Zuzenean

XVIII. mendean lehen copyright kasua agertu zen unetik, egiletzaren inguruko eztabaida mahai gainean egon da arte alor ezberdinetan; eta musikan, zer esanik ez. Melodiak, errimak eta erritmoak behin eta berriz errepikatu eta katebegiz katebegi, artistaz artista inspiratzen dituen arte alor batean, existitzen al da benetako autoretzarik?
Eztabaida sakon eta arantzatsua da baina, dena den, pop musikaren esparruan aspalditik egon dira egiletzaren inguruko auziak.
Horietako batzuk aztertuko ditugu aste honetako Ad Libitumen, begirada nazioartean jarriz. George Harrison Beatle ohiak ‘My sweet lord’ izeneko abestiarekin jasotako salaketarekin hasiko dugu atala; The Chiffons emakumezko doo wop taldearen abesti batean inspiratu omen zen, ustez ‘subkontzienteki’, berea konposatzeko.
Kate formako prozesu bitxiak ere aztertuko ditugu; hala nola, Radioheadek ‘Creep’ abestia ustez The Hollies taldeari plagiatu ostean, Lan del Rey artistak Radioheaden abesti berbera plagiatu zuenekoa.
Shakira edota Pharrel Williams bezalako plagiatzaile aditu (edo konpultsibo) batzuen kasuak ere igaroko dira Ad Libitumetik; baita guztietan kasurik bitxiena ere: John Fogertyk John Fogerty plagiatu zuenekoa.



