Zuzenean

Frankismoan bortxazko lanak pairatu zituzten preso errepublikanoen senideek beste urrats bat egin dute egia, justizia eta erreparazioaren bidean. Espainiako Estatuko instantzia judizial guztiek kereilak artxibatu ondoren, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordera jo dute, gertatutakoa gizateriaren aurkako krimen moduan har dadin eskatzeko.
Auziaren inguruan mintzatu da NAIZ Irratian Sabino Cuadra abokatua eta CEAQUAko kidea. Azaldu duenez, 2020an aurkeztu zuten lehen kereila Agoitzeko Epaitegian, frankismoak 1939tik 1941era bitartean 2.000 preso baino gehiago esklabo gisa erabili zituela salatzeko, baldintza ankerrenetan. Hala ere, epaitegiak krimenak preskribatuta zeudela argudiatuta artxibatu zuen auzia.
Cuadrak azpimarratu du kereila ez dela familien ekimen isolatua izan, babes instituzional eta sozial zabala izan duela. «Nafarroako Parlamentuaren babes osoa izan du, sindikatu guztiena, eta hainbat udalek ere adierazpenak onartu dituzte; gizarteak argi adierazi du gizateriaren aurkako krimen baten aurrean gaudela», azaldu du.
Hala ere, Memoria Demokratikoaren Legeak aitortza jasotzen duen arren, Cuadraren esanetan, justiziaren ateak itxita jarraitzen dute. «Legeak errekonozimendu ofiziala ematen du, baina biktimak epaitegietara joaten direnean, preskripzioa eta amnistiaren legea aplikatzen dituzte; lege horrek ez du egoera aldatu», salatu du.
Gainera, legeak berak baztertzen du edozein konpentsazio ekonomiko: «espreski jasotzen du errekonozimendu horrek ez duela ordain ekonomikorik ekarriko, eta horrek talka egiten du nazioarteko zuzenbidearekin».
Horregatik guztiagatik, senideek nazioarteko bidea hartu dute. Cuadrak adierazi du, «Espainiako Estatuak nazioarteko hitzarmenak sinatu ditu, baina ez ditu betetzen; inpunitatea da nagusi, eta hori eten beharra dago». Gaineratu du, Nazio Batuen Erakundeko errelatoreek behin eta berriz adierazi dutela «frankismoaren krimenak preskribaezinak» direla.
Orain, itxaropena Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordean jarrita dute, bertatik etor daitekeen ebazpen batek Espainiako Estatuari presioa egin diezaiokeelako, frankismoaren krimenak aitortu eta zigorgabetasunarekin amaitzeko.


