Zuzenean

Lander Martinez

«Antzerkian harrobia badago»

Beste urte batez, Udaleko Donostia Gazteriak, Donostia Kulturaren laguntzarekin, 37. Gazteen Antzerki Topaketa antolatu du, eta jadanik zabalik dago horretan izena emateko epea. Horren berri gehiago jakiteko NAIZ Irratian izan da Leire Orella, Donostiako Udaleko Gazteria Teknikaria.

«Antzerkian harrobia badago»

Loading player...
Gazteen Antzerki Topaketaren 36. edizioko sari banaketa
Gazteen Antzerki Topaketaren 36. edizioko sari banaketa (Udaleko Donostia Gazteria )

37. Gazteen Antzerki Topaketaren atarian gauden honetan, Leire Orella Donostiako Udaleko Gazteria Teknikaria izan dugu NAIZ Irratian. Egun Euskal Herrian, eta zehazki Donostian, antzerkiak bizi duen egoeraren gainean baikor agertu da, bere hitzetan «harrobia badago», eta gura duen orori proiektuan parte hartzeko deia luzatu dio, bai antzezle gisa baita ikusle gisa ere.

Orellak nabarmendu nahi izan du Gazteen Antzerki Topaketan izaten duten eskaintza denetarikoa dela, obra originaletatik hasiz obra klasikoen berrinterpretazioetara gerturatzen diren antzezlanak izaten dira, eta antzerkia antzerki klasikoarekin ez dela nahastu behar gaineratu du. «Interpretazioak denetarikoak izaten dira, mota askotakoak. Badira umorezko antzezlanak, baita dramak, eta obra originalak eta antzezlan klasikoen interpretazioak aurkitu daitezke; pasa den urtean adibidez Romeo eta Julieta klasikoa gaurko egunerokotasunera ekarri zuen gazte talde batek hartu zuen parte».

Antzerkiaren jaialdi honetan parte hartzeko izen emate prozesua abian da jada, martxoaren 11ra arte izango dute aurkezteko epea, eta 20 taldek parte hartu ahal izango dute. Baldintzen artean, 14 eta 30 urteko antzezleek osatutako taldeek izena eman dezakete, eta Orellak azaldu duenez, lehentasuna izango dute Donostiako taldeek, axola gabe eskoletatik edo interpretazio elkartetatik datozen edota lagun talde bat baino ez diren. Puntu gehigarriak izango ditu ere parte-hartze prozesuan antzezlanak euskaraz izateak.

Leire Orellak Gazteen Antzerki Topaketan parte hartzeko deia luzatu du, bai antzezle gisa baita ikusle gisa. Obrak 3 eurogatik ikus daitezkeela gogoratu du gazteria teknikariak, ohiko kultura eta aisi eskaintzarekin alderatuta «desberdina eta merkea» dela nabarmenduz.

 

Jaurlaritza Logoa