Zuzenean

Nagore Etxabe Etxabe (Zumaia, 1989). Arte ederretan lizentzia eta masterra. Lanbidea musika du. Talde hauetan dihardu: Antuxuna, Antuxuna ta Patx, Mäirü, Olloki, Bada Giro erromeria, Kimu Txalaparta, MingoFisuras, Frank Blackfield Band, Sukaar. Tarteka-marteka hauetan ere bai: RadioRebelde, Trouble Woman, Andoni Ollokiegi. Talde hauetatik ere pasatu da: Rafa Berrio, Joseba B. Lenoir, Urko Menaia, Makulu Ken, Ezten Giro erromeria, Gugaz erromeria, Low Riders Banda, Kilimak, Syrah, Perlak, Sara & PJKahuna, Bidebietako Gaiteroak. Guztira 10 disko kaleratu ditu talde desberdinekin.
Nagore Etxabek Arte Ederretan lizentzia du eta izugarrizko artearekin moldatzen da hitz egitean ere. Otea Lili solasaldian erraztasun handiarekin konpondu eta josi ditu esaldiak, trebe eta zintzo, garden eta bizi. Irribarrea ez du galdu elkarrizketan zehar. Ez du hitz egingo ahobiko labana bezala, badaki zer moztu eta zer ebaki. Erakargarria bilakatu du elkarrizketa.
Nagore Etxabek solasaldi interesgarria utzi digu Otea Lili saioan. Hemen esaldi solteak:
«Pandemia osteko sold out giroak aldrebestu egin du musika esparrua. Durangoko azokan ongi ikusi daitezke ondorioak, ilera luze gutxi batzuk eta beste guztiok begira». «AEBko musika industria egitura kopiatzen ari gara, non dago Euskal Herriko auzolana?»
«Generoa deuseztatu beharko litzateke arauak diren heinean. Sexuari lotuta eman diren arauek ez dute bizikidetza laguntzen».
«Esperantza ahobiko labana da, beti helmuga hari begira eta beti urrun. Lagundu zaitzake eta baita zulora eraman ere».
«Sexua tabua da. Gure gorputza edozein lanetarako saldu egiten dugu, zergatik ez sexurako?»
“Emakumeen kupoa dela agertokietan, askotan dosierrak gezurretan betetzen dira zenbaki baten truke, eta ez dakit zer den hobeagoa”.
“Intelektualki pobreak gara eta ea guztiok telefono eta Interneta gutxiago erabiltzen ditugun”.
«Ligatzean, eta bestela ere bai, parekoari ezin zaio inoiz errespetua galdu».



