Zuzenean
Amalurra esnatzen den bitartean, Euskal Herriko herri txikiak zeharkatuko ditugu Euskal inauterietako pertsonaia misteriotsuak eta horien inguruan kontatzen diren istorioak, mito eta kondairak deskubritzeko.
Saio honetan, bidaia kultural eta antropologikoa egingo dugu Euskal Herrian zehar, bertako kultur-adierazpen errotuenetarikoak gertutik ezagutzeko: landa-inauteriak.
Euskal Herrian, munduko hainbat bazterretan bezala, oso errotuta dago inauterien ospakizuna. Gure bidaia hasi aurretik, ordea, inauterien adierazpen kulturalaren muinean murgilduko gara: Nondik dator inauteriak ospatzeko ohitura? Noiztik ospatzen dira gurean? Bakarrak al gara Europan? Galdera hauei erantzuten saiatuko gara inauterien benetako esanahia ulertzeko.
Inauterien jatorria
Inauteriak ia gizakiak bezain zaharrak direla esan daiteke. Antropologoen arabera, adierazpen kultural honen jatorria aurkitzeko Paleolitora atzera egin beharko genuke denboran. Euskal Herrian Kristautasuna nagusitu aurretik, egutegia bitan banatzen zen: uda eta negua; azken aro honetan, inauteak ospatzen ziren burrunba eta zalapartaz, lurra bere lozorrotik ateratzeko, izpiritu txarrak uxatzeko eta eguzkia esnatzeko asmoz. Landa eremuan eta herri txikietako adierazpen horiek, ordea, XX. mendean hirietara zabaldu ziren eta bestelako inauteriak sortu ziren bikoizketa bat sortuz: Hirietako inauteriak eta landa-inauteriak.
Hirietako inauteriak vs landa inauteriak
Hirietako inauteriak naturaren begiradatik eta erritoetatik urrun geratzen dira. Desfile musikatuak izaten dira non luma eta purpurinez beteriko fantasiazko jantziak harro erakusten diren kaleetan zehar. Kristautasunak markatzen dituen datei eta oro har Garizumari lotuta ospatzen dira hirietako inauteriak. Euskal Herrian esaterako, Donostia, Bilbo edota Tolosako inauterien ospakizunak lau egun zehatzetan pilatzen dira. Landa inauteriek, ordea, neguko Solstizioa pasa eta berehala hasten dira ospatzen, udaberriko ekinoziora arte irauten dute. Erritoetan oinarritzen dira eta lurra esnatzeko eta neguari agur egiteko hainbat erritual egiten dira, hala nola: goldea herriko kaleetan zehar paseatu, errautsak jendeari gainetik bota, izpirituak uxatu edota gertatutako zorigaitz guztien ardura duten pertsonaiak epaitu eta erre... Baina landa inauterietako pertsonaia nagusia hartza da zalantzarik gabe. Horregatik, Kuartango, Segura, edota Arizkun herrietako karriketan zehar ikusiko dugu paseatzen, loalditik esnatuta, udaberriari, ongietorria emateko.
Euskal Herriko landa-inauteriak
Neguko solstiziotik aurrera, egunak gauari orduak irabazten dizkio eta naturaren esnatzearekin batera hartzak euren gordelekuetatik irteten hasten dira. Hartza, udaberriaren etorrera irudikatzen duen animalia, Errumanian, Sardinian eta, jakina, Euskal Herrian bertan oso presente dago.
Euskal landa-inauteriak neguaren amaiera iragartzen duten folklore-adierazpen zaharrak baino ez dira. Luma eta distiraz betetako desfile handietatik urrun, groteskoan eta arau urraketetan oinarritutako antzinako ohiturak eta erritoak erakusten dituzte. Ezaugarri horiek guztiak gainera, are gehiago nabarmendu ziren Euskal Herria kristautu ondoren. Kontuan izan behar da, inauterien ondoren Garizuma datorrela, plazer mota ororen 40 eguneko murrizketak.
