Zuzenean

Peli Lekuona | Iraia Cambra
Elkarrizketa
Maddalen Iriarte
EH Bilduren bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan

«Konfrontaziotik kolaboraziora pasatzeko garaia da»

Maddalen Iriarte, Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramailea, NAIZ Irratian izan da. Gipuzkoako egoera politikoaz, EAJren eta PSEren arteko harremanez eta industria politikaz aritu da, baita etorkizuneko erronkei heltzeko beharraz ere.

«Konfrontaziotik kolaboraziora pasatzeko garaia da»

Loading player...
Maddalen Iriarte, Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramailea, NAIZ Irratiko estudioetan.
Maddalen Iriarte, Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramailea, NAIZ Irratiko estudioetan. (NAIZ)

EAJren eta PSEren arteko azken egunetako talken harira, Maddalen Iriarte, Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaileak argi adierazi du Gobernu bazkideen arteko deskalifikazio etengabea ez dela berria: «Ez zait iruditzen EAJ eta PSEren arteko desenkontruen eta elkarri egindako deskalifikazioen dinamika berria denik; eguneroko ogi bihurtu da». Bere ustez, eredu horrek agortze zantzu argiak erakusten ditu, eta beste norabide bat hartzea ezinbestekoa da: «Konfrontazio politikatik kolaborazio politikara pasa beharra dago».

EH Bilduk, dioenez, eskua luzatuta dauka oraindik ere, eta gogora ekarri du 2023ko hauteskundeak irabazi zituzten gau berean egin zutela gonbita beste gobernantza eredu bat eraikitzeko: «Nik neuk luzatu nien eskua beste mota bateko gobernantza bat aurrera eramateko, baina ez zuten erantzun ere egin». Horren aurrean, EAJ eta PSEren arteko eredua «agortuta» dagoela berretsi du, are gehiago PP ekuazioan sartzea erabaki zutenean.

Eztabaida antzuak eta lehentasunen galera

Azken asteetako eztabaida nagusietako batzuk «antzutzat» jo ditu Iriartek, bereziki etxebizitzaren inguruan piztutakoak: «Etxebizitza herritarren bizi proiektuak baldintzatzen dituen gai bitala da, eta, hala ere, eztabaida argazki batean nor agertu zen bihurtu da». Horrek, bere esanetan, politika publiko eraginkorrak martxan jartzeko ezintasunaren isla dira, eta agortutako gobernantza eredu baten seinale.

Hala ere, gaiaren arabera adostasunetara iristeko aukerak egon direla aitortu du, Pasaiako portuaren kasuan bezala, baina ohartarazi du hori ez dela nahikoa: «Gobernantza kolaboratiboa hitzetik hortzera darabilte, baina lau urtetik behin baino gehiagotan herritarrei galdetuko dien eredua behar dugu».

Industria, Ayesa eta burujabetza ekonomikoa

Ayesa-Ibermaticaren operazioaren inguruan, EH Bilduk administrazioaren esku-hartzea defendatu du berriz ere. Iriarteren esanetan, politika industrial proaktiboa beharrezkoa da: «Administrazioak esku hartu behar du, batez ere talentua galtzeko arriskua dagoenean». Azpimarratu du Gipuzkoako industriaren pisuak azken 25 urteotan %8 egin duela behera, eta horrek kezkarako arrazoiak ematen dituela.

Ayesaren kasuan, gakoa bere ustez ez da soilik enpresa Gipuzkoan errotzea, baizik eta erabakitzeko gaitasuna mantentzea: «Herri bezala behar-beharrezkoa dugun burujabetza teknologiko eta digitala ematen digu horrek». Arriskuei dagokienez, irabazien eta galeren arteko oreka zaila dela onartu du, baina aukera gal ez dadin deia egin du.

Tubos Reunidos eta eskualde baztertuak

Tubos Reunidoseko kaleratzeen harira, Aiaraldearen egoera historikoki baztertua izan dela salatu du: «Aiaraldea, Ezkerraldea edo Oarsoaldea bezala, beti alde batera utzitako eskualdeak izan dira». Enpresa estrategikoen etorkizuna politika publikoen bidez bermatu behar dela defendatu du, zorra barkatzea aukera bat izan daitekeen arren, ikuspegi zabalagoa eskatu du.

Industria galera orokorraren aurrean, elkarrizketa sakon baten beharra aldarrikatu du: «Herri honek beste une larri batzuk bizi izan ditu eta jakin du erantzuten; orain ere eseri, aztertu eta adostu egin behar dugu».

Aurrekontuen gainetik, herritarren beharrak

Testuinguru politikoari dagokionez, aurrekanpaina giroak kezka sortzen diola aitortu du, eta serio jokatzeko eskatu die alderdiei: «Lau urtero kontratu bat egiten dugu herritarrekin, eta kontratu hori betetzeko gaude erakundeetan». Maddalen Iriartek zaintza, industria, trantsizio klimatikoa, euskara eta kultura jarri ditu lehentasunen artean.

Politikaren sinesgarritasun faltaz galdetuta, argi mintzatu da: «Politikan herritarrei erantzunak emateko gaude; titular hutsetan geratzen bagara, desafekzioa sortzen da». Horren aurrean, ultraeskuinaren gorakadari alternatibak eskaintzearen garrantzia azpimarratu du, eta EH Bilduk abian duen elkarrizketa nazionala nabarmendu.

Azkenik, EAJrekin elkarlan posibleaz galdetuta, Iriartek adostasun minimoak posible direla azpimarratu du: «Baditugu elkargune ugari, eta ados gauden horretan aurrera egin dezakegu, desadostasunak errespetuz kudeatuta». Bere ustez, diferentziak ez dira kooperaziorako oztopo, baizik eta erronka: «Badakigu zer nahi dugun herri bezala: erabakitzeko eskubidea duen nazio bat».

Jaurlaritza Logoa