Zuzenean

Malen Frantsesena Arnaiz

«Saiatzen gara Ernai egiten ari denaren isla izan dadin abestia, eta aurtengoan asmatu dugu»

Apirilaren 2tik 5era ospatuko da Abadiñon 2026ko Ernairen Gazte Topagunea. Atzo iluntzean kaleratu zuten ‘Biharra izan’ izeneko abestiaren bideoklipa. Arene 6 eta Sua taldeek osatu dute abestia eta honetaz gehiago jakiteko ZEBRABIDEAN izan dira Arene 6ko Koldo Rivero eta Ernaiko Maddi Urruzuno.

«Saiatzen gara Ernai egiten ari denaren isla izan dadin abestia, eta aurtengoan asmatu dugu»

Loading player...
Arene 6 eta Sua taldeek elkarlanean sortu dute kantuaren bideoklipa
Arene 6 eta Sua taldeek elkarlanean sortu dute kantuaren bideoklipa (ERNAI)

Apirilaren 2tik 5era ospatuko da Abadiñon Ernairen Gazte Topagunea. Hitzaldiak, tailerrak, emanaldiak, eta nola ez, musika. Bide horretatik joan da gaurko Arrosa Sareko ZEBRABIDEA magazineko saioa. Izan ere, Abadiñon San Blasetan zeudenek, aurtengo abestia entzuteko aukera izan bazuten ere, pasa den ostegunean zabaldu zen abestia, eta atzo iluntzean egin zen aurkezpen ofiziala, bideoklipa kaleratzearekin batera. ‘Biharra izan’ izeneko abestia, Arene 6 eta Sua taldeek osatu dute, eta horren ingurun gehiago jakiteko ZEBRABIDEAN izan dira Arene 6ko Koldo Rivero eta Ernai Gazte Antolakundeko Maddi Urruzuno.

Abadiñon San Blasetan ikusi zuen argia lehenengoz abestiak, baina bazeramatzaten hilabete batzuk sekretua gordetzen: «Azaroan jaso genuen proposamena. Ilusio handia egin zigun eta biltzen hasi ginen abestiaren prozesua abiatzeko». Talde hauek aukeratzearen arrazoiaz galdegitean, Urruzunok argi azaldu du: «Uste dugu Sua eta Arene 6 momentu honetan euskal eszenan pil-pilean dauden bi talde direla. Estilo musikalak ezberdinak izan daitezke, baina pentsatu genuen bat egiteko aukerak zeudela eta gazteriak entzuten dituen bi talde izanik aukera ona zela biak elkartuta osatzea abestia».

Arene 6ko abeslaria arduratu da letra idazteaz gazte antolakundeko kideekin batera zehaztutako ideien gainean, eta elkarlanaren emaitza izan dela azpimarratu zuten.

Letrari erreparatuta, eta azken urteetakoekin konparatuz, «zuzenagoa» dela kontatu zuten: «Hori guztion artean adostu genuen; argia, zuzena eta indartsua izatea zen helburuetako bat, eta hala geratu dela uste dugu». Urruzuno ere ados dago hitzek transmititzen dutenarekin: «Urtero saiatzen gara Ernai egiten dabilen horren isla izatea abestia bera eta abestiak transmititzen duena. Aurtengoan bete-betean asmatu da horrekin; Ernairen funtsarekin bat egiten du».

Jaurlaritza Logoa