Lurra jotzeko unea da, esnatzeko eta ziklo berri bati hasiera emateko. Euskal kulturaren ohitura sustraituak kristautasunak bereganatu nahian, Santa Agedako ospakizunetara egokitu zituen aurrena, euskal landa-inauterietako lehen adierazpenekin eta Iturengo eta Zubietako joaldunekin batera. Ziklo bat itxi eta beste berri bat hasteko unea da, berritzekoa. Hori dela eta, Euskal Herriko landa-inauterietako ospakizun asko daude, non igarotako urtearen gaitz eta zorigaitz guztiak pertsonaia batengan pilatzen diren. Pertsonaia horiek herriko kaleetan zehar paseatzen dituzte eta plazaraino eramaten dituzte epaituak izan daitezen. Bertan, azkenik, su handietan erre eta garbitu egiten dituzte. Markitos eta Miel Otxin pertsonaien kasua da.
Zoritxarrez, adierazpen kultural eta antropologiko horiek guztiak 1937an debekatu ziren, frankismoa iritsi zenean. Horregatik, euskal landa-inauteri asko 80. hamarkada arte ez ziren berreskuratzen hasi. Gure adinekoen testigantzen laguntzaz eta gazteek ohitura zaharrekin jarraitzeko zuten gogoari esker, alde batetik; eta kultur elkarteek eta auzotarrek egindako ikerketa lanei esker, bestetik. Jantziak, pertsonaiak, dantzak eta antzezpenak... Azken finean, inauteriak ziren bezalakoak berreskuratzeko ezinbestekoak izan ziren.
Euskal herriko inauterietan zehar bidaia antropologikoa
Libertimendua, txantxa, algara eta arau-haustea gustuko badituzu, Euskal Herriko landa-inauterietan zehar bidaiatuko dugu antzinako ohitura, molde eta erritoak deskubritzeko asmoz. Esna dadila behingoz ama lurra, iluntasunetik eta hotzetik urrunduz!
Nafarroako lurretan zehar inaute hitzak esanahi berezia hartzen du, iparraldetik hegoaldera askotariko erritoak egiten direlako. Gainera, Adierazpen kulturala eta tradizioa uztartzen diren egun hauetan, ikazkinak, lastozko gizonak, sorginak, zakuz jantzitako lodikoteak, bide lapurrak edota erraldoiak algaraz eta zalapartaka ibiliko dira karriketan zehar, jaun eta jabe, lurra esnatzeko eta espiritu txarrak uxatzeko asmoz.
Zubieta, Ituren eta Auritzeko joaldunak
Bidaia antropologiko honi Nafarroan emango diogu, Euskal Herriko inauterien egutegian goiztiarrenak, Ituren, Zubieta eta Aurtitzeko joaldunak direlako. Urtarrilaren azken asteburua igaro eta ondorengo astelehen eta asteartean irteten dira. Aurreneko txandan, astelehenean, Zubietatik Iturenerainoko bidea egiten dute. Bigarren txandan, asteartean, Iturenetik abiatu eta Zubietaraino joaten dira, beti ere bi ilaratan eta pauso astunaz desfilatzen.
Joaldunak Euskal Herriko inauterietako pertsonaia bereziak dira, eta gainera, aski ezagunak. Buruan, ttunturro izeneko txano bat eramaten dute, koloretako xingolaz josita. Soinean, Praka urdinak, azpigona haien gainetik eta atorra txuria. Estalki modura, ardi-larruz egindako txalekoa eta eskuan isipua: zaldi-buztanaren ilez egindakoa da eta bidean zehar astintzen dute espiritu txarrak uxatzeko. Baina agian joaldunen ezaugarririk bereziena joareak dira, gerriari lotuta daramatzaten zintzarri erraldoi parea. Desfilatzen dutenean gogor astintzen dituzte Ama-Lurra esnatzeko asmoz eta bitxikeri gisa esango dugu Iturengo, Zubietako eta Aurtitzeko joaldunek era desberdinez jotzen dutela joarea eta hori adi entzunez baino ez dugula jakingo.
Lesakako zakuzarrak
Igande arratsaldez atera ohi dira Lesakako pertsonaia nagusiak: zakuzar izenez ezagunak diren zaku lodikoteak. Desfile desordenatu eta urratzaile batean ateratzen dira, non burla, txantxa, buila eta zalaparta nagusi izaten diren.
