Zuzenean

Biharko Lurraren Elkartea tokiko hazien babesean eta berreskurapenean murgildua da tokiko laborantza biologiko eta autonomoa sustatzeko. Elkarteko kide Niko Mendibourek Amikuzen eman hitzaldian landu zuen bertako barietateen gaia.
BLE-k Hazien Aniztasuna Zaindu Iparraldean akronimoari erantzuten dion HAZI sarea proiektua du martxan, non helburua den tokira egokituak diren herri-haziak biltzea etxaldeek eskuragarri izan ditzaten. Modu horretan, «gizartea sentsibilizatu» nahi da eta hazi eta jakintza ondare kolektiboa zabaldu, ohartu baitira hazien gaia «ez dela biziki aipatua ez ikaskuntzan ezta egunerokotasunean ere».
Niko Mendiboureren arabera, gaiarekiko etena ez da ausazkoa izan, «prozesu antolatu bat izan da galtze hori emateko». Azken 100 urtetan eredu industriala eta hautaketa profesionala azkar sartu dira hazien sektorean eta homogeneizazio orokor baterako bidea markatu da. FAOren 1999ko datuek ziotenez, landareen aniztasunaren %75 galdua zen azken mendean eta, egungo datuei erreparatuz, berriz, %83 galdua omen dago. Aniztasun galera hori zuzenki dago lotua dinamika kapitalistekin eta sektorearen pribatizazioarekin.
Nork du hazien jabetza?
Amikuztarrak argi du, «enpresa multinazionalak elkarren artean saldu-erosi dira eta 6 hazi-enpresa multinazionalek hazien ekoizpenaren %60ren jabetza dute». Jabetza pribatuak eta kimikak, beraz, gain hartu dute hazien munduan. «Enpresek lortu dute kontzentratzea bi botere nagusi: haziak eta kimika. Hazien jabetza eskuratu dute eta baita kimikarekiko mendekotasuna garatu ere».
Era berean, entitate pribatu horiek haziekin egiten duten negozioa hazien ezaugarrietan ere oinarritzen da eta, bertan, argibide batzuk eman ditu Mendibourek: Herri haziak eta hibridoak. Herri haziak dira etxaldeko haziak, erabiliak diren lekuetan hautatuak, aldakorrak eta anitzak. Kolektiboki trukagarriak dira eta jabetza librea dute. Hibridoa, aldiz, artifizialki bi gurasoen leinuak luzaz hautatu ondoren eraikitako hazi bat da, ezaugarri batzuk indarrarazi eta beste batzuk murriztu zaizkiona. Estandarizatuak dira eta antzuak, ez-errepikagarriak.
Bada, egungo egoerari begira, sortzen ari diren gatazkei heldu zien Mendibourek; izan ere, «2024ko uztailean Europako batzordeak lege-proposamen bat aurkeztu zuen orain arte indarrean egon den Geo berriei buruzko araudia desarautzeko, horien zirkulazioa errazteko eta, aldi berean, GTBak GEO gisa sailkatzeari utzi nahian». GEO da genetikoki eraldatutako organismoa, hazi landare baten hazia. Landare horren material genetikoa (DNA) ingeniaritza genetikoaren bidez eraldatua izan da eta ezaugarri bereziak ematen dizkio, ohiko hautaketa metodoen bidez lortu ezin direnak. GTB, berriz, Genomiko Teknika Berriak dira, sortutako haziak, genoma aldatzeko teknika berriak erabiliz material genetikoa aldatu zaien haziak dira, mutagenesi zuzendua edo edizio genomikoa beste espezie bateko DNA arrotzik sartu gabe. Arriskutsutzat ikusten da lege-proposamen hori, besteak beste, hazien gaineko informazioa ezkutatzen baita, laborariak ezjakinean izatea eragingo baitu eta trazabilitate galera proposatzen duelako. Beraz, «bihar, uzten badugu hori dena egiten, berdin ukanen ditugu gure egunerokotasunean hazi batzuk horrela sortu direnak guri galdegin gabe zer nahi dugun laborantxa sistema bezala». Egoera horren aurrean, hazien babeserako kolektiboen eta horien saretzeen beharra azpimarratu du BLE-ko kideak.



