Zuzenean

Otsailaren 4a Minbiziaren Aurkako Munduko Eguna da eta, aurten, hirugarren urtez jarraian, Minbiziaren Aurkako Elkarteak ‘Itxaropen Besokoak’ ekimena abiarazi du ‘Batzen gaituen ikurra’ lelopean.
Horren berri emateko, NAIZ Irratian izan ditugu Esther Alvarez, Minbiziaren aurkako elkarteko Bizkaiko psikologia arduraduna eta Ainara Arce, minbizidun pazientea.
Ekimen honetan parte hartzen dutenek kolore berdea duen besoko bat jarriko dute, horixe baita elkartearen eta itxaropenaren kolorea. Hartara, minbiziari ikusgarritasuna emateaz gain, besokoa minbiziaren aurkako ikur unibertsal bihurtu nahi da, gaixotasunean laguntza, sostengua eta gizatasuna sustatzeko.
Minbiziaren Aurkako Elkartearen ustez, arretan gizatasuna txertatzeak «pertsona sistemaren erdigunean» jartzea esan nahi du, ez soilik harremanen edo etikaren ikuspegitik; baita osasunean, emaitza klinikoetan eta asistentzia-prozesuaren esperientzian eragin zuzena duen elementu gisa ere.
Arreta gizatiarra deritzotena, hain zuzen, beste termino baten baitan kokatu dute: arreta integralean. Zentzu horretan, Alvarezek nabarmendu du ezinbestekoak direla pertsonari bere osotasunean begiratzea eta «biziraupena bizi kalitatearen eskutik joatea». Hala, haren beharrizan askotarikoak kontuan hartu ahal izango dira, eta horiei neurriko erantzuna eman.
Arcek ere, pazientea den aldetik, garrantzitsutzat jo du denetariko profesionalez osatutako talde bat eskura izatea (psikologo bat, tartean), zerbitzu integral bat bermatze aldera. Hala gertatzen da Minbiziaren Aurkako Elkartean, eta Izan Iñurri elkartearen aipamena ere ekarri du, horretan ere parte hartzen du eta. «Tribua egitea da garrantzitsua», haren esanetan.
Horrez gain, dezente dira oraindik minbizia inguratzen duten tabuak. Ainara Arcek azaldu du bularreko minbizi kasuak direla ezagutzen dituen gehienak eta, halakoetan, «bular bat edo ilea galtzeak beldurra» ematen duela. Esther Alvarezek gaineratu du hitz egiten ez dena ez dela existitzen, eta begizta arrosaren zein positibismoaren atzean, ikusten ez den sufrimendua egoten dela maiz itzalpean, «sufrimendua ez delako erosoa».
Errealitate anitzak daude, gainera, pertsona horien eta euren senideen bizitzetan. «Arreta integralaren ikuspuntutik saiatzen gara beharrizan horiek betetzen», adierazi du Alvarezek; izan ere, «askotan pertsonak negar egiteko beharra du, ez gorputzez, hitzez baizik». Hartara, nabarmendu du sendatzea bezain garrantzitsua dela pertsona bera eta haren ongizatea zaintzea.
Badakite bide luzea dagoela egiteko, baina administrazio eta erakundeei eskatu diete bide hori batera egiteko, sarritan horiek ezin dutelako behar oro bete: «horretarako daude elkarteak eta komunitatea».


