Zuzenean
«Galderetatik abiatzen naiz: egia deserosoa bada ere, hortik kantatu nahi dut»
Olaia Inziarteren unibertsoan ez dago erantzun itxirik. Kantetan egia, identitatea eta belaunaldi baten zauriak agertzen dira, baina ez diskurtso borobil moduan: galdera moduan baizik. ‘Egiegia’ eta ‘Never Be Like Her’ abestiak izan dituzte aztergai MusikHarian Iraia Cambra eta Iker Gurrutxagak.
«Galderetatik abiatzen naiz: egia deserosoa bada ere, hortik kantatu nahi dut»

Olaia Inziartek sare sozialek eragindako betekadaren, gerra irudien eta eguneroko kontraesanen artean sortu ditu ‘Egiegia’ eta ‘Never be like her’ abestiak. Mikrofonoa edukitzeak ardura dakarrela uste du, eta ez posizionatzea ere posizio bat dela. Zalantzatik, zaurgarritasunetik eta intuiziotik eraikitzen du bere hizkuntza propioa.
Olaia, eskerrik asko gurekin egoteagatik. Hasierara joatea gustatzen zait beti. Nola hasi zen zure bidea musikan?
Ez zen erabaki estrategiko bat izan. Lehen diskoa atera nuenean hasi ziren kontzertuak eta musika eskolan klaseak emateko aukerak. Momentu batean pentsatu nuen: «Agian hemen jarri behar dut fokua». Eta horrela bihurtu zen ogibide. Baina badakit zorte handia dudala, musikaz bizitzea oso zaila delako.
Zure kantetan maiz ageri dira egia, identitatea, ez enkajatzea… Zer leku du zalantzak zure sormen prozesuan?
Gero eta handiagoa. Lehen diskoan askatasun handiagoa sentitzen duzu, inork ez duelako ezer espero. Gero zalantzak hazten dira. Hala ere, bada intuizio une bat: zirriborro asko egin ondoren, bat-batean badakizu hori dela. Eta momentu horretan ez dut kanpoko iritzian pentsatzen.
Eta nolakoa da egiarekiko duzun harremana? Badakigu askotan deserosoa dela.
Egia mingarria da, baina beharrezkoa. Hala ere, ulertzen dut bakoitzak bere egia eraikitzen duela. Nire egia ez da zertan zurea izan. Horrek konplexuago egiten du dena.
‘Egiegia’ kantaren hasieran galdetzen duzu: «Deus ez bada egiegia, zer dugu kantatuko?».
Musika bera kolokan jarri nahi zenuen?
Bai. Batzuetan sentitzen dut ezerk ez duela balio. Sare sozialetan dena doa oso azkar, dena epaitzen da. Zerbait egiten duzu mundua pixka bat aldatzeko eta sentsazioa da ez dela nahikoa. Hortik dator galdera.
Zer da «egiegia» zuretzat?
Egia bera neurtzeko ezintasun hori. Denok hitz egiten dugu egiaren izenean, baina bakoitzak bere iragazkiak ditu. Hala ere, badira min eta injustizia objektiboak, eta horiei begiratu behar zaie.
«Garai makurrak gazteendako» diozu. Belaunaldi moduan etorkizuna lapurtu zaigula sentitzen duzu?
Bai. Etxebizitza bat izatea ia ezinezkoa da, lan prekaritatea handia da, eta mundu mailako egoerek distopikoak dirudite. Normala da gazteak galduta egotea.
«Scroll egiten ari zara: genozidio baten irudiak eta hurrengoan makillaje tutorial bat. Burmuinak ezin du hori ongi kudeatu»
Testuinguru horretan, musika salaketa da ala babesleku bat?
Bi gauzak. Musika partekatzeko modua ere politikoa da. Mikrofono bat baduzu, ardura bat ere baduzu.
«Toki bat ez aukeratzea, bat aukeratzea da» diozu. Neutraltasunik ez dago?
Uste dut ezetz. Ez posizionatzea ere posizio bat da. Kontziente izan behar dugu zer isiltzen dugun eta zer esaten dugun.
«Get ready with me» eta gerra esaldi berean jartzen dituzu. Nola bizi duzu informazioaren betekada?