Ez da erraza, desfilatuko duen pertsona bakoitzaren jantzia unean prestatzea, lan handia dakarrelako. Jantzia egiteko hiru zaku erabiltzen dira, gorputz-enborra estaltzeko bat, eta hankentzako beste bi. Zaku-ohialez egindako hiru zatiak jantzi ondoren lagun baten laguntzaz latoz betetzen dute, eta jarraian, jostunak josi egiten du. Horretaz gain, aurpegia zapi zuri batez estaltzen dute, ahoa eta begientzako zuloak eginez. Bukatzeko, Buruan lastozko kapela janzten dute eta eskuan ‘pixontzia’, animalien maskuria, eramaten dute bidean topatzen duten edonor alai eta gogor astintzeko.
Goizuetako ikazkinaren muxu beltza
Ikazkinak, Goizuetako iñote pertsonaia nagusiak, badu oinarri historikoa, ikazkin honen inguruko istoria denboran zehar egundaino gorde delako.Goizuetako inauteetako pertsonaia nagusiak Ikazkina eta mozorroak dira: Ikazkina, buzo urdinez jantzita eta zahagi erraldoia bizkarrean lotuta irteten da. Buruan txapela eta aurpegia beltzez zikinduta eramaten ditu. Mozorroak, berriz, txuriz jantzita ateratzen dira, gerriko gorria gerrian lotuta eta txapela gorria buruan dutela. Eskuetan, dantza egiteko makilak eramaten dituzte. Ikazkiña eta mozorroak bitan ateratzen dira kalera: astelehenean, baserriz baserri puska biltze; eta asteartetan, Goizuetako karriketan zehar ikazkinaren istoria antzeztuz.
Nafarroako lurrak eta euren ihoteak deskubritzen jarraituko dugu Unanu herrian, mamuxarroak eta euren maskarak dira protagonista. Antzinako ihote hau urtero berpizten da inauterietako igandean eta inauterietako asteartean. Mamuxarroak eta muttuak, ihote honen pertsonaia nagusiak, Unanuko kaleen jabe egiten dira urtero, hurritz-makila luzeak astinduz eta bizilagunak zein kanpotarrak izutuz. Korri eta jauzi egin ezazu kriskitin hotsen artean, hanka eta oinetan zartada bat eraman nahi ez baduzu.
«Mamuxarro xirri-xarro, zer emango dizut, zazpina uzker afarirako, zata begi gorri, urtian behin etorri»
Unanuko ihoteetan erabiltzen ziren altzairuzko katolak edo maskarak jatorriz hamabi ziren eta haietaz dakigun gauza bakarra zera da, Erdi Aroan sortu eta erabiltzen hasi zirela. Benetako katolak ikusi nahi izanez gero, Unanuko Museoan aurkituko dituzu ikusgai.
Unanutik bide luzea egingo dugu Erratzuraino Amalurra esnatzen jarraitzeko. Erratzuko damak, zuriz jantzitako neska-mutilak, gerriko gorria, koloretako zapia sorbaldetan eta ttuntturro koloretsua buruan jantzita herriko kaleetan zehar abiatzen dira zanbonba (bonbo erraldoiak) joz. Desfileak zanbonben hots, dantza eta algaraz alaitzen ditu bazter guztiak, eta haren inguruan, burrunbari segika, herritar nahiz kanpotar ugari biltzen dira inauteri asteartean.
Tradizioaren arabera, gizonezkoak izan dira desfilean ateratzen zirenak eta urtero janzten zituzten ttuntturroak emaztegaiek berritzen zituzten. Gaur egun desfilea gizonezko, emakumezko nahiz haurrez osatuta dago.
Lantzeko inauteriak
Zalantzarik gabe, Euskal Herrian sona handien duten ihoteak dira. Lantz herria kolorez eta alaitasunez betetzen da inauterietako astelehen eta astearte egunetan, karriketan zehar Ziripot lodikotea, Miel-Otxin erraldoia, txatxoak eta zaldiko korrika eta algaraka dabiltzan bitartean.
Miel-Otxin erraldoia inauterien pertsonaia nagusia da, hiru metro luze neurtzen du eta jantzi eta ttuntturro koloretsuak eramaten ditu. Jira-biraka, besoak zabalik eta irribarrea aurpegian marraztua herriko kaleetan zehar dantza egiten duenean, mundu guztia liluratzen du. Baina kontuz! Ez zaitzala engainatu! Tradizionalki Miel-Otxin deitua izan da inguruko mendietan gaiztakeria asko egiten zituen bidelapur baten oroimenez.
