Ibarrraren hitzetan, diskoa «ni eta nire beste pertsonaia baten arteko elkarrizketa» da. Fase emozionalak, harreman baten tirabirak, erruaren bilaketa eta askapena ageri dira kantuz kantu.

‘Beti falta da zerbait’ singleak aurrera egiteko beharra jartzen du mahai gainean, tempo geldo baina irmo batekin. ‘Bi tiro’ abestiak sekretuen zarataz hitz egiten du, harremanetan gordetzen diren egiek sortzen duten oihartzunaz. ‘Nire errua’k laguntasun baten haustura jorratzen du, errudunaren bila dabilen ahots batekin, nahiz eta erantzuna ez den beti pertsona bakarrean aurkitzen.

Pop unibertso zabala
Musikalki, diskoak geruzaz geruza eraikitako produkzioa du. Soinu elektronikoak eta akustikoak uztartu dituzte, 80ko hamarkadako erritmo-kutxen oihartzunak, pop amerikarraren erreferentziak eta garaje kutsuko gitarra gordinak nahastuz.

‘Equilibrio perfecto’ eta ‘Dulce rabia’ kantuek maitasun-gorroto harremanak aztertzen dituzte, eta bigarren horretan, gainera, keinu berezia dago: pianoaren soinua Mikel Laboa-ren ‘Izarren hautsa’ kantutik hartutako sample bat da, tradizioa eta gaurkotasuna lotuz.

Kolaborazioen artean, Eider Saezen ahotsa nabarmentzen da, distantziako harreman bati buruzko kontakizunean intentsitatea gehituz. Tronpetak, perkusio digitalak eta ahots distortsionatuak diskoaren aniztasuna sendotzen dute.

Agurra eta eskertza
Lanari amaiera ematen dion ‘Agur maitia’ abestiak hasierako giro intimoa berreskuratzen du. Hitzak entzuleari zein bere iraganeko buruari zuzentzen dizkio artistak, eskertza eta agurra uztartuz. Disko osoan zehar egindako barne-bidaia borobiltzen du.

‘16 segundu’ fisikoki eskuratu ahal izango da zuzeneko emanaldietan. Maialen Ibarrrak argi du mezua: 16 segundu baino gehiago merezi dute kantu hauek. Denbora gelditzeko gonbita dira, poesia erritmoan, presaren garaian.

Jaurlaritza Logoa