Scroll egiten ari zara: genozidio baten irudiak eta hurrengoan makillaje tutorial bat. Burmuinak ezin du hori ongi kudeatu. Kontraesan hori da kantaren muina.
«Ez du kristalak egin guk dugun ebakia». Belaunaldiarteko zauriez ari zara?
‘Kristalezko belaunaldia’ deitu digute. Nik uste dut ez garela kristalezkoak; jaso dugun guztiagatik eraiki dugu geruza bat, geure burua babesteko.
«Ume horien bizia konpondu» esaldia mantra gisa ageri da. Nor dira ume horiek?
Palestinako genozidioaren irudiek eragin zidaten. Ume horiek dira, baina baita gure barruko haurrak ere, edo gizarteak huts egin dien guztiak.
«Oholtzan gorputza jarri behar duzu. Nire irudia gehiago ikusi dut pantailatan ispiluan baino. Horrek desgastea sortzen du»
‘Never be like her’ kantuan, «I will never be like her and I don’t want it» diozu. Nor da «her»? Sistemak inposatutako emakume moldea?
Hasieran pertsona konkretu bat zen, konparazio batetik zetorrena. Baina gero zabaldu zen: inposatutako irudi bat ere bada, emakume izatearen molde jakin bat.
«Ez zait kabitzen dikotomia». Zer da erdibidean egotea?
Askotan behartzen gaituzte aukeratzera. Baina bizitza ez da hain sinplea. Erdian egotea edo etiketarik ez hartzea ere posizio bat da.
«Ez ditut maite nire titiak, okertu egin zait bizkarra». Zenbateraino da gorputza borroka eremu bat?
Handia da. Oholtzara igotzen zarenean gorputza jarri behar duzu. Nire irudia gehiago ikusi dut pantailatan neure ispiluan baino. Horrek desgastea sortzen du.
«Aurkezten naizelako beti ttikia» ere aipatzen duzu kantuan. Sentitu duzu inoiz zure ahotsa txikitu dutela?
Bai. Esperientzia konkretu batek urte luzez oso txiki sentiarazi ninduen musikari bezala. Baina, ironikoki, musikak berak lagundu dit horri buelta ematen.
«Nahi dut joan herrira, betiko tokira». Zer da herria zuretzat?
Etxea eta gatazka emozionala aldi berean. Sustraiak, maitasuna eta mina. Kontraesan bat.
«Ez luzatu besoa ukitu nahi baduzu bakean utzi beharrekoa». Zergatik kostatzen zaigu besteen mugak errespetatzea?
Generoarekin lotura handia du. Ahul bezala interpretatua bazara, zure mugak ez dira serio hartzen. Horregatik batzuetan letren bidez uzten ditut oso argi.
Zure kantetan identitatea galdera moduan ageri da, ez erantzun moduan. Kontzientea da?
Ez daukat ezer oso argi. Horregatik, galderak egitea errazagoa da erantzunak ematea baino.
Zer nolako ardura sentitzen duzu zure hitzek beste pertsona batzuen barrenarekin konektatzen dutenean?
Saiatzen naiz gehiegi ez pentsatzen, bestela erotu zaitezke. Ezin duzu dena kontrolatu.
Nekagarria da zure barrua horren agerian jartzea?
Bai. Azkenean, jende ezezagunak zuri buruzko gauza oso intimoak entzuten ditu, baina zure inguruak orain arte ez zekizkien gauzak entzuten dituenean abestien bidez, sortu daitezkeen elkarrizketa eta galderak ere ez dira erosoak izaten. Batzuetan elkarrizketa oso politak sortzen dira, baina badu deserosotasun puntu bat.
Zure sormen prozesua nondik hasten da normalean?
Beharretik. Buruan pilatutako ideiak konektatzen direnean. Instrumentu bat jotzen ari naizela etortzen da une hori, eta badakizu hortik tira egin behar duzula.
Nola datoz hurrengo aste hauek kontzertuekiko?
Desastre bat naiz datekin, baina Zarautzeko Modelo aretoan egonen gara hurrengo astean. Ia sarrera guztiak salduak daude. Eta beste datak nire sare sozialetan igota izango dituzue.
Mila esker Olaia, gaurkoan gure gara hurbiltzeagatik.
Eskerrik asko zuei.



