Zuzenean

Teo Alberro Pasaiako alkateak NAIZ Irratian azaldu duenez, Pasaiako portuaren inguruko eztabaida ez da soilik eskuduntzen auzia, baizik eta etorkizuneko ereduarena. EAJ eta PSEren arteko desadostasunek piztu duten ika-mikaren aurrean, arduraz jokatzeko deia egin du.
Alberroren hitzetan, «ez da bakarrik zeinen esku geratu behar den, baizik eta zertarako eta zein plangintzarekin». Haren ustez, transferentziaz harago, beharrezkoa da azterketa sakona egitea eta portuak herritarren egunerokoan duen eragina kontuan hartzea.
Alkateak nabarmendu du portua ez dela soilik azpiegitura ekonomiko edo industrial bat. «Portuak badu arlo ekonomikoa, soziala eta laborala, baina baita bizikidetzarako eragina ere», azaldu du. Zarata, kutsadura eta espazioaren kudeaketa bezalako gaiak mahai gainean jarri ditu, eta udalerriek erabakiguneetan parte hartzea aldarrikatu du.
Halaber, portuaren lehiakortasunari buruzko eztabaidaz ere mintzatu da. Eskuduntza Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzeak galerarik ekarriko lukeen galdetuta, zuhurtziaz erantzun du: «Horretarako azterketa serio bat egin behar da. Ez da nahikoa nahi politikoarekin».
Ekonomiari dagokionez, portuak enplegua eta jarduera sortzen dituela onartu du, baina ekarpen ekonomikoa ez dela behar bezala udalerrietara iristen salatu du. Hala ere, aurrerantzean azpiegiturei lotutako zerga berri bati esker baliabide gehiago jasotzea espero dutela adierazi du.
Arrantzaren sektoreari buruz ere baikor agertu da. Bere esanetan, Pasaian dagoen Blas de Lezo Itsas Eskola baliatu behar da sektorearen erreleboa bermatzeko eta portuaren jarduera dibertsifikatzeko.
Alberrok argi utzi du portuaren etorkizuna ez dela soilik erakundeen arteko eztabaida izan behar: «Herritarren hitza entzun behar da, portuak gure eguneroko bizitza baldintzatzen duelako».


