Zuzenean

Aritz Santamaria
NAIZ Irratia
Elkarrizketa
Aritz Bagües
Caja Rural taldeko kirol zuzendaria

«Taldekide guztientzat albiste izugarria izan da, gure lan egiteko moduari sari ikaragarria»

Aritz Bagües (Errenteria, 1989) Caja Rural taldeko kirol zuzendaria da 2022az geroztik, txirrindulari ibilbidea bukatu zuenetik. Talde nafarrak Tourrerako gonbidapena jaso du, beste lasterketa garrantzitsuenekin batera. Taldearen egoeraz eta gonbidapen horietaz mintzatu da NAIZ Irratian. 

«Taldekide guztientzat albiste izugarria izan da, gure lan egiteko moduari sari ikaragarria»

Loading player...
Aritz Bagües, Caja Ruraleko kirol zuzendaria.
Aritz Bagües, Caja Ruraleko kirol zuzendaria. (CAJA RURAL-SEGUROS RGA)

2026ko Frantziako Tourrak Bartzelonan izango du abiapuntua, eta, 30 urteko ibilbide luze baten ondotik, Nafarroako Caja Rural taldeak aukera izango du bertan lehiatzeko. Uztailaren 4an hasiko da ametsa, eta 26ra arte iraungo du. Talde nafarra Omango Tourrean buru-belarri dabil –etapa garaipena gertu izan zuen Fernando Gaviriak– eta handik erantzun dio NAIZ Irratiaren deiari Aritz Bagüesek, taldeko kirol zuzendariak: «Ongi hasi dugu urtea, denboraldia, eta itxura berarekin jarraitu nahi dugu. Hemen sailkapen nagusirako txirrindulariak dauzkagu. Ilusio handiarekin gaude, batez ere aurreko asteko albistearen ondoren; ilusioak indarra ematen du».

Taldeak koska bat gora egin du aurten edo hori da asmoa?

Bai, gure asmoa pauso bat aurrera ematea da. Gero iritsi zaizkigun gonbidapen hauekin guztiekin, bakarra eman beharrean hiru ere eman ditugu (barrez). Iritsi dira gonbidapenak eta ezin diegu ezetzik esan; aurre egin beharko diegu.

Duela astebete eskas jakin zenuten Frantziako Tourrean lehiatuko zaretela. Nola jakin zenuten albistea?

Bagenekien gonbidapena jasotzeko kinieletan geundela. Denen ahotan zegoen Unibet Rose Rockets-en eta gure artean zegoela, baina albistea atera arte inork ez zuen sinesten. Bezperan, ‘Le Parisien’ egunkariak atera zuen gonbidapena jasoko genuela eta ni Saudi Arabian nengoen. Ez zen ezustekoa izan, bagenekielako kinieletan geundela, baina irakurri arte ez duzu sinesten.

Eta taldekideek nola jaso zuten berria?

Izugarrizko albistea izan da denontzat. Txirrindularientzat, staff-eko jende guztiarentzat, zuzendarientzat, babeslearentzat ere bai... Badakigu zer mailatako lasterketa den Tourra, zer mugitzen duen Tourrak. Ez da beste edozein lasterketa bezalakoa.

Caja Ruraleko seikotea Alula Tourra hasi aurretik.
Caja Ruraleko seikotea Alula Tourra hasi aurretik.

30 urteko ibilbide baten ondotiko saria da; lana ongi egin den seinale?

Gure lanean jarraitzen dugu, ez dugu gure filosofia aldatzen. Gure beheko taldeko txirrindulariekin hornitzen gara eta horretan jarraitzen dugu. Aurten ere horrelaxe gaude, nahiz eta urrats bat egin, lau txirrindulari igo ditugu gure lehen taldera. Filosofia mantentzen dugu.

Zuen lanari zentzua ematen dio honek?

Guretzat sari oso handia da. Urteetan egindako lan guztiaren ondorioz lortu dugu hau; talde txiki batek mundu mailako kirol ekitaldi handienetako batean parte hartzeko gonbidapena lortu dugu. Nabarmentzekoa da.

Ibilbide luzea izan du taldeak amateur mailan. 2010az geroztik profesionaletan dabil. Taldeko txirrindularia izan zara zeu ere. Noizbait imajinatu zenuen horrelakorik?

Ez. Guk bagenekien zein zen gure tokia. Txirrindulari onak izaten ditugu, baina urte on bat egiten dugunean talde handiago bat etortzen da eta beti eramaten du gure txirrindulariren bat. Bagenekien gure tokia zein zen. Ez genuen inoiz espero izan Tourrean egotea. Aurten bi talde desagertu dira. Guk aurreko urtean izugarrizko denboraldia egin ondoren, hau izan da lortu dugun emaitza. Tourraz hitz egiten dute denek, baina horretaz gain, Dauphine, Tirreno, Lieja, Fleche Wallone... Guretzat izugarrizko gonbidapenak dira horiek, ilusio handiz hartzen ditugunak.

Zer suposatzen dute taldearentzat gonbidapen hauek?

Bonbazo bat izan da. Egia da beldur apur bat ere ematen duela. Badakigu zer den Tourra, baina inoiz ez gara bertan egon, eta beldur apur bat ematen digu. Nola antolatu, nola egin egutegia... Hori da oraintxe bertan daukagun buruhauste handiena.

Zein helburu izango dituzue?

Helburu handiena etapako garaipen bat lortzea litzateke. Oso-oso zaila da, baina ez da ezinezkoa; denok gabiltza bizikleta gainean. Ilusioz bete behar da burua, eta ideia horrekin atera behar da. Ez genuen inoiz pentsatuko Tourrean egongo ginela eta zergatik ez pentsatu etapa bat irabaz dezakegula?

«Puntuazio sistema hau apur bat aldrebesa da. Txirrindularitzaren gakoa galtzen du»

Puntuazio sistema berriak eragina izan du gonbidapenean eta, akaso, Cofidisek Giroan aritzeko hautuak ere eragina izan du. Onuragarria al da sistema berri hau Caja Rural bezalako taldeentzat?

Ez dut uste. Puntuazio sistema hau apur bat aldrebesa da. Txirrindularitzaren gakoa galtzen du. Lasterketa askotan ia garrantzitsuagoa da jende asko aurrean sartzea irabaztea baino, eta txirrindularitza beti izan da irabaztea. Niri pertsonalki ez zait gustatzen sistema berri hau. Ez dut esan nahi ez dela puntuazio sistema bat egon behar, baina buelta bat emango nioke.

Dauphine, Lieja eta Fleche Wallone klasikoetarako eta Tirreno Adriatikorako gonbidapenak ere jaso dituzue.

Tourra Tourra da, baina gainontzekoak ere maila handiko lasterketak dira. Izugarrizko txirrindulariak daude bertan eta hor egotea sari handia da guretzat.

Gozatzeko urtea izango da, dudarik gabe.

Bai. Badakigu urte zaila izango dela, ez genuelako espero horrelako lasterketa guztietan parte hartzea. Taldearen zati handi bat oso gaztea da, badakigu une batzuetan sufritzea ere tokatuko zaigula. Baina disfrutatzeko urtea da, ze ez dakigu horrelako beste urte bat inoiz izango dugun.

 

Jaurlaritza Logoa