Zuzenean

Malen Frantsesena Arnaiz

«Berriztagarrien moda honek, gehiegi luzatuta, berrizta-ezineko lurrak utziko dizkigu betiko»

MAKROPROIEKTU EOLIKORIK EZ! REPSOL KANPORA! lemapean, elkarretaratzeak egin dituzte ostegun honetan Hernanin eta Oiartzunen. Eta honen inguruan gehiago jakiteko, ZEBRABIDEAN izan dira 'Bianditz-Domiko Bizirik' herri-ekimeneko Kepa Olaiz, eta 'Urumeako Mendiak Bizirik' taldeko Erramun Galparsoro.

«Berriztagarrien moda honek, gehiegi luzatuta, berrizta-ezineko lurrak utziko dizkigu betiko»

Loading player...
Kepa Olaiz eta Erramun Galparsoro
Kepa Olaiz eta Erramun Galparsoro (NAIZ)

‘Makroproiektu eolikorik ez! Repsol kanpora!’ lemapean elkarretaratzeak egin dituzte Lintziringo Repsol gasolindegian (Oiartzun) eta Txillida-Lekuko Repsol gasolindegian (Hernani). Hau ordea aspalditik datorren kontua da, eta honen inguruan gehiago jakiteko Arrosa Sareko ZEBRABIDEA magazinean izan dira 'Bianditz-Domiko Bizirik' herri-ekimeneko Kepa Olaiz, eta 'Urumeako Mendiak Bizirik' plataformako Erramun Galparsoro.

Azaldu dutenaren arabera, Oiartzungo lurretan, Oiartzun ibaiak ezartzen duen bailaran mendebaldetik ekialdera argindarra garraiatzeko goi tentsioko lau linea daude egun, eta horiek gutxi balira, beste bi lerro egiteko asmoa du Repsolek.

Domiko izeneko proiektuaren barruan Lesaka, Goizueta eta Oiartzun arteko mendialdean 12 aerosorgailu egin nahi ditu, eta horietan sortutako energia Gurutze auzoko Arkaleko azpiestaziora eraman nahi du zutabe handiko lerroaren bidez.

Bigarren proiektua, Erreka izenekoa da, eta Mandoegiko gailur lerroan (Arano, Goizueta, Hernani, Urnieta, Berastegi eta Elduaingo udalerrietan) beste hamabost aerosorgailu egin nahi ditu, eta han sortutako energia ere Arkaleko azpiestaziora joango litzateke goi tentsioko beste linea baten bidez, 21 kilometrokoa, eta 68 dorreko azpiegiturarekin.

Honen aurrean bi herri-ekimenek makroproiektu hauek geratzea eskatzen dute, egitasmo hauek ingurumenean zein herritarren bizi kalitatean eragina izango duten honetan.

«Berriztagarrien moda honek, gehiegi luzatuta, berrizta-ezineko lurrak utziko dizkigu betiko»

Jaurlaritza Logoa