Zuzenean
«Orain arte baino hobeto ez dute jokatuko; bero irten beharko gara, deskonexiorik izan gabe»
2023ko azaroan lehen aldiz jokatu zuen Alex Goitiak (Markina-Xemein, 2001) titular gisa Winter Series txapelketa. Zestan bide luzea egindako bi abizen ditu, Goitiandia eta Goiogana, eta bera segida horretako beste katebegi bat da. Igande honetan txapela jantzi nahi du.
«Orain arte baino hobeto ez dute jokatuko; bero irten beharko gara, deskonexiorik izan gabe»

Igande honetan jokatuko da, Gernikako Jai Alai pilotaleku mitiko eta ederrean, Winter Serieseko finala (12.00etan). Goitia-Lekerika bikoteak Johan eta Basque izango ditu aurrean, parekatua egongo den neurketan. Alex Goitia gonbidatu du NAIZ Irratiak partida aztertzeko.
Zer moduz zaude finalera begira? Urduri, akaso?
Ondo. Urduri, egia esan, zero. Badakigu zer egin behar dugun, badakigu gauzak ondo egin behar ditugula.
Nola joan da ligaxka?
Egia esan, nahiko ondo jokatu dugu. Urreistiren eta Lopezen kontra partida ona izan zen, baina kosta egin zitzaigun. Errebesez aritzen diren pilotarien kontra gehiago kostatzen zaigu jokatzea, eurek dominatzen dutelako eta niri ez didatelako jokoan sartzen uzten. Baina nahiko gustura. Orain arte nahiko hasiera hotzak egin ditugu eta hori da gaizki joan zaiguna. Urreisti-Lopez bikotearen aurka lehenengo seta irabazi genuen eta bigarrenean, momentu batean, deskonexioa izan genuen eta bost tanto oparitu genizkien. Final batean halakoak ezin dira egin eta oparirik ez egitea izango da gakoa.
Beraz, kontzentraturik atera beharko duzue.
Bai. Oso bero irten behar dugu, kontzentratuta eta jakinda zer lan egin behar dugun. Nik uste dut pilota motelak aterako dituztela Lekerika dominatu eta atzean mantentzeko. Beraz, ni pixka bat atzeratu beharko naiz laguntza emateko, Leke-k errebesean gehiago jokatzen badu. Beraiek sekulako maila ematen ari dira. Orain arte baino hobeto ez dute jokatuko; beraz, esperantza daukat ea pixka bat gaizki jokatzen duten, eta ikusiko da ea Johan Daniako bidaiatik nola bueltatzen den.
Txapelketa bikote guztien parekotasunaren adierazle izan dela esan daiteke.
Bai. Urreisti-Lopez atera ziren faborito gisa. Egia esan, txapelketa berriro hasiko balitz, nik beraiek jarriko nituzke faborito moduan. Lopez asko prestatzen aritu da, errebesa sartzen ibili da, pilota asko sartzen. Oso ondo jokatzen ibili da, baina aurreko partidan ikusi zen Basque sekulako txapelketa jokatzen ari dela. Barandika ere oso ondo jokatzen ibili da, lesionatu arte. Txapelketa nahiko parekatua egon da. Gu laugarren edo bosgarren bikotea ginela esaten genuen, baina finalera iritsi gara eta oso pozik gaude.
Ligaxkako lehen jardunaldian Urreisti-Lopezen aurka irabazi zenuten, baina hirugarren setean. Zer oroitzapen dituzu?
Horko oroitzapena da lehenengo set nahiko polita jokatu genuela eta komunikazioz ona. Gero, bigarren setean, seina edo zortzina joan ginen, eta bost tantoko aldea hartu zuten beraiek. Deskonexio puntu hori dela-eta bigarren seta galdu genuen. Hirugarren setean topera atera ginen, baina lehenengo hiru tantoak beraien alde erori ziren, gero tantoa egitea lortu genuen, 4-1 galtzen joan ginen... Hemen tanto guztietan borrokatu behar da, azken tantora arte ez da partida amaitzen, eta lau tanto jarraian egin genituen. Uste dut merezita irabazi genuela.
Zu oso fin ibili zara aurreko koadroetan. Pozik al zaude erakutsitako jokoarekin?
Egia esan, oso gustura. Pilota asko sartu dut, gauza asko ondo egin ditut: sakea kendu, errematatu, dominatu, errebotean... Orain azken pausoa falta da, lan asko egin behar da hemen egoteko; beraz, orain txapela nahi da.

Atzeko koadroetan Lekerika ere ongi baino hobeto aritu da. Nola definituko zenuke zure bikotearen txapelketa?
Leke-k defentsiboki oso lan ona egin du. Uste dut partida guztietan nahiko ondo jokatu duela Barandikaren eta Basqueren kontra izan ezik. Badakit haien aurka jokatu aurreko astean beste partida batzuk jokatzen aritu zela beste pilotalekuetan eta nik uste dut hori igarri zuela karga aldetik. Finalean Leke berriro ere defentsiboki ondo arituko den susmoa dut. Orduan, itxoin beharko dugu ea besteek pixka bat maila jaisten duten, guk dominatzen dugun eta ni jokoan gehiago sar naitekeen.
Zer partida espero duzu igande honetan?
Irabazteko asmoa beti izan behar da. Norberak ez badu sinesten, nork sinetsiko du? Niretzat, gogorrenetarikoa Basque da, asko dominatzen duelako eta errebesaz, azken aldian behintzat, oso dominatuta sentitzen garelako. Niri jokoan sartzea gustatzen zait, eta jokoa kendu egiten dit. Badakit pilota motela aterako dutela, joko antzerakoa egingo dutela. Guk dominatu beharko dugu, aukera dugunean.
Bestalde, nola dago, zure ustez, zesta-puntaren osasuna?
Orain oso ondo dago. Ikusten da desiratzen daudela zesta ikusteko. Sarrerak segituan saldu ziren. Ea horrela jarraitzen duen eta beste txapelketa edota pilotaleku batzuk sartzen diren. Ikusleak oso ondo ari dira erantzuten eta guk, pilotariok, partiden bitartez ea ikusarazi ahal dugun.
Izan ere, Gernikako frontoian betekadak ikusi ditugu eta zuek maila bikaina erakutsi.
Bai. Oso pozik nago eta kaletik esaten didate gustatzen zaiela nire jokoa, bizia, elektrikoa. Hori kalean entzuteak oso pozik jartzen nau. Finalean berriro kristoren betekada eta giroa izango dira. Orain arte txapelketa arratsaldez izan da, baina orain goizez jokatuko da. Faktore batzuk aldatzen direla uste dut: zeinek egin duen hobeto lo, urduritasuna kudeatzen duena... Norberak topera prestatu behar du, ahalik eta ondoen jokatzeko.




