Zuzenean

Peli Lekuona

Haur minbizia ez dela heriotzaren sinonimo nabarmendu du Aspanogik

Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguna da igande honetan. Aurten, etxeko zaintza eskubide bat dela aldarrikatuko dute. Ekimen asko dituzte, tartean inauteriengatik astebete atzeratu den Ipar Martxaren 13. edizioa. Otsailaren 22an izango da, Donostian, eta izena emateko aukera zabalik dago.

Haur minbizia ez dela heriotzaren sinonimo nabarmendu du Aspanogik

Loading player...
Iazko otsailaren 15ean Donostian Aspanogik egindako Ipar Martxa.
Iazko otsailaren 15ean Donostian Aspanogik egindako Ipar Martxa. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Igandean, otsailak 15, Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguna izango da. Gipuzkoan, Aspanogi elkarteak haurrei, euren familiei eta osasun profesionalei laguntza ematen die. Unai Olasagasti bertako komunikazio arduraduna da eta aurtengo leloaz aritu da asteon NAIZ Irratian. ‘Etxean zaintzea eskubide bat da, etxez etxeko zainketa aringarri pediatrikoen alde’ lemarekin tratamendua urteko 365 egunetan eta 24 orduetan jaso ahal izatea aldarrikatuko dute.

«Familientzat oso-oso garrantzitsua da azken egun horietan laguntza oso bat edukitzea eta une horiek ahal bezain hoberen pasa ahal izatea», azpimarratu du. Olasagastiren esanetan, etxean egiten denean «arreta espezializatua, etengabekoa eta kalitatezkoa» bermatu behar da eta ezinbestekoa da pediatriako diziplinarteko taldeak izatea, profesionalez osatuak. 

Azaldu duenez, etxeko zaintza aringarria behar duten haurren kopurua ez da altua izaten minbiziaren kasuan (iaz bi izan ziren Gipuzkoan, aurreko urtean bost, eta gerta liteke zorionez bakarrik ere ez egotea), baina gertatzen denean aukera bermatu behar da.

Gipuzkoan urtean 30-35 haur minbizia kasu artatzen dituzte batez beste. 2025ean, 16 kasu berri diagnostikatu ziren. Leuzemia da haurren artean ohikoena.

Haurrak ospitaletik etxera bidaltzen dituztenean askotan ezin dute eskolara joan, ezin dira lagunekin egon, eta Aspanogikoak ikastetxe eta erietxeekin koordinatuz egoera leuntzen saiatzen dira, ahal den heinean.

Prozesu osoan ondoan

«Diagnostikoaren momentutik abisua pasatzen digu ospitaleak, eta laguntza eskaintzen diegu familiei. Normalean hartzen dute, baina badaude nahi ez dutenak ere. Hori ere ulertzekoa da. Gu lehen unetik amaierara arte beti hor gaude, sendatzen direnean eta baita, gutxitan bada ere, heriotza iristen denean ere», esplikatu du Aspanogiko lagunak.

Elkartasuna ikaragarria dela baloratu du. «Ez daukagu kexarik. Pozarren gaude horrekin». Aurten ere ekimen ugari egin dute gaia gizarteratzeko. Adibidez, ‘Urrez distiratu, haurren minbiziarengatik’ dinamikan parte hartu dute 18 ikastetxetako ia 7.000 ikaslek, eta oso ondo baloratu dute. Tatuajeak eta urrezko lazoak egin, eta argazkiak atera dituzte. Haurrek denetariko galderak egiten dituztela kontatu du Olasagastik, adinaren arabera oso desberdinak. «Hil egingo da?», galdetzen dute txikiek. Tabu horiek haustea oso garrantzitsua dela deritzo, «minbizia ez baita heriotzaren sinonimoa».

Urtero moduan gaurko egunez Ipar Martxa egitea zuten xede Donostian, baina inauteriak medio, astebete atzeratu dute 13. edizioa, otsailaren 22ra. Izena emateko epea zabalik dago aspanogi.org webgunean. 9.30etik 10.30era izen-ematea eta dortsal banaketa izango dira. Eta 11.00etan aterako da martxa Saguesetik. Dortsalak banatu bitartean Porrotx eta 501 Legioa egongo dira giroa animatzen.

Jaurlaritza Logoa