Zuzenean

Bidarten hasitako bidea Donibane Lohizunen bururatu berri da. Txapelketa arrakastatsua izan da Ipar Euskal Herrikoa, saioetan jendearen erantzuna oso ona izan dela nabarmendu dute antolatzaileek eta finalak ezin hobeto borobildu du Xilabaren bidea.
Sei bertsolari ziren oholtzan eta seiek lortu zuten finalaren uneren batean entzulea bereganatzea. Maddi Ane Txoperenak jantzi zuen txapela, Maddalen Arzallusekin buruz burukoan aritu ostean. Azken langa horretatik kanpo, eta ordena honetan, Miren Artetxe, Aitor Servier, Irantzu Idoate eta Elixabet Etxandi. Lehen bostek udazkenean izango den Euskal Herriko Txapelketa Nagusirako txartela ere lortu dute, gainera.
Aste honetako Bertsoa NAIZ saioan finaleko bertsoaldi hautatuak ekarri ditugu, ordubete eskasean finala nolabait berriro bizi ahal izateko.



