Zuzenean
«Herri libre batek herritar libre eta jantziak behar ditu»
Josu Etxaburu Gure Esku-ko eleduna NAIZ Irratian izan da, otsailaren 28an Bilbon egingo duten II. konferentzia subiranistaren berri emateko. Burujabetza, nazioa eta etxe barruko adostasunak izan ditu hizpide, nazioarteko testuinguruari ere erreparatuta.
«Herri libre batek herritar libre eta jantziak behar ditu»

Gure Esku-k otsailaren 28an Bilbon egingo du II. konferentzia subiranista, burujabetza eta XXI. mendeko nazioaren inguruko gogoeta sustatzeko asmoz. Josu Etxaburu eledunak NAIZ Irratian azaldu duenez, beharrezkoa da «naziogintzaren inguruko eztabaida espazio partekatuetara eramatea» eta herritarren artean zabaltzea.
«Momentu honetan naziogintzan eta burujabetzaren alde lanean ari garen eragile eta norbanakoek gogoetarako eta iritziak trukatzeko espazioak behar ditugu. Debate hori kalera atera behar da», adierazi du.
Nazioarteko testuinguruari dagokionez, burujabetzaren eta nazioaren ideiak «berriro ere erdigunean» daudela nabarmendu du, baina Gure Esku-k bestelako ikuspegi baten alde egiten duela zehaztu du: «Gu sinestuta gaude badagoela eredu ireki eta inklusibo bat, esentzialismoari begiratzen ez diona eta herritarren eskubideetan oinarritzen dena».
Bilboko hitzorduan Estatuen itzulera aztertuko dute, eta Kataluniako egoerari ere begiratuko diote, besteak beste, Omnium Culturaleko ordezkarien parte-hartzearekin. Etxabururen hitzetan, konferentziak «pedagogikotik eta topagune izatetik asko» izango du.
Espainiako eta Frantziako testuinguru politikoari buruz galdetuta, lehentasuna etxe barruko lanketari ematen diotela azpimarratu du: «Kanpora begiratzea beharrezkoa da, baina trinkotu behar duguna gure komunitatea da. Gure arteko adostasunak landu behar ditugu».
EAEko estatus berriaren negoziazioari dagokionez, erabakitzeko eskubidea jasota geratu behar dela defendatu du: «Oso arraroa litzateke nazio aitortza ematea eta nazio hori osatzen dugunon eskubideak ukatzea. Onartzen den horrek herritarron parte-hartzea behar du».
Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan martxan diren prozesuei buruz ere baikor mintzatu da. «Gure lurraldeetako edozeinek burujabetza prozesuan aurrera egiten badu, horrek beste lurraldeetako prozesuak ere indartzen ditu», azaldu du.
Azkenik, Herritu ekimenaren nondik norakoak azaldu ditu, komunitatea indartzeko tresna gisa aurkeztuz. «Herritu da komunitatea garela adierazteko tresna bat, euskal herritarrak garela esateko eta munduari nazio bat garela erakusteko», nabarmendu du.


