Zuzenean

2019an iritsi zen Ekain Imaz Biarritzera, Ordizia Rugby elkartean urte bikaina egin ostean. 2023an egin zuen D2 Pro ligan debuta, eta orain kontratua 2028ra arte luzatu du Biarritz Olympique taldearekin. Klubarekin kontratua sinatzea «oso erraza» izan dela onartu du NAIZ irratian: «Bi aldeek kontratua luzatzeko nahia argi genuen».
Azken hilabetea zelaitik kanpo eman du, lesio bat tarteko, eta «itzultzeko gogotsu» dagoela adierazi du. Min hartu aurretik, sasoi onean zegoen Imaz, nahiz eta denboraldi hasieran «nahi baino gutxiago» jokatu zuen: «Azarotik aurrera garrantzi gehiago izan dut taldean, oso ongi sentitu naiz fisikoki eta emandako mailarekin».
Erregulartasuna helburu
Taldea 12. postuan dago, eta ostiral honetan badu hitzordu «zaila». Izan ere, Valences Romans taldearen aurka jokatuko du, etxetik urrun. Partidak bi arrazoiengatik du zailtasuna; lehenik, Valences Romans taldea sailkapeneko goi postuetan dago; eta, bigarrenik, BO etxetik kanpo ezin irabazi dabil. «Talde oso indartsua da, beraz, partida oso sendoa egin beharko dugu», gehitu du Imazek.
Etxeko partidetan fin jokatzen ari dira, eta aise irabazi zuten Grenobleren aurkakoa (25-15). Imazek zaleen garrantzia goraipatu du, etxean ongi jokatzearen arrazoi: «Proiektuaren oinarrietako bat dira, ahotsa altxatzen dutenean nabaritzen dugu».

Hala ere, etxean hiru partida galdu izanak orain arteko denboraldia desitxuratu du: «Balorazioa ezin da ona izan, dugun sentsazioa gazi-gozoa da». Lehen itzuliko «irregulartasunetik», bigarren itzuliko «erregulartasunera» igaro nahi direla azaldu du beasaindarrak: «10 partida ditugu aurretik, ez dago ezer erabakirik eta gora egiteko aukera dugu».
Dena den, taldea azken urteotan kirol emaitzetik harago izan da albiste, eta aurtengo denboraldian hiru puntuko zigorra jaso du, jaitsiera administratiboa saihestu ondoren. Zurrumurruek taldeko dinamikan eragina dutela baieztatu du, baina argi dute zein den bidea: «Zurrumurruei ez diegu kasurik egin behar, talde indartsua gara eta gure lanean arreta jarri behar dugu». Badirudi egoera baretu dela, baina talde honekin ezin da inoiz jakin.
Beasainetik Biarritzera
Imazek oso gazte egin zuen alde etxetik, 17 urterekin. Lehenengo urtean joan-etorriko bidea egiten zuela argitu du, «gurasoen babesari esker». Bigarren denboralditik, aldiz, Biarritzen bizi da. «Egokitzapena oso erraza izan zen», onartu du. Izan ere, taldean «oso ongi» artatu zutela azaldu du, eta euskaldunak egoteak ere lagundu zuela gaineratu du.
Goierritarrak Errugbiko Mundu Txapelketarako sailkapen partidetan parte hartu du, eta mundiala jokatzea «amets bat» izango zela onartu du. Dena den, gauza asko gerta daitezkeela adierazi du, eta taldeko dinamikan zentraturik dagoela nabarmendu du.
6 Nazioen txapelketa ere izan du hizpide, eta taldeak aztertu ditu: «Argiki ikusten da Irlandaren beherakada, belaunaldi baten amaiera izan daiteke». Walesen eta Eskoziaren «berritze prozesua» aipatu du, eta Italiaren gorakada goraipatu. Azkenik, «bi oilarrak» aipatu ditu; Frantzia eta Ingalaterra, alegia. Zalantzati badago ere, azken partida Parisen jokatuko denez, Frantziak txapelketa irabaziko duela uste du BOeko jokalariak.
Errugbiaren osasuna Euskal Herrian
Nazioarteko errugbia alde batera utzita, Euskal Herriko egoeraz mintzatu da: «Geroz eta talde gehiago daude, eta jokalari gehiago ere». Dena den, Imazen ustez, egoera ez da aurreko urteetako «bezain ona». Ohorezko mailako sailkapena ikusita, arrazoia du Imazek; izan ere, duela gutxi arte 4 euskal talde zeuden Ohorezko ligan, eta gaur-gaurkoz Ordizia besterik ez dago.
Horren harira, Imazek euskal taldeak «profesionalizazio prozesuan» daudela azaldu du. Horiek esanda, Imaz baikorra da euskal errugbiaren etorkizunarekin, Hernani, Gernika zein Ordiziaren bolada onak azpimarratu ditu. Halaber, Aviron Bayyonais eta BO ez ezik, Angelu, Maule eta Nafarroako taldeen maila ere berretsi du.