Astelehen inauterian, Miel-Otxin eta Zaldiko ostatuko atetik ateratzen dira kalera eta haien atzetik txatxoak eta Ziripot. Karriketan zehar txantxa eta algara artean ibiltzen dira jendea izutzeraino eta herriko frontoian bukatu ohi dute Lantzeko inauteria musikaren erritmoan dantzatzen. Astearte inauterian, berriz, benetako antzezpena abiatzen da, non Miel-Otxin harrapatua eta zigortua izaten da herriko plazan errez.
Aipatu dugun bezala, Gerra Zibilaren eta Francoren diktaduraren ondorioz galdu ziren inauteriak, jatorri paganoa zuten mota guztietako kultur adierazpenen aurkako berariazko debekua ezarri zelako. Araban, ahalegin eta ilusio handiz berreskuratu dira, Arabako Herri Inauteriak Elkartearen eta bizilagunen laguntzaz. Berreskuratze-prozesu horren adibide bikaina dira Arabako Lautadako landa-inauteriak.
Lastozko gizonaren segizioa Ilarduia, Andoin eta Eginon
Asparrenako, Ilarduia, Egino eta Andoin kontzejuek, 2007an, beren inauteriak berreskuratu zituzten, pertsonaien lanketa eta ikerketa lan neketsuaren ondorioz. Hala ere, antzina herri bakoitzak bere inauteria bazuen ere, biztanle gutxi zituztenez eta inaute-adierazpenen elkarren arteko antzekotasunagatik, gaur egun bateratu da eta ospakizun bakarra egiten da hiru udalerrietan zehar.
Ibilbidea Ilarduian hasten da, Eginora jarraitzen du eta Andoinen bukatzen da. Lastozko gizona gurdi batean eramaten dute kalez kale segizio zaratatsua duelarik. Eginon geldiunea egiten dute dantza egiteko eta txokolate beroa edateko. Andoingo plazaraino jarraituko dute gero lastozko gizona epaitzeko eta erretzeko urtean zehar gertatutako gaitz eta ezbehar guztiengatik.
Markitos, gaitz guztien erantzule Zalduondon
Zalduondoko Markitos Arabako inauteri adierazpen ezagunena da eta inori ez zaio arrotz egiten. Inauteri igandean, goizeko hamaikak aldera, abiatzen da ikuskizuna. Markitos, traje beltzez, gorbata eta lorez egindako lepokoa jantzita aterako dute kaleetan zehar asto baten gainean, Lazarraga jauregi aurreko plazaraino iritsi arte. Markitos astotik jaitsi eta 6metroko makil baten puntan ezarriko dute. Orduak pasa beharko ditu Markitosek bere amaierako epaiketa izan arte. Egingako minak eta sortutako ezbeharrak plazan irakurri ondoren sutan erretzera kondenatuko dute.
Arrianoko amona, Kuartangoko inauterien sinboloa
Gauak egunari orduak irabazten dizkion bitartean, lurra esna dadin eskatzeko garaia iristen da. Horregatik, Arabako Kuartango bailaran kalez kale, koplak kantatzen dituzte eta udaberriaren etorrera iragartzen dute. Kuartangoko inaute adierazpen hau oso berezia da, bertan, Agate deunaren motako koplak kantatzen diren bitartean, inaterietako pertsonaiak agertzen direlako: artza, errautsa banatzaileak edota maskarak eta nola ez, Kuartangoko pertsonaia nagusia: Arrianoko amona da.
Tolosako inauteriak edo Udaberri Festaren loratzea
Gipuzkoan dauden inauteririk ezagunenak, zalantzarik gabe, Tolosako inauteriak dira. Inauteri hauek, landa-inauteriak izan gabe, adierazpen kultural garrantzitsua eta historikoa dira eta gipuzkoarren artean oso maitatuak direla esan behar da. Tolosa herria izanda, hiri baten garrantzia hartzen du inauteri egunetan. Urte osoan zehar prestaturiko jantziak, karrozak eta tramankuluak aterako dituzte kalera tolosarrek, zein baino zein argiago. Aipatzekoa da, Inauteri hauek etengabe atera direla kalera. Frankismo garaian udaberri festa izenarekin debekuei aurre egitea lortu zutelako.
