Zuzenean
Doinuz blai hogei urtez Baga Biga musika bulegoarekin
Iaz bete zituen Baga-Biga musika enpresak 20 urte eta otsailaren 7 honetan ospakizuna izango dute Bilboko Euskalduna Jauregian. Bidean lagun izan dituzten artistak eta lagunak elkartu nahi izan dituzte eta bi hamarkada hauetan oholtza gainean eskaini dutenaren lagin batez gozatzeko aukera izango da.
Doinuz blai hogei urtez Baga Biga musika bulegoarekin

Ez da erreza musikaren industrian biziarautea eta are gutxiago bi hamarkada oso bertan eman eta indartsu eta ilusioz segitzea. Horrela dabiltzala kontatu digu Baga Biga musika bulegoko Arkaitz Hormaetxe kideak. Hasiera-hasieratik dago bera enpresan, nahiz eta lehen fase horretan sartu-irtenean ibili zen. Zuzendaria, managerra edo zer ote den galdetuta, «kidea izango litzateke definiziorik egokiena» esan digu Hormaetxek. Enpresa txiki bat dira eta familia moduan egiten dutela lan esan daiteke, «hori da gure xarma, gure filosofia, horregatik ni kide moduan aurkeztea da egokiena». Mila lan egiten ditu enpresako kide bakoitzak eta hasieratara jo dugu Hormaetxeren eskutik: «Ni sukaldaria nintzen sasoi hartan. Musikaren bueltan kontzertuak-eta antolatzen genituen herrian eta gisa horretara sartu ginen saltsa hauetan. Agus Barandiaranekin banuen harremana eta biok jarri genuen proiektua martxan, ilusioz eta gogoz ginenez, 2005ean. Gero ni irten egin nintzen bestelako kontu batzuk tarteko eta Iker Aginaga batu zen proiektura. Orain Iker eta biok gaude beste lau kiderekin batera jo eta su lanean». Bulegoa, disko-etxea, promotorea… denetarik egin dute urte luze hauetan, hasieratik 360 graduko bulegoa izateko bokazio horretan.
Musikaren industria aldaketa sakon batean murgilduta zegoen hasiera haietan, diskoen salmenta nolabait ere beheranzko joeran jarrita zelako eta urte gutxiren buruan streaming plataformak agertu zirelako. «Hasiera horiek gogoratzen jartzen garenean gogorra izan zela esan daiteke, behin orain non gauden ikusita. Agus musikaria zen, Iker soinu-teknikaria, eta ni, esan dudan moduan, sukaldaria. Baina esperientziarik gabeko pertsonak ginen. Ongi gogoratzen dute hasiera haietan apurka-apurka joan ginela ikasten eta ni hasi eta gutxira Ritxi Aizpuru ere sartu zela gurekin lanean. Hasiera horretan Athleticek Messi fitxatzea bezalako zerbait izan zen guretzat, Ritxi Aizpuru mundu honetan eskarmentu handiko pertsona delako», ekarri du gogora Baga Bigako kideak.
Hasieratik gogor sartu ziren musikaren merkatuan baina beren buruan ez zegoen halako ideiarik. «Epe laburrean agertu zen 360º-ko bulegoa izatearena, izan ere gure lanean eragin zezakeen dena kontrolpean izan nahi genuen, zentzurik onenean ulertuta, diskoa kaleratzen zen unetik musikaria oholtza gainean jartzen zen unera arte. Hortaz, segituan ohartu ginen bulego integral bat ginela. Helburu hori nahi gabe etorri zen baina filosofia honek honaino ekarri gaitu», aipatu du Hormaetxek.
Hastapenetako esperientzia faltak talde berriekin lan egitera bultzatu zituen Baga Bigako kideak. Beren lehendabiziko taldea Mungiako Los Moñas taldea izan zen, eta berentzat apustua izan zen, diskoa Oihuka etxearekin atera zutelako, «kasualitatez Ritxirekin». Eta berentzat zerbait handia izan zen, Oihukarekin fitxatu duen taldearen managementa egiten ari zirelako.
Bulegoaren figura hori ere ez zen hain ezaguna akaso sasoi hartan, talde bakoitza autogestioan mugitzen baitzen akaso gehiago Euskal Herrian: «Talde asko beren aldetik zebiltzan, baina bulego batzuk ere bazeuden martxan. Hori bai, gurea bezalakoa, oker ez banaiz, bakarra zen hasiera horietan, bulego integral moduan ulertuta. Disko-etxeak baziren eta bulegoak ere bai, baina gure filosofiarekin lan egiten zuenik ez zen. Talde asko hasiberriak ziren ondorioz, edota bigarren diskoa kaleratzen zutenak. Latza izan zen, baina ilusioz beteta egin genuen guztia».
Hala, taldeentzat ere arrotzak ziren nolabait ere eta haiengana nola hurbiltzen ziren gogoratuta, «inguruan behar bat bazela» nabaritu zuten. «Ez zegoen zigilu askorik, Elkar, Oihuka, Gor… potenteak ziren baina gutxi. Hala, edozein talde hasiberrik ezin zuen horrelako disko-etxe batean egon eta guk, zigilu txiki moduan, aukera ematen genien. Bideragarria eta baliogarria izan zen halako talde askorentzat. Taldeengana gerturatzea ez zen zerbait hotza izaten, talde asko gauzak egiteko ilusioz zegoelako eta gu ere halatsu ginelako. Azkenean, enpresa hasiberri baten ilusio horrekin, ahal genuen guztia jartzen genuen mahaiaren gainean», dio bizkaitarrak.
