Zuzenean

Peli Lekuona | Lander Martinez
Elkarrizketa
Xabier Alcuaz
Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria

«2026ari begira etxebizitza da erronka handiena, eta horretan jorratuko dugu denbora gehiena»

2026. urtean etxebizitza izango da Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren helburu nagusia. Egun bizi den egoeraren aurrean nola jardungo duten jakiteko, Xabier Alcuaz federazioko presidentea eta Tafallako alkatea NAIZ Irratian izan da.

Audio_placeholder

«2026ari begira etxebizitza da erronka handiena, eta horretan jorratuko dugu denbora gehiena»

Loading player...
Xabier Alcuaz, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria
Xabier Alcuaz, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak lurraldeko toki entitateak biltzen ditu, besteak beste bertan ematen diren arazo eta erronkei konponbidea bilatzeko. Pasa den urtean despopulazioan jarri zuten begirada, eta aurten, etxebizitzaren afera jarri dute beren jardunaren erdigunean. Xabier Alcuaz, Tafallako alkatea eta federazioko lehendakaria, NAIZ Irratian izan da pasa den urteko jardunaren berri eman eta aurtengo erronkei aurre nola egingo dioten azaltzeko.

Alcuaz baikor agertu da 2025ean egindako lanarekin, honen esanetan «2025a urte potentea izan da federazioaren arloan, gai asko genituen mahai gainean eta horiei aurre egin diegu. 2026ean lehen erronka etxebizitzaren gaia da, eta esparru horretan jardungo dugu urtearen denbora dezente». Tafallako alkateak despopulazioa eta etxebizitzaren afera oso lotuta dauden arazoak direla nabarmendu du, elkar eragina baitute.

Despopulazioan fokua

Pasa den urteko lanaren harira, despopulazioa izan zutela ardatz azaldu du federazioko lehendakariak. «2025ean despopulazioaren inguruko parte-hartze prozesua eraman genuen aurrera federaziotik. 162 hautetsi eta 113 toki entitatek hartu genuen parte, eta bertan Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari pasa genion txostenean 74 neurri zehatz jaso genituen despopulazioari aurre egiteko».

Federazioak eskumen exekutiborik ez duen arren, Alcuazek erakundeak egiten ari diren despopulazioaren aurkako legean eta landa garapenerako legean proposatutako 74 neurriak aintzat hartzeko eskatu die erakundeei, baita arlo berean egiteke dauden legeetan ere. Federazioko buruak, Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak neurri horiek begi onez jaso zituztela gaineratu du.

Alkatearen esanetan «74 neurri horiek gai asko lantzen dituzte, baina batez ere garraiobideei, komunikabideei eta etxebizitzari eragiten diete».

Etxebizitza, erronka berria

Alcuazek aurtengo jarduna gehienbat etxebizitzaren egoerak bizi duen arazoaren inguruan egingo dutela azaldu du, eta federaziotik lan hori egitea funtsezkokoa dela azpimarratu du: «gure apurra jarri dezakegu etxebizitzaren arazo konplikatu hau konpontzen laguntzeko».

Besteak beste, etxebizitza hutsetan edota bizitzeko baimenik ez duten eraikinetan jarri dute begirada. «Argi dugu etxebizitza hutsen arazoa oso larria dela, baita despopulazioa pairatzen duten eremuetan, eta horretararako ordenantza eredu bat egin nahi dugu 2026. urtean, modelo bezala izan dezaten bai herri txikiek baita handiek ere arazo honi konponbidea emateko».

«Bada etxebizita hutsak zergapetzeko ordenantza eredu bat. Azken urteetan Nafarroako Gobernuak arau aldaketa asko onartu ditu, eta horietako bat da etxebizitza hutsei zergak jartzea udaletan. Horren haritik federazioak egin nahi duena da ordenantza modelo bat eta toki entitate guztietara pasa, hori aplikatzeko».

Bestalde, pasa den urtean aurkeztutako 74 neurrien artean, etxe zaharrei eta bizigarritasun-zedula ez dutenei erabilera ematea jasotzen dela nabarmendu du Alcuazek, «etxebizitza horiek birgaitzeko eta jendea han bizi ahal izateko».

Eremu tentsionatu gehiago

Etxebizitza irisgarria eskuratzeko garaiotan, alokairuen kostua muga nabarmena dela azaldu du Alcuazek, horregatik, tentsionatutako eremuak lurralde osora luzatzeko aldarria egin du.

«Nafarroan 21 herri handienetan tentsio eremua ezarri da, baina federaziotik gure ustetan, Nafarroa osoan jarri beharko litzateke neurri hau, etxebizitzaren arazoa Nafarroa osora iristen delako».

Gogoan izan behar da pasa den urteko erdialdean 21 udalerri horiek Merkatu Tentsionatuko Eremu izendatu zituztenetik, alokairua %8,6 jaitsi dela udalerri horietan, eta bitartean etxebizitza eskaintza egonkor mantendu dela.

Elizaren inmatrikulazioak

Elizaren inmatrikulazioetan ere jarri dute begirada Nafarroako Udal eta Kontzeju Federaziotik. Jada 2025ean honen inguruan lanean aritu ziren, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Hitzarmen baten bitartez, ikerketak abian jarri zituzten udalerri desberdinetan elizaren jabetzako lurrek eta eraikinek jatorri publikoa edo komunala zuten jakin eta aukera izanez gero horiek berriro jatorrizko egoera horretara itzultzeko.

Alcuazen esanetan «ondare publikoa eta herrikoa defendatzea da toki entitateen eskumen bat, eta pasa den urtean Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen bat sinatu genuen, hain zuzen ere, elizak inmatrikulatu zituen herri ondasun horiek ikertzeko. Gaur gaurkoz, 152 toki erakundek egin dute bat hitzarmenarekin; pasa den urtean 26k egin zuten bat hitzaremenarekin, eta orduan amaitu zen ikerketa hori. Orain hitzarmena berritu behar dugu gobernuarekin, ideia ikerketekin jarraitzea da».

Federazioko lehendakariak azaldu duenez, ikerketak bere fruituak ematen ari dira, pixkanaka bada ere. «26 toki erakunde horietatik 9 esparru identifikatu dira arlo juridikoan jarraitu ahal direnak, publiko edo komunal bilakatzeko, eta horren baitan orain toki erakundeei dagokie lanean jarraitzea. Nafar gobernuarekin hizketan gaude ea nola egin ahal diogun aurre honi, eta toki entitate horiek aurrera jarraitu nahi badute prozesuekin federazioaren laguntza osoa izango dute».

Jaurlaritza Logoa