Abaltzisketako Txantxoen malkil-dantzak
Berezienen artean, ordea, Abaltzisketako txantxoak ditugu. Goizetik abiatzen da hamaika laguneko koadrilla, baserriz baserri, puska biltze. ‘Makil txiki’ dantza dantzatu aurretik, mozorro batek baserriko ezkaratzea garbitzen du. Ikusgarriak dira dantzak, bai eta soinean daramatzaten mantoi koloretsuak.
Oiartzungo ihoteak intxixu eta sorginen artean
Frankismo garaian galdutako adierazpena berreskuratu nahian ibili da Oiartzun herria urte askotan eta lan horren fruitua dira gaur egungo ihoteak.
Oiartzungo Ihoteetan bi pertsonaia nagusitzen dira: intxixuak eta mendiko sorginak. Zortzi intxixuak, auzo bakoitzeko bat, eta sorginak herriko kaleetan barrena ibiltzen dira plaza hartzen duten arte. Ondoren, suaren inguruan dantzatu eta herritarrekin jolasten dute. Inauteri herrikoi, ikusgarri eta jende askoren jakin-mina bere inguruan biltzen duena.
Segurako hartzaren esnaera
Nafarroan Arizkungo hartza ezaguna den bezala, Gipuzkoan, Segurako hartza dago. Hartza esnatu eta Aizkorri menditik Segurako kaleetara jaisten da herritarrengana hurbilduz eta ikaratuz. Baina artzainak kate motzean loturik dauka eta tira egingo dio bere nahiak zapuztuz. Hartzaren inguruan uxatzaileak ibiltzen dira euren bidean topatzen duten edonor maskuriaz jotzeko prest. Ibilbidearen hainbat unetan, gainera, jorrai-dantza dantzatzen dute gazteek eta giro ezin hobea izaten da herrian.
Duela 20 urte berreskuratu zela inauteri ohitura hau, Ostiral Mehea egunean hartzaren esnaera ospatuz.
Mundakako atorrak eta lamiak
Mundakako aratusteak Bizkaiko inauteri arrakastatsuenak dira, agian mundakarrek intentsitate handiz bizi dutelako ospakizuna.Gogoan hartu behar dugu Atorren jatorria ezezaguna dela eta euskal folkloreko pertsonaiarik zaharrenetakoak direla. Euskal Herriko inauteri askoren kasuan bezala, diktadura garaian erdi ezkutuka ospatu ziren; gaur egun, ordea, loraldi berri bat bizitzen ari dira.
Igande inautean, goiz goizetik atorrak kalera irteten dira. Atorra eta gonazpi zuri soinean daramatzate, eta antzina aurpegia estaltzen zeramaten oihala gaur egun buruan tolestua daramate debeku zahar baten aginduz. Atorrak ez dira pertsonaia pasiboak, ordea, akordeoi eta mandolinaz lagunduta urtero1949. urtetik gero eta luzeagoa den abesti zerrenda abesten dutelako kaleetan zehar. Kantutegi horietako kantaren bat, gainera, Lamiei dedikaturik izan ohi da.
Baina nortzuk dira Lamiak? Diktadura ostean, Atorrei kontrapuntua jarriz, emakumezkoen ahotsa eta presentziari lekua ematen dion pertsonaia sortu zen: Lamia, beltzez jantzitako pertsonaia da eta Mundakako karrikak kantu eta talde andanak algaraz alaituko du atorrekin bat egin arte. Orduan, Herri maitea kanta elkarrekin abesten dute Mundaka herriari eskainiz.
Euskal Herrian zehar neguko bidaia magikoa abiatzen da Ituren eta Zubietako joareen hotsarekin batera eta herriz-herri zabalduko da Amalurra esnatzeko eta udaberrirantz bidea jorratzeko beharra. Horrela, Euskal inauterietan zehar bidaiatzea erabakitzen duenak Amalurra esnatzeko hamaika era deskubrituko ditu, zein baino zein bitxiagoa: artzen esnaerak, pertsonaia mitologikoen etorrerak, epaiketak, kantuak eta txantxak edota pertsonaia zitalak eta maltzurrak...Den-denak geure inauterien adierazpen. Bidaia ez da berehala bukatuko, ordea, oso bereziak diren bi adierazpen kultural amaiera markatzen dutelako: libertimenduak eta maskaradak. Jaso gogoan horiek ere bisitatu beharrekoak eta gozatzekoak baitira.


