Zuzenean
«1990eko hamarkadan pairatu genuen egoera baino larriagoa da Kubak orain bizi duena»
Venezuelari eragindako erasoaren ondoren, Kuba jarri dute jomugan Donald Trump eta Marco Rubiok, petrolioa heltzea debekatuz. Honek eragin zuzena du kubatarren egunerokotasunean. Euskadi-Cuba elkarteko Tony Merlanekin hitz egin du NAIZ Irratiak egoeraren berri izateko.
«1990eko hamarkadan pairatu genuen egoera baino larriagoa da Kubak orain bizi duena»

Nongoa zara, non egiten duzu lan eta zein da Kubarekin duzun harremana?
Hogei bat urte daramat Euskal Herrian bizitzen. Kubatarra naiz, hona etorri nintzen bizitza eta familia egitera. Ikasketak Kuban egin nituen eta hemen homologatu nituen, gero euskarari ekin nion. Ildo beretik, Euskadi-Cuban hasi nintzen. Ahal denean defendatzen ditugun ideiak zabaltzen eta Kuba laguntzen saiatzen naiz.
Zure euskara maila oso ona da eta plazerra da zurekin Kubaz euskaraz aritzea. Nola dago zure ingurua Kuban?
Oso larria da egoera. Orduak eta minutuak pasa ahala egoerak okerrera egiten du. Ni Santa Clara hirikoa naiz. Bertatik gertu Kubako petrolio berfindegi handiena dago, Cienfuegosen. Aspalditik ez du petrolio gordinik jasotzen eta ez du ekoizten garraiorako beharrezkoa den erregairik. Arazoa ez da gaurkoa, Trumpen lehen agintaldian 243 neurri ezarri zituzten Kuba itotzeko. Oraindik ere indarrean daude eta orain Venezuelaren erasoaren ondoren areagotu egin dira. Venezuelak hornitzen zuen Kuba eta hori moztu nahi dute, Maduro bahitu baino lehenagotik. Ontziak lapurtzen hasi ziren eta Kubara ez zen petrolioa heltzen. 1990eko hamarkadan Kubak gabezia zer zen ikasi zuen. Une hauetan ez dago abioientzako erregairik. Argindar falta ere nabaritzen da eta okerrera egingo du. Baina ez da hainbeste notatuko, garraioan, ordea, bai. Ez dago anbulantzientzako, lanera edo eskoletara joateko erregairik. 1990eko hamarkadan ez zen dena desagertu, erregaia bazegoen. Orain ez da egongo.
Venezuelarekin harremana berreskuratzeko aukerarik ikusten duzu? Nola daude harremanak?
Medikuak daude lanean Venezuelan. Mexikon ere bai. Hasieran trukea ez zen diruarengatik, erregaia jasotzeko baizik. Politikoki eta solidarioki laguntzeko jarduera zen. Merkeago jasotzen genuen petrolioa. AEBkoek bazekiten hori zegoela eta horren kontra egiten zuten, medikuei AEBra joateko dirua eskaintzen, adibidez. Oraingoan, Delcy Rodriguezek edo dauden agintariek bere hitza bete behar dute. Ezin dituzte kontratuak apurtu. Trumpek indarrez berea inposatu du eta Venezuela behartzen ari da. Kubak ez du men egingo, eta petrolio tantarik ez jasotzea nahi dute. Bai Mexikok bai Venezuelak emandako hitza bete beharko dute. Harreman historikoa dugu baina zaila izango da aurrekoa mantentzea, gerra ontziak ez direlako joango.
«Claudia Sheinbaum emakume adoretsua da eta Trumpi dagoeneko aurre egin dio. Petrolioa Kubara bidalikoa duen itxaropena dugu»
Trumpi aurre egin dion bakanetakoa Mexiko presidente Claudia Sheinbaum da. Baina momentuz laguntza humanitarioa baino ez du bidaltzen Kubara, petrolioaren bidalketa mantendu nahi duela esan badu ere. Nola ikusten duzu?
Sheinbaumek adoretsua dela frogatu du. Trumpen muga-zergei aurre egin zien. Tropak bidaltzearen asmoari ere aurre egin zion. Emakume tinkoa da eta bere hitza mantentzen du. Itxaropentsu nago bere jarrerarekin, baina zaila ikusten dut. Venezuelan Maduro bahitu zuten eta ez dira gelditzen. Baina Sheinbaumek zerbait lortuko du. Hori espero dugu.
Urtetan Kubaren kontra mantendu duen blokeoa setio bilakatu nahi du orain Trumpek. Janaria eta energia jendeari kenduz altxamendu baten bila dabiltzala uste duzu?
Aintzinako ametsak dira horiek. Presidentez presidente saiatu dira. Orain, Marco Rubioren laguntzarekin berriro saiatzen ari dira. Legeak sortu dituzte, kalte egiteko muturra sartu dute, beti Iraultzari kalte egiteko eta sozialismoa eredu txarra dela adierazteko. Baina 1990eko hamarkadatik atera ginen eta hurrengo urteotan barre egiten genuen, turismoari esker. Libre uzten bagaituzte kapaz gara aurre egiteko. Kultura eta intelektualitate maila altuak dira. Hori ikusita, gezurretan eta neurriekin erasotzen gaituzte inoren laguntza ez izateko. Mertzenarioen bitartez zerbait egitea lortu zuten duela urte pare bat, baina herriak berak aurre egin zien. Hori ez da argitara ematen, baina Kubako telebistan eta egunkarietan agertzen da. Kubatarrentzat argi dago nola aritzen dira eta prest daude borrokatzeko.