Hazkundea eta arrakastarekin harremana
Bidean gora nahikoa azkar egin zuten Baga Biga bulegokoek. Hasieran bezero dezente pilatuta zituzten agendan eta «pazientziarekin eta dakigunarekin» aurrera egin zuten hazkunde horren aurrean. «Gu enpresa txikitxo bat gara, baina enpresaren munduan hazkundeak badakigu zer dakarren, gero eta gehiago nahi eta gero eta handiago izan nahia. Guri hazkundea gustatzen zaigu, anbizio hori badugu, gauza berriak egin nahi ditugu, baina beti mantendu dugu gure txikiaren izaera hori eta pausoak sendo ematea», nabarmendu du Baga Bigako kideak.
Gatibu edota Esne Beltza bezalako proiektuak batu zitzaizkien proiektua martxan jarri eta berehala eta Hesian edota En Tol Sarmiento bezalako proiektuekin ere bide nabarmena egin zuten, azken hauek etxearen apustu nabarmenak izanda. Arrakastatsuaren eta hasiberriaren arteko oreka mantetzearen sekretuaz galdetuta, ordea, «psikologia lanak dira garrantzitsuak. Horrelako bulegoetan, eta beste edozein enpresatan ere baietz esango nuke, inbidia, mesfidantza… ohikoak dira. Talde batzuk 30 kontzertu egiten dituzte eta beste batzuk bost edo hamar, eta askotan galdetzen dute ea zergatik batzuk hainbeste eta besteek hain gutxi. Bada, hor psikologia lana sartzen da. Ilusioa ez galduaraztea, pazientzia eskatzea eta lana eskatzea izaten da gure egitekoa egoera horien aurrean, azkenean lanaren ondorioz irteten direlako hainbat eta hainbat asmo berri». Kolpetik arrakasta lortzen den kasuan, berriz, oinak lurrean mantentzearen garrantzian jartzen dute azpimarra Baga Bigan, «egun batetik bestera gauzak asko aldatu daitezkeelako, bai aurrera edo bai atzera egiteko».
Apustu denak, ordea, lana eginagatik ere ez dira ongi ateratzen, publikoaren faktorea sartzen delako tartean eta horren aurrean zer nolako komunikazioa izaten duten galdetuta «zintzoa izatea» dela gakoa esan digu Hormaetxek. «Inori ez zaio gustatzen zerbait negatiboa esatea, baina askotan nabaritu egiten da zerbaitek ez duenean funtzionatzen. Guk beste saiakera bat egitera animatzen ditugu, ez dena bertan behera uztera. Lana eta pazientzia, apustu horri buelta emateko. Baina gero, bizitzan bezalaxe gertatzen da, ez badu ezerk funtzionatzen, beste zerbaitetara pasa beharko da», dio manager bizkaitarrak.
Arrakastaren bide horretan, En Tol Sarmiento taldearen adibidea jarri dugu mahai gainean Baga Bigako Arkaitz Hormaetxerekin, hiru aldiz BEC bete ostean Madrilgo Movistar Arena eta Bartzelonako Palau Sant Jordi zapalduko dituztelako: «Bide horretan ere asko ikasi behar izan dugu, lantegi berriak ikasi behar izan dira eta egoera berriei adarretatik heldu. Baina anbizio eta gogo horrekin jarraitzen dugu eta erronka berriei ere aurrera egiteko prest gaude. Bulegoen arteko harremanaz ere galdegin diogu eta «denean bezala harremanak tenkatzen diren arren, zorionez sektore nahikoa garbia garela esango dugu. Beti egongo da lehia, azkenean salmenta dagoelako tartean, baina gure artean ez gara zapaltzen. Lehiakorrak gara, baina errespetuz eta modu garbian. Gainera, Euskal Herrian, zorionez, programazio kultural zabala daukagu eta kanpoko bulegoek badute nahi hori».
Ospakizuna euskalduna jauregian
Iaz bete zituen Baga Biga bulegoak 20 urte eta aurten izango da ospakizunerako beta. «Iaz bestelako proiektuekin nahikoa lan izan genuen eta energia askorik ere ez, baina gutako batek esan zuen ezin genuela ospakizunik gabe geratu eta aurten egitearen ideia jarri zen martxan», azaldu du Hormaetxek. Disko-etxe moduan, saltzeko eguna ere izan daiteke halako festa bat, baina Hormaetxek dio «argi» daukatela «ospatzeko eguna dela. Alde batetik guk, 20 urte daramatzagulako, baina, bestetik, gonbidatu eta sarrera eskuratu dutenek ere bai. Kontzerturen bat saltzen bada egun horretan, salduko dugu, baina salmentarena alde batera utziko dugu Euskaldunan». Ea zer nolako biharamuna duten.





