Zuzenean
MATER Ontzi Museo Ekoaktiboa duela hogei urte baino gehiago jaio zen, 2001ean Pasaian. Izaskun Suberbiola, elkarteko zuzendariaren esanetan «Pasaiakoak gara, Pasaia dugu gure bihotzean, eta Pasaia beti, atzo eta gaur, beti itsasoari lotuta izan da. Itsasoa bihotzean izanda, itsasoarekiko begirada hori zabaltzeko, ezagutzeko eta batez ere babesteko sortu zen».
Helburu horiek betetzeko itsasontzi baten bila hasi zirela azaldu du Suberbiolak, eta hor topatu zuten Mater itsasontzia. Garai horretan ontzia desegiteko prozesuan zirela azaldu du eta hori babeste nahi zutela azpimarratu du. «Ontzia egurrez eraikitako azken euskal atun-ontzi handia zen. 90ean eraiki zen eta 2003an euskal flotaren eraldaketa handia izan zen: egurrezkoak izatetik txapazkoak izatera pasa ziren.»
«Gure itsas ondarea berreskuratzeko, babesteko eta ezagutzera emateko gure tresna garrantzitsu bezala hartu genuen». Egun museoko langileak dira ontziko tripulazioa, zuzendariaren esanetan «tripulazio ekoaktiboa» dira.
Ingurumen krisia
Suberbiolak MATER Ontzi Museo Ekoaktiboa egun dagoen ingurumen krisiaren aurrean lan egiteko tresna bat dela azpimarratu du, euskal ondarearen parte izateaz gain. Ez direla Pasaiara mugatzen azaldu du eta egun euskal kostaldean eta Kantauri itsasoan itsasoaren zaintza sustatzen duten jarduerak egiten ari direla nabarmendu du.
«Gu ingurumen hezitzaileak gara eta daukagun erronka honetan, naturak dituen mugei egokitzeko saiatzen gara bai pertsonak baita erakundeak ere laguntzen». Ingurumen hezkuntzan hainbat proiektu abian dituztela azaldu du ontzi museoko zuzendariak, eta edonori prestatzen dituzten ekintzetan parte hartzeko deia luzatu dio.


