Zuzenean
«Isurketekin amaitzean mikroalgen kopurua jeitsi egingo zela uste genuen, baina ez»
Gernikako araztegia itxi ondoren Urdaibaiko fitoplanktonak nola erantzun duen ebaluatu dute EHUko Landare Biologia eta Ekologia saileko ikertzaileek. Ikerketa pigmentuen analisian oinarritutako tresna berritzaile bati esker gauzatu da, Jone Bilbao Antolin da ikertzaileetako bat.
«Isurketekin amaitzean mikroalgen kopurua jeitsi egingo zela uste genuen, baina ez»

2021ean utzi zen erabileraz kanpo Gernikako araztegia. Ez omen zituen, gainera, ingurumen baldintzak betetzen uretan amonio eta fosfato kontzentrazio oso handiak eta gardentasun eta oxigeno disolbatu gutxiko balioak zeudelako. Garai horretan ikertzen zenuten edo itxierarekin batera etorri zen ikertzeko aukera?
Duela urte askotatik egin izan da zonalde horretan eta Euskal Herriko kostaldeko beste gune batzuetan urteroko monitorizazioa, Uraren Euskal Agentziak egiten duena, eta egiten dena da estuarioko baldintzak aztertu eta kalitate helburuak betetzen ote diren txosten bat egin.
2019 inguruan jakin genuen saneamendu lanen plangintza bat zegoela 2021erako estuariora egiten ziren isurketak geratzeko eta, horren harira, pentsatu genuen garrantzitsua zela inguruko egoera ekologikoa, kasu honetan, mikroalgen egoera. Helburua zen ikustea, laginak modu intentsiboan hartuz, isurketak gertatu aurretik eta bitartean zer nolako baldintzak zeuden estuarioan eta, horren harira, desbideratzearen ondoren horretan jarraitu dugu.
Zer informazio atera daiteke fitoplanktonetatik?
Organismo zelulabakarrak dira, esan dezagun, oso sinpleak eta oso aldakorrak uretako baldintza fisiko-kimikoekiko; orduan, baldintzak aldatzean, mikroalgen ugaritasuna edo komunitatearen osaketa aldatu egiten da. Oso erantzun azkarra ematen dute. Edozein ekosistema urtarreko kate trofikoaren oinarria dira eta, hau aldatzean, beste aldaketa batzuk ere gertatzen dira maila altuagoetan, krustazeoetan, arrainetan edo dena delakoetan.
Horregatik dira indikatzaile onak?
Bai. Oso bizi-ziklo laburrak dituzte, oso erantzun azkarra eta arlo honetako eraginek goikoetan duten eraginagatik, aurreikuspenak egiteko garrantzitsua da maila honetan gertatzen dena jakiteak.
Gernikako araztegiko hondakin-uren isurketak etetean Urdaibaiko estuarioko komunitate fitoplanktonikoak epe ertainean nola erantzun duen ebaluatu duzue. Zein ziren zuen hipotesiak?
Emaitza nahikoa sorpresa izan da. Araztegian zegoen arazo nagusia zen nitrogenoa eta fosforoa garbitzeko tratamendua ez zela guztiz eraginkorra, beraz, isurketek estuarioko puntu horretako amonio eta fosfato kontzentrazioak altuegiak izatea eragiten zuten. Bi elementu horiek mikroalgen mantenugai nagusiak dira eta puntu horretan Urdaibaiko estuarioan baino fitoplakton gehiago zegoen. Beraz, hipotesi erraz eta logikoena zen behin isurketekin amaitzean amonio eta fosfato kontzentrazioak jaitsi egingo zirela –hau hala izan zen, horrela gertatu zen– eta mikroalgen kopurua ere jaitsi egingo zela. Epe ertainera ikusi genuena izan zen, ordea, fitoplaktona ugaritu egin zela. Zergatik? bada, isurketekin, estuariora sartzen zen amonio kontzentrazioa hain zelako altua, ezen, apur bat toxikoa zen, orduan, hazkundea mugatzen zuen. Ixtean, aldiz, amonio kontzentrazioa jaitsi zenean baina oraindik arrastoak zeudenez, gehiago hazi zen. Gaur egungo neurketetan ari gara ikusten fitoplakton kopurua egonkortu egin dela eta balio zentzuzkoagoak ematen ari da.
Pigmentuen analisian oinarritutako ikerketa izan omen da. Nola egiten da gisa honetako ikerketa bat?
Fitoplaktonetan zaila da komunitatean dagoen irudi erreala lortzea, azkenean, mikroorganismo oso txikiak dira, bi eta 200 mikra artekoak, eta begi hutsez ikusten ez direnez, tradizionalki erabili den teknika mikroskopia da. Guk teknika hori baliatzeaz gain, beste birekin osatu dugu komunitatea aztertzeko: mikroskopia, organismoak genero mailaraino identifikatzeko eta zenbatzeko aukera ematen duena zelula litroko kontzentrazioak lortzeko; metabarcoding-a, teknika genetikoa aztertzen duen teknika kualitatiboa; eta gero dago tarteko zerbait dela pigmentuen analisia. Analisi kimiko bat da, ura filtratu eta bertan dauden pigmentuak aztertu eta kuantifikatzen ditugu. Kontua da, mikroalgetan taldeek pigmentu desberdinak izaten dituztela, beraz, agertzen direnen eta ez direnen arabera, komunitatea gutxi gora-behera nolakoa den jakin dezakegu. Alde bat du txarra, taxonomikoki ez dugula bereizitasun handia lortzen (mikroskopian hobea lortzen da eta genetikan are hobea), baina kuantifikatzeko oso zehatza da. Gure ikerketa motarako oso erabilgarria den teknika da, izan ere, guk ez dugu zertan jakin espezifikoki zer espezie dauden uretan, guri interesatzen zaiguna da zer talde dauden edo ez dauden eta biomasa totala eta, hori, pigmentuekin oso azkar lortzen dugu. Irudi osoago bat lortzeko konbinatzen ditugu hiru teknikak baina erantzun azkar bat lortzeko pigmentuena da eraginkorrena.
Araztegiek zer ondorio dituzte uraren kalitate fisiko-kimikoan? Zer osagai ugaritzen eta murrizten dituzte, oro har?
Araztegietan normalean gertatzen da nitrogeno eta fosforo kontzentrazioak handitzen dituztela nahiko zaila delako guztiz ezabatzea tratatzen dituzten uretatik. Bestalde, uraren ugertasuna handitzen dute. Araztegien funtzionamendua hobetzen jarraitzea da bidea.



